Prestigio galera da aseguru etxeen bazka

Amaia Bacigalupek nabarmendu du osasun sistema publikoak ezin duela funtzionatu lehen arretarik gabe. Hala ere, prestigioa galdu du. Zergatia azaldu du Juan Simok: «Lehen arreta alboratuta, irtenbide pribatua ematen dio ‘statu quo’-ak erdiko klaseari».

Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak iaz deituriko manifestazioa, Bilboko Otxarkoaga auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak iaz deituriko manifestazioa, Bilboko Otxarkoaga auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Osasun sistema publikoak ezin du funtzionatu lehen arretarik gabe. Hori da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeko zuzendari Amaia Bacigaluperen tesia: «Gureak, osasun sistema nazionala deitzen denak, osasun sistema publiko gisa ezagutzen dugunak, ezin du bizirik iraun ezpada atezain moduko bat daukalako sistema osoari koherentzia eta gastuari dagokionez eraginkortasuna edo efizientzia ematen dizkiona. Ezin du funtzionatu beste modu batean». 

Izan ere, lehen arretak «sostengatzen» du osasun sistema publikoa, Bacigaluperen esanetan. Hala ere, prestigioa galtzen ari da. Zer dela eta? Juan Simok urte asko daramatza Iruñeko Arrotxapea auzoko osasun zentroan lanean, eta beta atera du horren inguruan hausnartzeko. Bere gogoeten abiapuntua hau da: «Mendebaldeko gizarteetan, prestigioa goi klaseak eta erdiko klaseak ezartzen dute». Klase sozial horiek prestigioa aseguru pribatuei eta osasungintza pribatuari ematen diete, Simoren arabera: «Lehen arreta alboratuta, irtenbide pribatu bat ematen die statu quo-ak erdiko klaseari eta goi klaseari. Ondorioz, prestigioa duena osasun arta pribatua da, eta ez lehen arreta».

Hego Euskal Herrian ohikoa da langile publikoek osasungintza pribatura jotzea; batez ere, administrazio publikoak diru publikoz finantzatzen dizkielako aseguru pribatuak. «Anomalia bat da. Espainiako Estatuan bi milioi langile publiko baino gehiago dira: gizartearen gehiengoa baino errenta eta hezkuntza maila handiagoa dute», azaldu du Simok. Erdiko klasearen zati handi batez ari da Simo.

Gainera, zergen bidez ere bultzatu egiten da aseguru pribatuak erostea, eta Simok azaldu du horrek erosten dutenei baino ez diela mesede egiten; «batezbestekoak baino errenta eta ikasketa maila handiagoa dutenei», alegia. Lehen arretaren «mamigabetze soziologikoa» eragin du horrek guztiak, Simoren ustez: «Gutxinaka-gutxinaka abandonatzen joan dira. Goi klaseak ez zuen inoiz aintzat hartu, baina erdiko klasearen zati gero eta handiago bat ari da lehen arreta abandonatzen».

Izan ere, Eustaten arabera, 2022an Bizkaiko herritarren %30,6k zuten osasun aseguru pribatu bat; duela bi hamarkada, bizkaitarren %20 inguruk zuten. Arabarren ia %18k dute osasun aseguru pribatu bat, eta gipuzkoarren %13 pasatxok. Bi lurralde horietan ugaritu egin dira kontratazioak, baina ez Bizkaian bezainbeste. Nafarren %11k dute aseguru pribatua kontratatua.

Erdiko klasearen presioa

Horregatik guztiagatik, Simok argi du lehen arretak zer behar duen: «Lehen arretak erdiko klasearen presioa behar du, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Ez naiz ari soilik politikariei eskariak egiteaz. Adibidez, zentzurik ba al du irakasle batek aseguru pribatu bat izateak? Zer erakutsiko diete gure haurrei osasungintza publikoaren garrantziaz?».

Mamigabetze soziologikoa lehen arretak jasaten badu ere, ospitaleak libratu dira, Simoren ustez: «Ospitale publikoa unibertsala da teorian eta praktikan, klase sozial guztiek erabiltzen dutelako. Lehen arretarekin ez da gauza bera gertatzen, inolaz ere». Horren atzean gaur egungo gizartearen joerak daudela azaldu Bacigalupek: «Berehalakotasuna». Susmo baten berri eman du: «Inkesta batek herritarrei galdetuko balie ea lehen arretako medikuarenetik pasatuko ote ziren zuzenean espezialista batengana joateko aukera izanda, zer erantzungo lukete? Gehiengo batek ezetz esango luke».

Horregatik, lehen arretak herritarren osasunean daukan eragin handia eta garrantzia nabarmendu behar direla adierazi du Bacigalupek, eta gaineratu du lehen arreta duin batek inbertsio egokia behar duela: «Lehen arreta ez da oinarritzen teknologia garestian, baina baditu narratiba, hitza, medikuaren eta pazientearen arteko gertuko harremana eta bestelako balioak. Mediku batek sei minutuko kontsultak izateko, dirua behar da. Horri guztiari espazioa ematen badiogu, lehen arretak potentzialtasun guztia azalduko du».

Gainera, Bacigalupek nabarmendu du lehen arretak gaitasuna daukala osasunean dauden gizarte desberdinkeriak apaltzeko: «Lehen arreta oso zabalik dago, eta arreta ona ematen die gizarte desberdintasunak gehienbat pairatzen dituzten biztanleei. Horrek osasun desberdintasun horiek apaltzeko gaitasun handia dauka. Beste osasun sistema ereduetan, hori ez da gertatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.