Asteburuan kaleratutako hainbat informazioren harira, EAk prentsa ohar bat atera zuen atzo, bozei begira Nafarroa Bairena aukera bakarra duela azpimarratzeko. «Beste batzuk dira maltzurki eta modu interesatuan NaBain egongo garela zalantzan jarri dutenak», salatu du ohar horretan. EAren arabera, EAJk eta Aralarrek hauteskunde zerrendak osatzeko irizpideak aldatu egin dituzte, «Aralarren mesedetan», eta errealitate hori ezkutatu egin nahi dute, hauteskunde inguruko akordioari ezetza eman izanaren ardura EAren gain jarrita.
Testuingurua erabat nahasia eta konplexua da. Iragan ostiralean, NaBaiko koalizioko alderdien arteko bileran, hurrengo hauteskundeetarako akordioa izenpetzeko dokumentua jarri zuten mahai gainean. EAk ez zuen sinatu. Dokumentuan adierazten da ez dagoela «gutxieneko baldintzarik» beste alderdiren batek NaBairekin bat egiteko.
Diario de Navarra-k kaleratu du, gainera, Aralarrek, EAJk eta independenteek beste akordio bat ere sinatuta daukatela. Akordio horretan sinatzaileek zalantzak agertzen dituzte NaBairen inguruan akordioa lortzeko EAk dituen zailtasunen gainean: «Erreparo horiek Batasunarekin izan ditzakeen konpromisoei erantzuten ote dieten zalantzak ditugu». Horregatik, besteak beste, urtarrilaren 28a jarri dute epemuga gisa NaBairen inguruko aurkezpen ofiziala egiteko.
EAk atzoko oharrean zehazten duenez, iragan aste hasieran proposatu zuen Aralarrek hilaren 28ko eguna aurkezpena egiteko, eta EAk ez zuen inongo zailtasunik jarri. EAren arabera, barne tramite guztiak beteta edukiko ote dituen ez zekielako, EAJ izan zen zalantzak agertu zituena.
Era berean, EAk onartzen du EAJk, Aralarrek eta independenteek NaBaiko «oinarri politikoak eta antolakunde arlokoak» aldatzeko proposamenekin desadostasunak dituztela, batez ere zerrendak osatzeko irizpide aldaketekin. EAren arabera, gai hori «beharrezkoa da konpontzea koalizioaren inguruko akordioa sinatu aurretik».
Gauzak horrela, EAren arabera, ostiralean akordioa sinatzeko dokumentua mahai gainean jarri zenean gai hori argitzea eskatu zuen: «Aralarren galderari erantzunez, adierazi genuen hori sinatzeko konpromisoa genuela, baldin eta zerrenden osaeraren inguruko arazoa konpontzen bazen. EAk esan zuen 2007ko formula ez aldatzea onartzen bazen han bertan sinatuko zuela». EAren arabera, euren ezetzaren inguruko benetako arrazoiak ezkutatu nahi izan dituzte EAJk eta Aralarrek, eta horren ordez «gezurrezko argudioak» kaleratzen ari dira.
Nafarroa Baik ezker abertzalearekin bilerak egiteko «jarrera irekia» eduki behar duela deritzo: «Horrek ez du aldez aurretik esan nahi akordio egingo denik. Besterik ez bada, kortesia hutsagatik, elkar ulertzea eta bitartekaritza sustatzeko».
BIlera hurrengo orduetan
Xanti Kiroga ezker abertzaleko kideak atzo baieztatu zuen hurrengo orduetan bilduko direla NaBairekin. «Bi eragilek» baiezkoa eman diete. Akordioa lortzeko ezker abertzaleak «bere eskura dagoen guztia» egiteko prestutasuna azaldu du. Alabaina, Aralarren, EAJren eta independenteen arteko akordio hori berretsiz gero, «EAJren neurrira» egindako ituna izango dela deritzo. Aralarren jarrera ez dutela ulertzen dio, eta EAren esfortzua eskertu du.
EA: «NaBain egongo garela beste batzuek jarri dute zalantzan, maltzurki»
EAk dio zerrendak osatzeko irizpide aldaketekin ados ez dagoelako ez duela sinatu akordiorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu