EAEko Auzitegi Nagusiak 679.000 euroko isuna ezarri dio La Pau anbulantzia enpresari

Eusko Jaurlaritzari arrazoia eman dio, eta isuna jarri dio iazko azaroa arte Araban eta Bizkaian anbulantzia zerbitzua eman zuen Kataluniako kooperatibari.

Anbulantzia bat, Basurtuko ospitalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Anbulantzia bat, Basurtuko ospitalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
kristina martin
2025eko abuztuaren 8a
17:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta 679.000 euroko isuna ezarri dio Grup La Pauri, Bizkaian eta Araban anbulantzia zerbitzua ematen zuen enpresari. Kataluniako kooperatiba horrek irabazi zuen bi lurralde horietan anbulantzia zerbitzua emateko lehiaketa publikoa, baina, langileen salaketak eta pazienteen kexak zirela medio, Eusko Jaurlaritzak kontratua eten zuen iazko urrian. Epaitegiaren arabera, La Pauk ez zuen errespetatu kontratua, Katalunian kudeatzen zituen beste zerbitzu batzuetara bideratu zituelako Osakidetzarako modu esklusiboan erabili beharreko anbulantziak. 

Izan ere, larrialdietarako eta programatutako anbulantzia zerbitzua adjudikatu ziotenean, La Pauk konpromisoa hartu zuen Bizkaian eta Araban 268 anbulantzia modu esklusiboan erabiltzeko. Kooperatiba horrek, baina, Katalunian ematen zituen beste zerbitzu batzuetara bideratu zituen ibilgailu horietako batzuk, eta epaitegiak ebatzi du horrek kontratu publikoaren baldintzak urratzen dituela.

La Pau kooperatibaren kudeaketa kaskarrak sindikatuen eta pazienteen ezinegona piztu zuen duela lau bat urte. Sindikatuek salatu zuten langileei ez zizkietela egin zegozkien ordainketa batzuk. Zerbitzuaren funtzionamenduaren inguruko larridurak goia jo zuen Iñigo Urkulluren gobernuan. Eusko Jaurlaritzak ez zuen ezer egin.

Iazko urrian, baina, Imanol Pradalesen gobernua osatu eta gutxira, Jaurlaritzak erabaki zuen zerbitzua etetea eta La Pauri isuna jartzea. Zerbitzuan etenaldia ez egoteko, urgentziazko lehiaketa publiko bat egin zuen. Bizkanb kooperatibak irabazi zuen Bizkaiko lehiaketa, eta Gipuzkoan zerbitzua ematen duen Gipuzkoako Anbulantziak enpresa zabaldu zuen zerbitzua Arabara. Enpresa berriak azaroan hasi ziren zerbitzua ematen.

Esklusibotasuna, zalantzarik gabea

La Pauk isuna baliogabetzeko eskatu zien epaileei. Haren iritziz, lehiaketaren baldintzetan ez zen zehazten anbulantziak modu esklusiboan erabili behar zituztenik. Osasun Sailak, baina, argudiatu zuen ordutegi zabala eskaintzen zuelako irabazi zutela lehiaketa, eta, konpromiso hori betetzeko, ibilgailu guztiak behar zituen nahitaez.

Epaileek ebatzi dute ibilgailuen esklusibotasuna «zalantzarik gabea» dela Kataluniako kooperatibaren eskaintzan, eta, isunari eutsi ez ezik, La Pauren gain utzi du epaitegietako prozeduraren kostua ere.

La Pauren egoera ekonomikoa ez da ona —hartzekodunen konkurtsoan dago—, baina Eusko Jaurlaritzak, kontratua eten zuenean, 12 milioi euro «konfiskatu» zituen bermeetan. Osasun Sailaren iturriek zabaldu dutenez, diru horretatik hartuko lituzkete isuneko 679.000 euroak, La Pauk ordaintzerik ez balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.