Euskal sindikatuek ere greba orokorrera deituko dute etxebizitza eskubidearen alde. Eta Hego Euskal Herrian eta Espainian egun berean izango dira lanuzteak eta mobilizazioak: azaroaren 11n. Hala jakinarazi dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek arratsaldean; CCOOk eta UGTk ere gaur goizean eman dute dataren berri, Madrilen. «Greba orokorra azaroaren 11n izango da», baieztatu du ELAk bere web orrian. LABek, bere aldetik, ez du oraindik horrelakorik esan, baina adierazi du bihar proposatuko diola Nazio Biltzarrari azaroaren 11rako greba orokorrera deitzea.
Bi sindikatuak «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» greba bat adosteko prest agertu ziren atzo, eta hala berretsi dute gaur ere. ELAk adierazi du greba Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko duela: «Horregatik, lanean jarraitzen dugu etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiei presioa handiagoa egiteko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo gobernuek eskumen zabalak baitituzte arlo horretan». LABek, bestalde, zera esan du: «Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira. Ardura du Espainiako Gobernuak, eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Egungo autogobernu maila mugatua ez da erabili langileen bizitzak hobetzeko; patronalaren interesak egon dira erdigunean».
Deialdiari eta aldarrikapenei buruzko xehetasunak eman bitartean, azken egunotan egindako adierazpenen ildo beretik mintzatu dira sindikatuak hedabideei igorritako mezuetan. ELAko Azterketa Bulegoko arduradun Aitor Murgiak adierazi du etxebizitzaren krisiak «neurriko erantzuna» eskatzen duela; jomugan jarri ditu etxegabetzeak, alokairuen prezio jasanezinak eta «eraikuntza enpresen eta bankuen mesederako politikak», eta etxebizitza politikak «goitik behera aldatzea» galdegin du: «Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeak izan behar du lehentasun».
Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua
Etxebizitza sindikatuekin eta gainerako eragile sozialekin elkarlanean aritzeko borondatea adierazi du, greba orokorra «Euskal Herritik jorratzeko». Izan ere, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere eskumen ugari dituztela etxebizitzaren arloan: «Gure gobernuek urte askotan egin dituzten politika ezin okerragoen ondorio da krisia; ezin da justifikatu krisi betean ere haien eskuduntzak behar bezala erabiltzeko aukera ez baliatzea».
Bestalde, ohar bidez, LABek salatu du etxebizitza «langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusi» bilakatu dela, eta Euskal Herria badela hori iraultzeko gai: «Larrialdi betean gaude, eta Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko borrokari hauspo berri bat emateko». Bi alde bereizi ditu sindikatuak: «Alde batean, birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen eta eskubideak zabaltzearen alde kokatzen garenak gaude, eta, bestean, pribilegiatuenen eta errentadunen interesak zaintzen dituztenak, langileen pobretzean sakondu nahi dutenak».
Horri lotuta, EAJren aurka egin du LABek, argudiatuta patronalaren alde lerrokatu dela Madrilen. Eta Eusko Jaurlaritzaren aurka ere egin du, leporatuta bizkar eman izana etxebizitzaren eskubidearen eta soldata propioaren aldeko neurriei. «LABek EAJri exijitzen dio Madrilen eta Euskal Herrian langileen prekarizazioa sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko. [...] Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible dira».

Kanpainaren bezperan
Azken egunetan, aldarrikapen asko egin ditu LABek etxebizitzaren harira. Horren adibide da larunbatean Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako manifestazioak: milaka pertsona bildu ziren horietan. Besteak beste, putre funtsak kanporatzeko eskatu zuten, eta adierazi etxebizitza ezin dela erabili negozioa egiteko. Hainbat neurri ere proposatu zituzten «etxebizitza duina herritar guztien eskura» jartzeko, besteak beste, alokairu mugagabeak ezartzea, etxegabetze guztiak gelditzea, etxeak «asmo espekulatiboekin» erosteko bideak etetea, etxebizitzaren prezioak jaistea, eta etxebizitza parke publikoa handitzea.
Beste alde batetik, Steilas ere prest agertu da greba orokorrean parte hartzeko, etxebizitza delakoan egungo gizartearen kezka iturri nagusietako bat: «Neurriz kanpoko prezioek, alokairu onartezinek eta espekulazioak gero eta pertsona eta familia gehiago kanporatu ditu beren herrietatik eta auzoetatik». Hezkuntza sindikatuak ere lehenetsi du Euskal Herriko «errealitate sozial, politiko eta sindikal propiotik erantzutea», eta uko egin dio PSOE konponbidetzat aurkezteari: «Ez dugu onartuko mobilizazioa PSOEk etxebizitza arloan dituen politikak legitimatzeko tresna bihurtzea».
Azaroaren 11 asteazkena da; ordurako bi aste eta erdi baino ez dira faltako Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako —azaroaren 29an egingo dituzte—, eta egun bat eskas kanpaina hasteko. Zenbait sindikatuk hori kritikatu dute, baita CEOE eta Cepyme patronalek eta PP eta Vox alderdiek ere. Finean, lan arlotik kanpoko aldarrikapenak egitea egotzi diete sindikatuei, eta enpresak eta langileak erabiltzea horretarako.