Donostiako Egia auzoan bizi den familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du Saretxe etxebizitza sindikatuak: «Alokairu bila ibili dira, baina Donostian ezer aurkitzea ezinezkoa da, eta kale gorrian egongo dira astelehenean, etxegabetzea gauzatuz gero», esplikatu dute. Are, «egoera zaurgarrian» daudela azpimarratu du Saretxek, besteak beste, «haien diru sarrerak oso urriak baitira». Sei kidek osatzen dute sendi hori: horietatik bi adin txikikoak dira, eta beste bi adinez nagusiak. Horiek horrela, Donostiako Udalari eskatu diote familia horri zaurgarritasun txostena egiteko, eta non lo egin eduki dezan bermatzeko.
Saretxe etxebizitza sindikatuak prentsaurrekoa egin du gaur, sendi horren egoeraren berri emateko. Esplikatu dutenez, duela pare bat aste, Latxaga guraso elkartea sindikatuarekin harremanetan jarri zen, Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolako familia bat etxegabetzeko arriskuan zegoela adieraziz. «Familia honek zazpi urte daramatza etxe berean. Han bizi dira haien bi seme-alabak, 10 eta 8 urtekoak, eta aitona-amonak ere bai. Urriaren 19an, ordea, epaitegiak etxea uzteko agindua jarri die», zehaztu dute.
Saretxeren arabera, familia hori ezin dute etxegabetu, «egoera zaurgarrian» baitago. Hasteko, etxeko diru sarrerak oso urriak dira: gurasoetako batek lan istripu bat izan zuen, ebakuntzak izan ditu, eta oraindik errehabilitazioan dago. Bigarrenik, haur zein adineko, zaurgarritasun egoeran dauden pertsona ugari bizi dira etxe horretan. Eta hirugarren, ez dute etxebizitza alternatibarik», ohartarazi du sindikatuak.
Ildo berean, kritikatu dute etxebizitza bilatzerakoan sufritzen duten «bazterkeria arrazista», familia migratua baita.
«Familia honek zazpi urte daramatza etxe berean. Han bizi dira haien bi seme-alabak, 10 eta 8 urtekoak, eta aiton-amonak ere bai. Urriaren 19an, ordea, epaitegiak etxea uzteko agindua jarri die»
SARETXE ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Halaber, jakinarazi dute bi hilabete ordaindu gabe utzi zituztela 2024an, eta jabeak salaketa jarri zuela, harekin «gaizki ulertuak» eduki ostean. Hala ere, nabarmendu dute zazpi urtean bi hilabete baino ez direla izan. «Labirinto burokratiko eta judizialak tarteko, familiak ez zuen zaurgarritasun txostena jaso, ez etxegabetzeko bermea. Hori gabe, familiak kalean amaitzeko arriskua du, nahiz eta jada hilabete guztiak ordainduta dauden, eta zaurgarritasun baldintzak betetzen dituen», Saretxeko kideen hitzetan.
Egoera horretan, Saretxek dio ezin dela etxegabetzea gauzatu, betiere Espainiako Gobernuak urriaren 6an onartutako errege dekretuaren arabera. «Baina horretarako zaurgarritasun txostena behar dute, eta hori lortzeko borrokan gabiltza, epaileari zein zerbitzu sozialei hori bete dezaten eskatuz», gogorarazi dute. Izan ere, abokatuak epaileari eskatu dio dagoeneko neurriak aplikatzeko eta zaurgarritasun txostena igortzeko.
Greba orokorrarekin bat
Saretxe etxebizitza sindikatuak azpimarratu du Egiako familia horri gertatzen ari zaiona «egunero eta astero» ematen dela Euskal Herrian: «Egunero amaitzen dute familiek kale gorrian gure auzoetan, eta horri amaiera eman behar diogu». Zentzu horretan, herritarrak deitu dituzte azaroaren 11n egingo den greba orokorrean parte hartzera.