Donostiako Guardetxea husten saiatu da Udaltzaingoa

Duela aste batzuk Alde Zaharreko Gazte Asanbladak okupatutako eraikina husten saiatu da Polizia, eta bi gazte identifikatu ditu. AZGAk adierazi du PPko zinegotziek jarritako salaketa batengatik ahalegindu direla husten.

Donostiako udaltzainak, atzo, Guardetxean. ALDE ZAHARREKO GAZTE ASANBLADA
Donostiako udaltzainak, atzo, Guardetxean. ALDE ZAHARREKO GAZTE ASANBLADA
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 17a
11:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Udaltzaingoa Guardetxea husten saiatu zen atzo eguerdian, AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak salatu duenez. Eraikinaren barruan «erresistentzia» egin zuten kideei eta elkartasuna ematera bertaratu ziren guztiei esker, ez zuten hustu, gazteek ohar bidez jakinarazi dutenez. Hala ere, udaltzainek bi pertsona identifikatu zituzten.

AZGAk dioenez, Donostiako Udaleko PPko zinegotziek jarritako salaketa batengatik saiatu dira Guardetxea husten, eta eraikina husteko prozesu judiziala martxan jarri dute. Hori salatzeko, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean udaletxe parean, eta salatu zuten Donostiako Udala «guda zelai» bilakatzen ari dela hiria. «Burgesiaren irabazi ekonomikoak lehenesten dituen udal gobernuak alfonbra gorria jartzen die bizilagunok gure auzo eta etxebizitzetatik kanporatzen gaituzten turistifikazio eta gentrifikazio prozesuei», adierazi zuten. Auzotarren eta bereziki gazte langileen bizi baldintzak okertzen ari direla-eta «antolakuntza politikoa» ezinbestekoa dela esan zuten, eta Guardetxean abiatutako eremu eta proiektu autogestionatua horren adibide dela nabarmendu.

Maiatzaren 1ean okupatu zuen Donostiako Guardetxea AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, Gipuzkoako hiriburuko zenbait eragile eta norbanakoren laguntzarekin. Udalak 2019an itxi zuen, eta, ordutik, sei urte zeramatzan hutsik. Azken asteetan, auzolana oinarri hartuta «eta bitartekari eta ordezkaritzarik gabeko kudeaketa eredu asanbleario eta horizontala» baliatuta, eraikina berreskuratu dute, gazteek azpimarratu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.