Iriartek «deszentralizazio orokorra» defendatzen du Euskal Elkargoko lehendakaritzarako lehian

«Hautetsiak proiektuen erdigunean berriz ezartzeko beharra» azpimarratu du, baita Ipar Euskal Herriko aktibitate ekonomikoa barnealdera hedatzeko presa ere. Hitzeman du Hiriburuko auzapezgoa utziko lukeela Elkargoko lehendakari izendatuko balute.

Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza aurkezten, gaur goizean, Hiriburuko mediatekan. PATXI BELTZAIZ
Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza aurkezten, gaur goizean, Hiriburuko mediatekan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
HIRIBURU
2026ko apirilaren 7a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Hirigune Elkargoa garatu nahi dut: hautetsiekin lehenik, eta gizarte zibilarekin gero. Dosier konplikatuek ez naute beldurtzen». Deliberaturik mintzatu da Alain Iriart, Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza prentsara zehazteko aurkezpenean. Berea «proiektu» hautagaitza bat dela adierazi du, «dogmatismotik urrun» egon nahian. Ezkerreko abertzalea da Iriart, baina argiki erran du bera ez dela «talde politiko baten lemazaina», eta «lurraldeko hautetsi baten desmartxa pertsonala» dela bere hautagaitza.

Larunbatean izanen dira bozak, eta hiru hautagai aurkeztuko dira Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeak ordezkatzen dituzten 232 hautetsien aitzinera: Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta orain arteko lehendakaria, Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) auzapez eta EAJko kidea, eta Iriart, Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kidea.

Euskal Elkargoaren lana nola bideratuko lukeen aurkezteko, prentsaurrekoa egin du goizean Iriartek. Lehenik, hitzeman du Hiriburuko auzapezgoa utziko lukeela Elkargoko lehendakari izendatuko balute, «postuaren garrantziaz eta zailtasunaz kontziente».

Eta, gehien errepikatu duen ideia, agian, «deszentralizazio orokor» batena izan da: deszentralizazio politikoa, administratiboa, ekonomikoa... Lapurdiko kostako «tentsio egoera» behin aipaturik, azaldu du ezen, bere ustez, ezinbestekoa dela Ipar Euskal Herriko biztanleria barnealderago gehiago barreiatu ahal izatea. Proiektu horietaz mintzatzeko, eta kanpaina egiten ari delako, 120 bat herritako hautetsiekin mintzatua da jadanik Iriart, eta falta zaizkion herrietatik pasatzekoa da aste bukatu aitzin.

Hautetsiei botere

2020ko hauteskundeen ondotik, jadanik, Iriart prest agertu zen lehendakarigai izateko, baina EH Baik bidea moztu zion, eta Etxegarairen figurarekin segitzea lehenetsi zuten ezkerreko abertzaleek. Azkenerako, Baionako auzapeza izan zen hautagai bakarra; aitzinetik ere bera zen, 2017an Elkargoa sortu zenetik. Etxegarairen agintaldien bilana egiteko momentuan, errespetuz mintzatu da Iriart, baina, erran duenez, «proiektu desberdina» dute biek, eta hori kudeaketari begira, lehen-lehenik: «Hautetsiak proiektuen erdigunean berriz ezartzeko beharra bada; horretarako ardurak eman behar zaizkie berriz, lehengo lurraldekako poloetan ziztuzten bezala».

Horrekin, etxebizitzaren arazoa aktibitate ekonomikoen kokagunetik landu nahi luke berak: «Baina akitibitate ekonomiko bat plantatzea ez da aski; erakargarria izateko, behar dirua inbertitu beharko da gune horietan, zerbitzu publikoetan, kultur guneetan... Alde horretatik, lehentasunetan da Akamarreko aktibitate gunea irekitzea [Nafarroa Beherea], eta, beste hogei itxaron beharrean, bost urteren buruan egina izan dadila. Herri horiek indarrak egiten dituzte gune berriak sortzeko: guri doakigu orain indarrak egitea».

Etxebizitzari eta ekonomiari mugikortasunaren gaia gehitu die bere ustez Elkargoaren gai nagusiak hartzen dituen lehentasunen zerrendan, «dena bat» baitoa.

Etxebizitza, nola?

Transizio ekologikoari begira Elkargoak aski betetzen ez duen rolaz ere mintzatu da: «Bai, etxebizitza gehiago behar ditugu, baina hori ezin da egin laborantza edo natura lurren kaltetan. Horiek ezin ditugu hunki. Marieneko kasua gure zailtasunen sinbolo da: gehiago eraiki behar izatea —eta bereziki etxebizitza sozialak—, baina lurrik ez ukaitea. Halere, argi izan behar dugu: lur horietan ezin dugu eraiki».

SRU legea ere aipatu du, hiri handienetako etxebizitzen %25 etxebizitza sozialak izatea agintzen duena. Zenbait hautetsik zalantzan ezarri dute lege hori, ezin delakoan bete. Halere, Iriartek berak kudeatzen duen hiriaren adibidez hartu du: hogei bat urtez, «etxebizitza sozialak %4 izatetik %19 izatera pasatu baitira». Orduan, %25 oraino beteak ez izanik ere, berak uste du, izatekotan, «legea berriz lantzekoa» litzatekeela, baina ezin zaiola etxebizitza soziala eraikitzeko beharrari ihes egin; gainera, «baliabide gutien duen jendeari teilatua ukaitea ahalbidetzen baitie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA