Udaro, Oporrak Bakean programaren bitartez, Euskal Herriko familiek etxeko atea irekitzen diete Mendebaldeko Saharako haurrei. Gaur, Donostiako Udalak iragarri du aurten ere programan parte hartuko duela, eta adierazi aurtengo helburua gutxienez hamabost harrera familia lortzea dela. Iaz 11 familiak hartu zuten parte programan, eta bederatzik berriz parte hartuko dute. Hortaz, udalak beste sei familia aurkitu nahi ditu. Otsailaren 15ean bukatuko da izena emateko epea harrera familientzat.
Harrera familia izan nahi dutenei informazioa emateko, hitzaldi bat antolatu du udalak: etzi izango da, 18:00etan, Donostiako udaletxeko Irutxulo aretoan. Programaren funtzionamendua, harreraren baldintzak eta familiek jasoko duten laguntza azalduko dituzte bertan.
Berrogei urte bete dira aurten hirian programa martxan dagoenetik. Udalaren arabera, «beharrezkoa» da ekinbidearekin aurrera egitea: «Saharar herria baldintza oso zailetan bizi da oraindik ere, laguntza humanitarioaren mende ia erabat». Ekinbidearen xedea da adingabeen bizi baldintza gogorrak leuntzea: «Donostian dauden bitartean, azterketa medikoak egiten dituzte, elikadura ona daukate, eta, batez ere, basamortua ez den beste ingurune bat ezagutzeko aukera dute».Â
Urtarrilaren 17an egin zuten aurtengo Oporrak Bakean programaren aurkezpena, 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz lelopean.