Donostiako Udalak La Cumbre jauregia udalaren eskuetara aldatzeko eskaera egin dio berriro Espainiako Gobernuari. Jon Insausti alkate duen udal gobernuak adierazi du «funtsezko urratsa» dela eskaera ofizial hori, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko erabili zuten eraikina bihurtu dadin Donostiaren «ondare eta memoria demokratikorako gune».
Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bilkuran onartu du Donostiako Udalak La Cumbre jauregiaren doako lagapena jasotzeko eskaera formala aurkeztea. Izapide horren bidez aktibatu dute Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen babesean bultzatutako prozedura. Udalak esan du «urtetako erakunde lana eta hainbat administrazio, erakunde memorialista eta talde politikorekin izandako elkarrizketak» amaitu direla, Estatuko legerian berariaz jasotako aldarrikapen bat gauzatzeko. Aldarrikapen horren arabera, «La Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagako zaio memoria demokratikoarekin lotutako jardueretarako».
Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, «urrats honekin urteak trabatuta daramatzan korapiloa askatzea» lortuko litzateke. Alkateak azpimarratu du La Cumbre lagatzeko eskatzeak berretsi egin duela «erakundeen arteko agendari emandako azelerazio berria», donostiarrentzat akordio onuragarriak ei direnak lortzeko, Espainian legegintzaldia amaitu aurretik. «Lanordu asko izan dira helarazi dugun proposamen honen inguruko akordioa zabaltzeko, eta gaur esan dezakegu Donostiako gehiengo zabal batek batera eskatzen diola Madrili memoria demokratikoa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeari lotutako lagapen hori».
Memoria demokratikorako gunea
Memoria Demokratikoaren Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, La Cumbreren etorkizuneko erabilera «memoria demokratikoa berreskuratzera, zaintzera eta hedatzera bideratuta» egongo da. Azken urteotan, Donostiako Udalak harremanak izan ditu Estatuko Administraziorekin zein eragile memorialistekin, lagapen prozesua gauzatzeko prozesuaren eta etorkizunean jauregiak hartu beharreko proiektuaren inguruan.
Giza Eskubideen Batzorde Ez Iraunkorrak jorratu du prozesua, eta Oroimen Historikoaren aholku Kontseiluarekin eta hainbat memoria erakunderekin partekatu du, azaldu dutenez; besteak beste, Lantxabe, Egiari Zor, Argituz, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Lasa eta Zabala familiak eta Aranzadi, zeinek espazioaren etorkizunari buruzko ekarpenak egin ahal izan dituzten. Hain zuzen, eragile horiek irailean kritikatu zuten eskualdatzeko prozesua «blokeo» instituzional betean zela.
2024ko urrian, izan ere, La Cumbre jauregia estatuaren «biktimak aitortzeko gune» bihurtzea proposatu zuten talde memorialistek. «Talde parapolizialek eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtzeko proposamen bateratua izan zen hura; Lasa eta Zabalaren senideen babesa izan zuen ekimen hark.

Proposamen adostua
Hori horrela, lagapena gauzatzeko lehen urratsak 2023. urtekoak dira. Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako kudeaketaren ondoren, udalak landu zuen La Cumbre jauregirako etorkizuneko proiektu baterako aurretiazko ideiak agiria: dokumentu hori oinarri izan da ondorengo lanerako. 2025ean eta 2026an, jarduketa berriak egin dituzte proiektuaren edukia zehazteko eta Estatuak eskatutako dokumentazioa osatzeko.
Lan horren ondorioz, eta Giza Eskubideen Batzordearen hainbat bilkuraren ondoren, «La Cumbre jauregiak etorkizunean izango dituen memoria demokratikoko jarduerak biltzen dituen testu adostu bat lortu da». Hala ziurtatu du Insaustiren gobernuak: «Proposatutako proiektuak Euskadiko memoria demokratikorako erreferentzia gune gisa hartzen du eraikin hau, eta memoria historiko eta demokratikoari eskainitako lekuen sare batean integratuta dago, lurralde osoan dauden edo garatzen ari diren ekimenekin batera. Helburua da herritarrei irekita egongo den gune bat izatea, giza eskubideak, bizikidetza demokratikoa, aniztasuna eta bakearen kultura hausnartzeko, zabaltzeko eta sustatzeko».
Proposamenak «ekipamendu dinamikoa eta parte hartzailea» aurreikusten du: erakusketa guneak, hezkuntza jarduerak, topaketak, ikerketa ekimenak eta gizartea sentsibilizatzeko programak. Era berean, jauregiaren inguruan dauden lorategiak erabilera publikora «pixkanaka irekitzea» planteatzen du, «hori herritarrengana hurbiltzeko eta topaleku, memoria eta bizikidetzarako leku gisa duten eginkizuna indartzeko». Dokumentuak, gainera, memoria demokratikoari eta giza eskubideei lotuta, «erakundeen eta gizarte-eragileen artean partekatutako kudeaketa-eredu baten alde» egiten du.