Donostiako familia bat etxegabetu dutela salatu du Saretxe sindikatuak

Elkarretaratzea egin du sindikatuak gaur iluntzean, Gros auzoan. Emakume bat eta haren bi seme-alabak etxegabetu dituzte.

Iluntzean elkarretaratzea egin dute Grosen, etxe kaleratzea gaitzesteko. GORKA RUBIO / FOKU
Iluntzean elkarretaratzea egin dute Grosen, etxe kaleratzea gaitzesteko. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 23a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur gertatutakoa ez da kasu bakana. Etxebizitza negozio bihurtu duten espekulatzaileen ondorio zuzena da. Jabetzak bizitzen gainetik jartzen dituztenen ondorioa». Emakume bat eta haren bi seme-alabak —horietako bat adingabea— etxegabetu dituzte gaur Donostiako Gros auzoan, eta gogor salatu du Saretxe sindikatuak. Esplikatu duenez, etxebizitza Azora putre funtsaren jabetzakoa da, eta enpresak demanda jarri zion familiari, bi hilabeteko errenta gibelapenagatik: «Zorra ez zuen familiak sortu, etxean bizi ez zen beste pertsona batek baizik, eta, hala ere, familiak bere gain hartu eta ordaindu egin zuen. Prozesu judiziala hasi zenerako zorra kitatua zegoen arren, aurrera jarraitu zuen prozesuak». Joan den astean alternatiba bat lortu zuen familiak.

Iluntzean agerraldia egin dute sindikatuko kideek, eta salatu gaurkoa bezalako «isilpeko kaleratzeak» nagusi izan direla «Donostiak Azorarekin duen gatazkan». «Putre funtsak, espekulatzaileak diren heinean, eskura dituzten tresna guztiak erabili ditu urte hauetan auzotarrak kaleratzeko, dela alokairuak igoz, dela zuzenean epaitegietara joz, baina beti jabetza pribatuaren defentsan eta etxebizitza eskubidearen kalte», erran dute sindikatuko kideek. 

Hala, salatu dute gaur kaleratutako familiaren ezjakintasunaz baliatu zela Azoraren abokatua, erran baitzien etxegabetzea bertan behera utziko zutela. Gauzak horrela, epaiketara ez zen inor aurkeztu, baina epaileak erabaki du etxegabetze prozesuan aurrera egitea, sindikatuak azaldu duenez. Saretxek etxegabetzea bertan behera uzteko galdegin bazuen ere, epaitegiak ez du eskaria onartu, «alokairu kontratuak dituen irregulartasunen ondorioz». Horrez gain, sindikatuak adierazi du etxe agentziekin harremanetan egon direla, eta, «etengabe beste kontratu baten promesa» egin dieten arren, ez dutela errandakoa bete. 

Egoera horretan familiak erakutsi duen erresistentzia txalotu du Saretxek, eta «eredugarria» dela azpimarratu. «Gaurkoan, atarian erresistentziarik egin ez dugun arren, egunerokoan ari gara erresistentzian: aholkularitzak, salaketak, grebak egiten eta elkartasuna antolatzen», erran dute. Halaber, gogoratu dute sindikatuko bertze bi familia etxegabetuko dituztela, eta horiek ere Azoraren jabetzakoak diren etxebizitzetan bizi direla. 

Antolakuntzarako deia

Hain zuzen, etxegabetze aginduak dituzten bertze bi familiak hiriburuko Amara eta Gros auzoetan bizi dira; sindikatuak hilaren 10ean egindako prentsaurrekoan zabaldu zuenez. Are, Saretxeren erranetan, Azora funtsaren kontrako borrokan «buru-belarri» ari dira familia horiek, «gehiegikeriak salatzen, alokairu greba partziala egiten eta auzokideen arteko elkartasuna antolatzen». «Bizilagunen antolaketak urduri jartzen du Azora, eta, bere interesak arriskuan ikusi dituenean, familiak are gehiago estutzea besterik ez zaio geratzen. Horren adibide dira antolatuta dauden bizilagunen kontrako etxegabetze aginduak, oraindik aurrera baitoaz», adierazi dute gaurko agerraldian. 

Sindikatuak behin eta berriz gogoratu du etxebizitzaren gatazkak ez dituela berdin zeharkatzen gorputz guztiak, eta «gizarte kapitalista zeharkatzen duten beste zapalkuntzek ere» eragina dutela etxebizitza lortzeari dagokionez. Arrazakeria aipatu dute adibide gisa: «Etxebizitzaren arloan pairatzen duten arrazakeriaren ondorioz, familia hauek guztiak baldintza txarretan bizi dira, beste alternatibarik gabe».

Horren aurka antolatzera eta mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Izan ere, bertze bi etxegabetzeak gelditzeko «bide luzea» dutela azaldu dute, baina sinetsita daude merezi duela borrokatzea eta soilik antolakuntzaren bidez lortzen dela etxegabetzeak gelditzea. «Egoera honetan dagoen oro gonbidatzen dugu sindikatura batzera eta antolatzera. Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.