Abortatzeko eskubidea urratzen duten neurri zein posizionamendu erreakzionarioei aurre egitea, eta doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izanen den abortuaren alde egitea. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak bi ardatz horietan oinarritzen du abortu eskubidearen aldeko borroka. Elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizen, asteon zabaldutako epai bati lotuta: hain zuzen, Askabide klinikaren aitzinean abortuaren kontra biltzeagatik epaitutako 21 pertsonak absolbitu ditu Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak.Â
Epailearen erranetan, otoitz egiteko bildutakoak ez zitzaizkion inori jazarri, eta ez zioten inori oztopatu abortatzeko eskubidea. Itaiaren erranetan, ordea, protesta egiten zutenen helburu bakarra argia da: «Emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea». Horren aitzinean epaitegiek eta poliziek duten jarrera kritikatu du antolakundeak, eta erran dute horiek hartutako neurriek emaztekiei ez dietela mesederik egiten: «Izan ere, emakumeon interesen aurka, gure babesa eta ongizatea alboratu dira; are gehiago kontuan izanda abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa eta presio soziala. Eta, gainera, azken sententzia horri esker, protestak are lasaiago eta inpunitate osoz aurrera eramateko baldintzak ezarri dira».
Salatu dute, gainera, osasun sistema «interes ekonomikoen menpe» dagoela: «Osasun sistema publikoan eman zitekeen zerbitzua kanpora atera eta enpresa pribatuek eramaten dute aurrera, Osakidetzak finantzatuta. Emakumeon osasunaren kontura etekin ekonomikoak lortzea helburu duten enpresak diru publikoaren bidez ari dira poltsikoak betetzen». Horrek, Itaiaren irudiko, kalitatezko zerbitzua ematea galarazten du, eta unibertsala izatea eragotzi.
Hortaz, ezinbertzekoa zaie abortatzeko eskubidearen aldeko borroka lehen lerrora eramatea. «Zerbitzu publikoen desegiteari eta pribatizazioari aurre egiteko, beharrezkoa da hartutako neurrien gabeziak seinalatzea, paper errea baitira, eta errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun sistema amaiaraztea», borobildu dute.Â
«Inpunitatea»
Gasteizko mugimendu feministak, berriz, ohar bidez egin ditu adierazpenak, eta salatu du sistema judizialak ez dituela emakumeak babesten. «Ez gara sententzia punitibisten eskaeretan eroriko, baina epai honek beste behin inpunitatea eman die gure gorputzak jomugan jartzen dituztenei».Â
Gehitu dute, gainera, Gasteizen hainbat feministari mozal legea aplikatu dietela antiabortisten aitzinean kontzentrazioak egiteagatik. Hala, salatu dute justiziak ez duela berdin balio guztiendako: «Batzuena 'maitasun ekintza bat' den bitartean, besteena kondenagarria iruditu zaie epaileei».Â
Feministek ere abortu librerako eskubidea aldarrikatu dute, eta eskatu sistema publikoan egin ahal izatea: «Berresten dugu justizia feministaren beharra dagoela, eta osasungintza publikoan libreki abortatzeko eskubidea betiko bermatzea eskatzen dugu». Izan ere, haien irudiko, hori da bidea antiabortisten jomugan ez egoteko eta berme guztiekin abortatu ahal izateko. «Gure gorputza, gure erabakia», borobildu dute.Â
Proposamen politikoa
Gernikan (Bizkaia) ere mobilizazioa egin du Itaiak, joan den astean izandako eraso matxista salatzeko: 50 urteko gizon bat espetxeratu zuten astelehenean, bikotekide ohiari eraso egitea egotzita. Emaztekiak aurkeztutako salaketaren arabera, kalean egin zuten topo gizonak eta biek: gizonak besotik heldu zion, eta leku batera bortxaz eraman zuen; han zeudela, emaztekia jo eta heriotza mehatxuak egin zizkion aizkora batez. Emakumea ezin izan zen leku hartatik atera denbora luzez, gizonak sarrera blokeatu baitzion.Â

Antolakunde sozialistak salatu du egoera horrek indarkeria matxistaren kontrako neurrien «baligogabetasuna» erakusten duela. «Ezin dugu indarkeria matxistaren kudeaketara mugatu, gaurdanik indarkeria matxista amaitzeko proposamen politikoa garatu behar dugu; emakume batek berak ere ez dezan indarkeriarik pairatu, gure aurkako zapalkuntza errotik amai dadin», erran dute.Â
Emakumeak gutxiesten dituzten ideiak gero eta gehiago zabaltzen ari direla adierazi dute, eta horren aitzinean kaleak hartu behar direla azpimarratu. «Eraso bat ere ez dadin isilpean gelditu, erasotzaileen inpunitateari aurre egiteko eta erasotuak izan diren emakumeak babes ditzagun».