Lehen lerroan jarri dira gaur Donostiako La Salle ikastetxe katolikoko hainbat ikasle ohi Patxi Ezkiagak hainbat hamarralditan zehar eskolan —eta eskolaren inguruko hainbat jardunbideetan— egin zituen sexu abusuak arbuiatzeko, eta, batez ere, biktimei elkartasun erabatekoa adierazteko. Biziki estimatu dute haiek. Pankartaren atzean jarri direnetako bat izan da Ezkiagaren erasoen berri publikoki eman zuen lehenengo emakumea: Marisol Zamora. Oso hunkituta zegoen, eta begiak busti zaizkio protestaren hasieran. Bukaeran, besarkadak izan dira nagusi, beste hainbat ikasle ohi eta gertukorekin; horien artean izan dira Ezkiagaren biktima gehiago ere. Ikasle ohiek, ozen eta argi, erabateko sinesgarritasuna eman nahi izan diete abusuak salatu dituzten emakumeei. «Gu geu, haur eta nerabe, horren guztiaren lekuko izan ginen».
Bide batez, elkarretaratzea baliatu nahi izan dute ikastetxeko zuzendaritza biktimei begira izaten ari den jarrera deitoratzeko. Pankartan, hain justu, galdera hauxe jarri dute: Gu biktimekin. Eta La Salle?. Izan ere, eskolako zuzendaritzak ez ditu biktimen eskabideak aintzat hartu. Emakumeok EAEko Arartekora jo zuten iazko urtearen hasieran, erreparazio publikoa eta kolektiboa bultzatzeko prozesu bat abiaraztea izan da beraien helburua, baina ez dute lortu: Arartekoak biktimen eta La Salle kongregazioaren arteko bitartekaritza lana egin zuen, baina kongregazioak ez zituen onartu biktimen eskakizunak. Horiek horrela, Arartekoak berak eskolari eskatu dio kritikoki aztertzeko bere jokabidea. Pankartako leloa, beraz, jarrera hori kritikatzeko hautatu dute propio gaur ikasle ohiek. Loiola auzoan izan da protesta, eskolako ataritik gertu.
1977an sortuak dira Ana Rubio eta izenik eman nahi izan ez duen beste ikasle ohi bat. Buru-belarri jardun dute gaurkoaren antolaketan. Biak ikastetxean ibili ziren sasoian Ezkiagaren eragin ahalmena oso handia zela gogoratu dute. Eskola barruan ardura handiko postuak izan zituen irakasle eta elizgizona zen, eta eskolatik kanpo ere aski ezaguna zen, literaturan-eta egina zuen bideagatik. «Ikaragarrizko itzala zeukan».
Biktimen lekukotasunen berri izan dutenetik, askotan izan dituzte buruan jiraka Ezkiagaren eskola orduetako hainbat oroitzapen: ezin erauzi. «Ikusten genituen ukituak; sistematizatuta zeuden: normalizatuta». Horra haren hainbat portaera: «Bularretakotik tira egin, ipurdia ukitu; hori gelan ikusten zen».
Galderak
Helduen begiekin oroitu eta interpretatu dituzte gaur gomuta haiek. Eta galdera ere etorri zaie askori gogora, minbera: «Jende askok orain esaten du: nola ez ginen konturatu?». Argi dute, ordea, adingabeak zirela: ume eta nerabeen begirada zuten, eta ikasle arrunten erabaki ahalmena besterik ez zuten eskola haren barruko hierarkia estuan. Onartu dute, ordea, ez zirela «harritu» behin biktimen lekukotasunen berri izan zutenean. «Baina horrenbesterainokoa ez genuen espero: ez kopuruari dagokionez, ez abusuen izaerari dagokionez». Sentimendu bat gailendu zaie: «Nazka, nazka eta nazka». Oinazea ere bai: gertuan dituzte pairatutako abusuak gainditu ezinik «hondoa jota» dabiltzan hainbat ikasle ohi.
Horiek guztiak gogoan hartuta idatzi dute gaur elkarretaratzearen amaieran irakurri duten agiria. Rubiok berak irakurri du. «Duela bi urte azaleratu ziren Patxi Ezkiagak, urte luzean Donostiako La Salleko irakasle izanak, gure ikaskide ohiekin gauzaturiko sexu abusuak. Hasieran banakako biktima batzuez osaturiko errealitate ezkutu eta gordina zirudiena izozmendi baten goiko erpina baino ez dela konturatu gara bi urte luze hauetan, ekosistema oso batek ahalbidetu zituela ikasle adingabeek pairatutako sexu abusu bidegabe horiek», ekarri dute gogora. La Salle nazioarteko hezkuntza sare zabala da, eta mila eskola inguru ditu mundu osoan zehar.
Portaera «etsigarria»
Gogor arbuiatu dute eskolako zuzendaritzak izan duen jarrera. «Donostiako La Sallek azkeneko bi urte hauetan biktimekin hartu duen jarrera salatzen dugu». Biktimen arteko batasuna hausteko ahaleginak egitea leporatu diote eta, ororen buruan, emakume horiek «birbiktimizatzea». Atsekabetuta daude: «Guztiz etsigarria eta deitoragarria egiten zaigu portaera hau. Donostiako La Salleren jarrera orain artekoa bezalakoa den bitartean, ikastetxea zikina dagoela uste dugu, lizunak jota». Elkarretaratzea baino lehen zabaldu da zuzendaritzako kideek ere bertara agertzeko asmoa zutela; azkenean, ordea, ez du ordezkaritzarik helarazi.
Ikasle ohiek gaur esan dute eskolako zuzendaritza ezin dela biktimen alde antolatzen dituzten ekinbideetan egon jarreran aldaketarik egiten ez duen bitartean. «Ezin da erreparazio kolektiboa ukatu eta aldi berean egia, justizia eta erreparazioa eskatu», gogoratu dute: «Bat edo beste».
Elkarretaratzean parte hartu dute abusuen kontrako Espainiako Anir elkarteko hainbat kidek ere. Siro Molinak hartu du hitza: «Elizan abusuak ezkutatzeko ahalegina sistematikoa izan da. Tamalez, hemen gertatu dena ez da hemen bakarrik gertatu, Eliza katolikoaren beste ikastetxe batzuetan ere bai». La Salleko ikasle ohiek ere uste dute garrantzitsua dela auzi hau erakunde katolikoetan izan diren beste hainbat auziren soka berean ulertzea. Benetako erreparaziorako bidean «mugarri» izatea nahi dute.
Ikusi gehiago