Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesekin elkartu ondoren, Joseba Diez Antxustegi EAJko Eusko Legebiltzarreko eledunak esan du bilera sorta horrek erakusten duela politika «beste modu batera» egin daitekeela, eta Eusko Legebiltzarreko giroa Espainian bizi den «muturreko polarizazioarekin» alderatu du, eta azpimarratu «etengabeko irainak» egon direla PSOEren eta PPren artean, «suak beren lurraldea erretzen zuen bitartean». Aitzitik, Pradalesek liskar horietatik ihes egitea hautatu duela esan du. «Martxan dagoen eta norabide argia duen gobernu baten buru da, eta elkarrizketarako bokazioa du eztabaida alderdikoi zentzugabeei aurre egiteko. Bilera sorta honek argi uzten du hori».
Bozeramaile jeltzalearen aurretik, EH Bilduko eledun Pello Otxandiano atera da prentsaren aurrera, Pradalesekin bilera amaitu eta gero. Hark «herri akordioak» eskatu dizkio Jaurlaritzako lehendakariari, eta «marra gorriak ez ezartzea» estatus politikoaren negoziazioan. Otxandianok jakin nahi du Pradalesen borondatea benetakoa ote den akordio zabalak egiteko asmoa plazaratzen duenean, «eta ez antzezpen hutsa».
Bada, Diez Antxustegik erantzun dio itunak «hitzez eskatu beharrean, ekintza bidez eskaintzeko». «Akordio batzuk gehiengo kualifikatuak» behar dituztela erantsi du, eta EAJk espero duela EH Bilduk «orain arte baino borondate handiagoa» agertuko duela herri akordioak egiteko. Euskararen inguruan ere herri akordio bat behar dela esan du, «euskarak zailtasunak baititu gaur egun».
Pradalesen esker ona
Edonola ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egonkortasuna nabari du eledun jeltzaleak. Munduan dagoen ziurgabetasun handia aipatu du, eta berehala azpimarratu Eusko Jaurlaritzak «egonkortasun handia» ematen diela herritarrei, Eusko Legebiltzarrean gehiengo bat baitago gobernatzeko, eta hori «oso garrantzitsua» baita ekonomiarako, «eta, beraz, enpresentzat eta familientzat ere bai».
Diez Antxustegik ziurtatu du Jaurlaritza lerrokatuta dagoela «gizartearen lehentasunekin». «Erantzun ausartak» ematen ei ditu «konplexuak diren gaietan». Erantsi du ez dagoela errezeta errazik egungo erronka nagusiei aurre egiteko: hezkuntza, etxebizitza, osasuna.... Baina EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak «norabide argi bat» duela helarazi du, «eta proposamen zehatzak».
Bilera sorta amaituta, Pradalesek balorazio labur bat egin du. Alderdiekin informazioa eta iritziak trukatzea mesedegarria dela esan du, eta alderdi guztiek elkarrizketarako erakutsitako «jarrera ona eskertu» du. Voxek ez du parte hartu. Amaitzeko, esan du ikasturte honetan ere «Euskadiko giro politikoaren ezaugarri nagusia elkarrizketa» izango dela, eta entzutea ere bai, haren arabera, «herritarren bizitza hobetuko duten akordioak lortzeko oinarri» direlako ezaugarri horiek.