Ana Belen Otero Ongizate sailburuordearen dimisio eskaria onartu du Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak. Eldiario.es agerkariak eman du horren berri, gaur arratsaldean, eta adierazi du «arrazoi pertsonalak» aipatu dituztela gobernuko iturriek. Sailburuordeak urtebete baino gutxiago zeraman karguan.
Eldiario.es-en arabera, gobernu kontseiluak asteartean onartu zuen haren dimisioa. Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, ordea, ez zuen dimisioa jakinarazi gobernu bilera osteko prentsaurrekoan, eta haren ingurukorik ere ez zuten jaso bilerako erabakiak biltzen dituen txostenean. Izan ere, gobernu kontseiluaren gai ordenatik kanpo aztertu zuten kargua uzteko Oteroren eskaera. Litekeena da bihar argitaratzea EAEko aldizkari ofizialean.
Nerea Melgosak zuzentzen du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila, eta haren bigarrena zen Otero. 2024ko azaroan hartu zuen kargua; aurrez, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria izan zen bost urtez. Jaurlaritzak ez du iragarri nork ordezkatuko duen karguan.