Eskola segregazioa kezka iturri da hezkuntzan, eta aparteko harrabotsa eragin izan dute zenbait kasuk, esaterako, Ordiziakoak (Gipuzkoa). Arartekoak txosten bat atera berri du, bertako egoera aztertzeko eta zenbait jarraibide emateko: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatu dio «neurri zuzentzaileak» har ditzala, Ordizian funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan ikasleen banaketan «oreka sustatzeko» eta eskola segregazioa saihesteko.
Ez da gisa bereko gomendioak ematen dituen lehen aldia. 2019an, kexa espediente bat izapidetu zuen, hainbat elkartek sustatuta. Espediente horren harira, Arartekoak Hezkuntza Sailari eskatu zion har zitzala neurri zuzentzaileak herriko bi ikastetxeen artean —Urdaneta eskola publikoa eta Jakintza ikastola— ikasleen banaketan oreka handiagoa lortzeko. Cristina Uriarte orduko Hezkuntza sailburuak esan zion onartzen zituela gomendioak, eta, harrezkero, Manu Lezertua buru duen erakundeak «aldian-aldian» informazioa eskatu zion, eta ikusi zuen egoera ez zela ona. «Ondorioz, Arartekoak ondorioztatu zuen Hezkuntza Sailak ez zuela bete egindako gomendioa. Horregatik, 2023ko urtarrilaren 12an, 597/2019/QC espedientea behin betiko ixtea eta artxibatzea erabaki zuen, eta xede bereko beste jarduketa batzuk hastea».
Horren emaitza da berriki publiko egin dutena. Hainbat datu aztertu ostean, Arartekoak ebatzi du oraindik ere «desoreka handia» dagoela ikasleen banaketan: «Urdaneta HLHIn, nagusiki atzerritar jatorriko ikasleak daude —zaurgarritasun sozioekonomiko edo gizarte eta hezkuntza zaurgarritasun handiena eta euskara ezagutza txikiena duten ikasleak izan ohi dira—; Jakintza Ikastola HLBHIPn, berriz, bertako ikasleak daude gehienbat —ez dakigu zein den familien euskara ezagutza, datu hori ez baita eman, eskatu arren—».
Horren erakusgarri, datu batzuk eman ditu: 2023-2024ko ikasturtean, Urdaneta eskola publikoan 214 ikasle zeuden Haur Hezkuntzan; horietatik 94 (%44) «bertakoak» ziren, eta 120 (%56) «atzerritarrak». Halaber, Jakintza ikastolak 197 ikasle zituen; horietatik 170 (%86) «bertakoak» ziren, eta 27 (%14) «atzerritarrak edo aberririk gabeak». Handik urtebetera, 2024-2025eko ikasturtean, datuak ez dira askorik aldatu. Urdanetan 216 ikasle daude guztira Haur Hezkuntzan; horietatik 94 (%44) bertakoak dira, eta 122 (% 56) «atzerritarrak». Jakintza Ikastolan, 186 ikasle daude; horietatik 157 (%84) «bertakoak» dira, eta 29 «atzerritarrak edo aberririk gabeak» (%16). Beraz: «Datu horiek erakusten dute hezkuntza sistemak ez duela konpondu Ordizian dagoen desoreka, eta ezin dela esan aniztasunaren banaketa egokia dagoenik, ezta printzipio gidariak —hala nola gizarteratzea, gizarte kohesioa eta ekitatea— bermatuta daudenik ere».
Azken hiru ikasturteetan, Hezkuntza Sailak aldaketak egin ditu matrikulazio prozesuan, segregazioa murriztu eta «ikasle zaurgarriak» modu orekatuagoan banatze aldera. Aurrematrikula egiterakoan, familiei inkesta bat betearazten diete, eta horrekin zehazten dute ume bat «zaurgarria» den edo ez. Familien egoera «sozioedukatiboa» ebaluatu nahi izaten da inkestaren bidez. Datu horiek aztertuta, zenbait familiak ez dute aukerarik izaten aukeratutako lehen ikastetxean matrikulatzeko seme-alabak. Alabaina, Ordizian behintzat, ez du behar besteko eraginik izan, EAEko Arartekoaren irudiko: «Ikasleak eskolan sartzeari, onartzeari eta eskolatzeari buruz onartutako araudi berria dela eta, Hezkuntza sailak ontzat jo du araudi horrek udalerrian izan duen eragina, baina erakunde hau ez dator bat balorazio horrekin. Era berean, uste du ezin dela esan eskola segregazioaren arriskua nabarmen gutxitzen ari dela, helburu hori lortzea nekeza izango baita neurri irmoagoak hartzen ez badira».
Eskaera zehatzak
Gauzak horrela, zera eskatu dio EAEko Arartekoak Hezkuntza Sailari: Ordiziarako «neurri zehatzak» hartzeko eta «aniztasuna modu ekitatiboan banatzeko» urratsen jarraipena eta ebaluazioa bultzatzen jarraitzeko. Horretarako, beren-beregi galdegin dio hezkuntza programazioan edo plangintzan eta ikasleen sarbidean eragitea, eta «beharrezko jarraibideak» ematea bere zerbitzuei, atzerriko ikasleak «modu orekatuan» banatzeko. Gainera, eskatu dio udaleko hezkuntza kontseiluaren funtzionamendua «sustatzeko edo bultzatzeko».