Pederastia

Donostiako auzitegi batek ikerketa zabaldu du abortua eta Elizako pederastia lotzen zituen kartel baten harira

Ertzaintzari eskatu diote iker dezala nork jarri zuen kartela. Elkarte ultrakatoliko batek gorroto delituarengatik salatu ditu egileak, besteak beste.

Donostian otsailean agerturiko kartela. IRUTXULOKO HITZA
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 21a
12:08
Entzun

Otsailaren 21ean, norbaitek kartel bat sartu zuen Donostiako Amara auzoko kale bateko publizitate-leiho batean. Horretan, umeki baten irudia agertzen zen, eta mezu hau: Orain abortatzen baduzu... norekin egingo dugu txortan bospasei urte barru? Espainiako Apezpiku Konferentziaren izena eta logoa erabilita izenpetuta agertzen zen mezua.

Abogados Cristianos talde ultrakatolikoak propaganda ekintza salatu zuen auzitegian, eta, gaur zabaldu duenez, Donostiako Lehen Ikerketa Epaitegiak bere gain hartu du gaia. Haien arabera, epaitegiak Ertzaintzari eskatu dio identifikatzeko kartelaren egileak, eta publizitate leihoaz arduratzen den Promedios enpresak ekintza horren berri ote zuen argitzeko.

Askabide sexu osasuneko klinikatik gertu jarri zuten kartela, eta hori muturreko talde katolikoen jomuga izan da azken hilabeteotan. Enpresak handik ordu gutxira kendu zuen irudia.

Talde ultrakatolikoak esan duenez, «gorroto delituarengatik» salatu ditu egileak, «sentipen erlijiosoen aurkako delituarengatik», eta «egoera zibila usurpatzeagatik», hau da, mezua Espainiako Apezpiku Konferentziaren izenarekin sinatzeagatik.

Elkartearen buru Polonia Castellanosek esan duenez, «ebatzi izan dituzte zigorrak beste erlijioetako sinestunei pederasta deitzeagatik. Badirudi katolikoen aurka dena dela zilegi». Gaineratu duenez, nekatuta daude «beti talde berberen» erasoak jasotzeaz. «Toleraezina da adierazpen eskubidea aldarrikatzea kristauak iraintzeko eta umiliatzeko».

Lehen ere, Eliza katolikoko pederastia kasuak salatu dituztenen aurka jo du Abogados Cristianos elkarteak. 2019ko urrian Abel Azkona artistaren kontrako salaketa jarri zuten Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian (Frantzia), haren Amen lanaren harira. Horretan, artistak pederastia hitza osatu zuen 242 ostia kontsakraturekin. Azkona bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten Espainian, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak jarritako salaketarengatik. Artista Portugalen egon zen babestuta. Azkenean, 2021. urtean, haren kontrako salaketa artxibatu zuten.

Abel Azkona artista 'Amen' obra prestatzen, 'Desterrados' erakusketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.