Gipuzkoako ikasleen eskaera historikoa da Donostia eta EHUko Leioako campusa (Bizkaia) garraio publikoz lotzea. Leioako campusean ikasten duten ehunka gipuzkoarrek egunero joan-etorria egiten dute ikasleen elkarteek kontratatutako autobus pribatuetan. Beste batzuk, ostera, Bizkaiko erresidentzietan eta alokairuko etxeetan bizi dira. EHUko Gipuzkoako campuseko ikasleen kontseiluaren arabera, 2.000 ikaslek egiten dute egunero joan-etorria, eta iritzi diote askoz ere gehiago izango liratekeela autobus linea erregularra jarriko balute. Behin baino gehiagotan eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari konexio hori Lurraldebus sistemaren barruan txertatzeko, baina alferrik. Gaur, EAJk, PSE-EEk eta PPk gai horren inguruko proposamen bat aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta osoko bilkurak onartu egin du, hiruren aldeko botoei esker. Aurrera atera den ebazpenak, baina, ez ditu asebete ikasleak. Gobernuan dauden alderdiek eta PPk, aurkeztutako ebazpenean, Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote ibilbide hori egiten duen linea erregular bat «modu progresiboan txertatzea susta dezan», eta hori martxan jartzeko «beharrezkoak diren tramiteak azkar ditzan».
«Egia esan, gehiago espero genuen», adierazi du Eneko Ballesteros ikasleen ordezkariak Batzar Nagusietako osoko bilkurako bozketaren ostean. Jatorrizko proposamena —EH Bildu eta Elkarrekin taldeek aurkeztutakoa— gehiago gustatzen zitzaien: «Data bat ezartzen zen». Onartu den proposamenean, aldiz, «ez dago inolako eperik», erantsi duenez. Ikasleek ez dute ondo ikusten aldaketa hori. EH Bilduren ustez, gaur onartu duten ebazpena hutsaren hurrengoa da. «Linea eperik gabe atzeratzea erabaki dute Batzar Nagusiek», adierazi du Maialen Iriartek, EH Bilduren bozeramaileak.
Izan ere, gaur gobernuko alderdiek eta PPk aurrera atera duten ebazpena epelagoa da jatorriz ikasleek eskatzen zutena baino. Maiatzaren 5ean dago gaur onartutako ebazpenaren jatorria, eta indarra galdu du onartu arteko bidean. EHUko Gipuzkoako campuseko ikasleen kontseiluak jarri zuen proposamena mahai gainean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Batzordean, hain zuzen ere. Han azaldu zutenez, «Leioan ematen diren gradu, master eta doktorego programetan ehunka ikasle matrikulatzen dira, eta haietako asko Gipuzkoan bizi dira. Pertsona horiek egunero edo maiz joan behar dute Leioako campusera, eta egoera horrek zuzenean eragiten dio berdintasun baldintzetan heziketa jasotzeko eskubideari».
«Gipuzkoatik Leioara egunero 2.000 ikasle inguru joateaz gainera, badaude arrazoi bategatik edo besteagatik Bizkaian bizitzea erabaki dutenak; ikasle horientzat ere mesedegarria litzateke»
EHU-KO GIPUZKOAKO CAMPUSEKO IKASLEEN KONTSEILUA
Gaur egun, Donostiatik Leioako campusera joan-etorria garraio publikoz egiteko, gutxienez bi autobus hartu behar dira: Lurraldebuseko zerbitzuek Donostiako erdialdeko autobus geltokian dute abiapuntua, eta Bilboko intermodalean helmuga. Handik Leioako campusera joateko beste autobus bat hartu behar izaten dute ikasleek. Ikasleen kontseiluko kideek agerraldi hartan gogorarazi zutenez, «autobus zerbitzua ez da egokitzen erritmo akademikora, ezta unibertsitateko ordutegietara ere, eta horrek arazo nabarmenak sortzen ditu joan-etorrietan. Eta, dudarik gabe, egoera horrek ikasketen aukeraketa baldintza dezake».
Gainera, erantsi zutenez, «Gipuzkoatik Leioara egunero 2.000 ikasle joateaz gainera, badaude arrazoi bategatik edo besteagatik Bizkaian bizitzea erabaki dutenak —unibertsitate egoitzetan edo alokairuko etxeetan—». Haien iritziz, «ikasle horientzat ere mesedegarria izango litzateke autobus linea zuzen bat edukitzea, joan-etorriak errazteko eta bizi kalitatea hobetzeko».
EH Bildu eta Elkarrekin, ikasleekin bat
EH Bildu eta Elkarrekin taldeetako Gipuzkoako batzarkideek bere egin zuten ikasleen eskaera, eta osoko bilkuran eztabaidatzeko proposamena aurkeztu zuten maiatzaren 8an. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zieten «beranduenez» 2026ko urtarrila amaitu baino lehen jar zezala «Donostia eta EHUko Leioako campusa lotuko dituen autobus publikoaren linea pilotu-esperimental bat». EAJk, PSEk eta PPk osoko zuzenketa aurkeztu zioten proposamen horri, eta gobernu kideek beste bat aurkeztu zuten ekainaren 3an; gaur bozkatu eta onartu den proposamena, alegia. Ziztu eta Donostia-Leioa ikasleen elkarte horiei diru laguntza ematen jarraitzea onartu dute aurrena, eta, bigarrenik, aldundiari eskatzea azter dezala Donostia eta Leioako campusa lotzeko linea hori etorkizunean Lurraldebuseko zerbitzuetan txertatzeko aukera. Borondatea bai, baina eperik ez dute aipatu.
«Ez du proiektu piloturik proposatzen»
Ballesterosen iritziz, «ebazpenak ez du proiektu piloturik proposatzen, eta horrek kezkatu egiten gaitu». Uste sendoa zuten maiatzaren 5ean egindako agerraldi hartan zerbitzu horren «beharra behar bezala egiaztatuta» zegoela, eta espero zuten gaur «arlo teknikoan» jarriko zutela arreta. «Gaurkoaren ondoren, eta hurrengo urtean hauteskundeak egonda, kezkagarria iruditzen zaigu gaia politizatzea, eta horrek ekarriko luke beste ikasturte batean autobusik gabe egotea».
Nolanahi ere, ikasleek ez dute etsiko: «Urte pila bat daramagu itxaroten, eta hau ez da hemen amaituko». Agindu dute eskaera horri indarrez eutsiko diotela datorren ikasturtean ere. «Oso zaila ikusten dugu ikasturte hasieran linea berria ezartzea, baina ikasturte hasieran helburu izango dugu aldundiari linea berria ezartzeko presionatzea», jakinarazi du ikasleen ordezkariak. Baikor ikusten dute etorkizuna: «Esepro dugu datorren ikasturteko bigarren lauhilerako prest egotea, eta, hortik aurrera, zerbitzua hobetzeko proposamenak egingo ditugu».
«Bizkaian badira EHUko Leioako campusa hainbat herrirekin lotzen duten autobus publikoak. Beraz, Bizkaian posible bada, zergatik ez Gipuzkoan?»
MAIALEN IRIARTEEH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
EH Bilduren ustez, «aukera berdintasunaz ari gara, mugikortasun jasangarriaz ari gara, trafikoa eta kutsadura murrizteaz ari gara, eta gazteek beren herrian bizitzen jarraitzeko aukerez ari gara». Iriartek azaldu duenez, «Errepideko Bidaiari Garraioaren 4/2004 Legeak berak jasotzen du erabilera orokorreko linea publiko erregularrak sortzeko aukera». Eta gogora ekarri du aurrekariak badaudela: «Loiuko aireporturako zerbitzua, esaterako». Aldundiak legearen irakurketa «tranpatia» egiten duela erantsi du Iriartek. Izan ere, nabarmendu duenez, «Bizkaian badira EHUko Leioako campusa hainbat herrirekin lotzen duten autobus publikoak. Beraz, Bizkaian posible bada, zergatik ez Gipuzkoan?». Eta gogoratu du duela bi urte Batzar Nagusietan onartutako mozio batean aldundiak konpromisoa hartu zuela aukera hori aztertzeko.