2026ko Oporrak Bakean kanpaina martxan dago. Uztail-abuztuetan Mendebaldeko Saharako umeei harrera egiteko modua ematen du, eta gaur goizean Donostian egin duten agerraldi batean jakinarazi dute orain dela egitasmoan izena emateko garaia: otsailaren 15era arte izango da horretarako aukera. «Euskal herritar orori dei egiten diogu elkartasun ariketa komunitario eder honetan parte har dezan», azaldu dute.
Erabaki horren garrantziaz ohartarazi dute, kanpaina horren atzean gizarte osoaren «erantzukizun kolektiboa» dagoelako, baina erabateko zentzua hartzen duelako etxeko ateak zabaltzen dituzten familien esku hartze zuzenari esker. Horregatik berritu dute deia: «Zu ere zure etxeko ateak zabaltzera gonbidatzen zaitugu. Zu ere harrera familia izatera deitzen zaitugu».
Atzean dagoen gatazkaren nondik norakoak ere gogora ekarri dituzte gaurko agerraldian. «Sahararrak euren herrian eta euren lurraldean biziko balira, ez lukete programa honen beharrik izango. 50 urte beteko dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik, eta 50 urte beteko dira ia 200.000 lagun Aljeriako lurretan dagoen Tindufeko kanpamentuetan bizi direnetik». Haiei egoera zail horretan laguntzea da kanpainaren helburua. «Haur sahararrak gure etxe eta familietan hartzeak garrantzi ukaezina du haien osasunari begira».
Kanpainari esker gizarte harremanak elkartasunaren bidez trinkotzea ere nahi dute. «Oporrak Bakean ekinbidean parte hartzeak gu geu ere aberastu egiten gaitu», ekarri dute gogora. Urte askotako erlazioari esker zer-nolako harremanak sortu diren argi geratu da gaurko agerraldian, hizlari aritu baitira Euskal Herriko ordezkariak eta Mendebaldeko Saharakoak.
50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz leloa hautatu dute aurtengo kanpainarako. «Izan ere, Oporrak Bakean hori ere bada; esperantza, alegia», nabarmendu dute: «Ekinaldi hau egingo dugun azken uda izango den esperantza».