Arartekoak ebatzi du Jaurlaritzak ez duela neurri eraginkorrik hartu Ordizian eskola segregazioa murrizteko

Hezkuntza Sailak erantzun dio eskola publikoak ikastolak baino baliabide gehiago dituela eta horregatik jasotzen dituela hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle gehiago; Arartekoak ez du balekotzat jo arrazoi hori.

Ikasle batzuk Urdaneta eskola publikoan, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikasle batzuk Urdaneta eskola publikoan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urriaren 14a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezkuntzako erronka nagusietako bat da eskola segregazioa, eta kezka apartekoa da herri batzuetan; esaterako, Ordizian (Gipuzkoa). Sare publikoko kideek urteak daramatzate salatzen desorekak daudela Urdaneta eskolaren eta Jakintza ikastolaren artean, eta proportzioan ikasle zaurgarri gehiago jasotzen dituela eskola publikoak. Berriki txosten bat egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak, eta zera nabarmendu du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela neurri eraginkorrik hartu herrian eskola segregazioa murrizteko.

Ekainaren 3an, ebazpen bat atera zuen Arartekoak, eta bertan Hezkuntza Sailari gomendatu zion neurri zuzentzaileak har eta susta zitzala, «ikasleen banaketan oreka ahalbidetzeko eta Ordizia herrian funts publikoekin babestutako ikastegietan eskola bereizketako egoerak saihesteko». Izan ere, orduan, erakundeak ebatzi zuen herriko bi ikastetxeen artean «desoreka handia» zegoela ikasleen banaketan. Zehazki, galdegin zion esku hartzeko hezkuntza plangintzan eta ikasleen sarbidean, baita Udalaren Hezkuntza Kontseilua sustatzeko ere.

Abuztuaren amaieran erantzun zion Hezkuntza Sailak Arartekoaren galderari. Azaldu zuen jakin bazekitela zein garrantzitsua den «eskolaratze ekitatiboa, orekatua eta inklusiboa» bermatzea. Erantzunean beren-beregi erreparatu zion Ordiziari. Nabarmendu zuten baliabide gehiago dituelako hartzen dituela Urdanetak Jakintzak baino ikasle zaurgarri gehiago: «Urdaneta ikastegia publikoa da, eskola postuen eskaintza zabalagoa, eta langile eta antolaketa baliabide gehiago ditu Jakintza ikastegiak baino—itunpeko ikastetxe pribatua da—, hezkuntza premia bereziak dituzten edo hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak artatzeko. Horrek azaltzen du ikastetxe publiko batek funtsean gizarte eta hezkuntza arloko desabantaila egoera handiago batean dauden ikasleen proportzio handiagoa hartzea eta epez kanpoko matrikulak ere ikastegi horretara bideratzea; izan ere, hizkuntza indartzeko langile espezifikoak ditu, euskararen idatzizko eta ahozko ezagutza azkarrago lantzeko eta hobetzeko, eta, hortaz, ikasle horientzako kalitatezko hezkuntza berma dezake». Hori horrela, Hezkuntza Sailak adierazi zuen onartzen duela Arartekoaren gomendioa, baina uste dutela udalerriko hezkuntza premiei «arduraz eta ekitatez» erantzutea ahalbidetu duen eredua aplikatu dutela.

Aitzitik, Arartekoa ez dago ados. Are: nabarmendu du iruditzen zaiola Hezkuntza Sailak ez duela haren gomendioa onartu. Gogorarazi du gutxienez 2019tik daudela desorekak ikasleen banaketan, eta orduan jada eskatu ziola Hezkuntza Sailari «ikasleen banaketan oreka handiagoa lortzeko neurri zuzentzaileak» har zitzala. Alta: «Lehenengo jarduketa horietatik ia sei urte igaro dira, eta egoerak funtsean berdin jarraitzen du: oraindik ez da neurririk hartu hobera egin beharrean enkistatuta dagoela dirudien arazoa konpontzeko».

Gainera, ziurtatu du Hezkuntza Legean jasota dagoela aniztasunak eta zaurgarritasunak modu orekatuan banatuta egon behar duela funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztien artean. Horregatik, gaitzetsi egin du Hezkuntza Sailak desorekak justifikatzeko esatea eskola publikoek baliabide gehiago dituztela: «Lege agindu horren aurrean, Arartekoak ezin du onartu legeak aldarrikatzen dituen printzipioei aurka egiten dien desoreka egoera justifikatzea, eta desoreka hori justifikatzeko, besteak beste, sare publikoak itunpeko ikastegiek baino hezkuntza baliabide gehiago dituela argudiatzea, kasu honetan egin den bezalaxe». Eta nabarmendu du Hezkuntza Sailak oreka hori bermatu behar duela ezinbestean, baita behar diren neurriak hartu eta baliabideak eman ere.

Eskola publikoko gurasoak, babestuta

Urdanetatarrak guraso elkarteko Eneko Lasak Arartekoaren azken txostenaren balorazio baikorra egin du, eskola publikoko komunitateak urteetan defendatu duena berresten duelakoan. Alabaina, pozik bainoago, babestuta sentitu direla zehaztu du: «Pozik egongo ginateke egoera bideratzen ari dela ikusiko bagenu». Arartekoak babestuta; ez, ordea, Hezkuntza Sailak: «Gure sentsazioa momentu oro izan da Hezkuntza Sailak entzungor egin digula».

«Pozik egongo ginateke egoera [eskola segregazioa] bideratzen ari dela ikusiko bagenu»

ENEKO LASA Urdanetatarrak guraso elkarteko kidea

Orain Arartekoak halako txosten bat egin izanak «indarra» ematen diela nabarmendu du Lasak. Eta ekinean jarraitzekoak dira. Lasak azaldu duenez, lehenik, onartu beharra dago herrian «errealitate gordina» dutela eta orain arteko neurriek ez dutela funtzionatu. Gero, iruditzen zaio plan pilotuak jarri behar direla martxan Ordizian eta antzeko egoeran dauden beste herri batzuetan: «Kontziente gara hau hiru-bost urteko plana izango litzatekeela, eta herrian pedagogia lan indartsu bat egin beharko litzatekeela, Ordizian daukagun egoera eta irtenbideak sozializatzeko. Hezkuntza Sailari eskatu diogun plan pilotu horren planifikazioan esku hartze bat egin beharko litzatekeela, herriko bi ikastetxeak herriaren isla izan daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.