Babesa, egon, badago, baita urrats bat harago egiteko ekimena ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek autogobernuaren eta estatutuaren inguruan daukaten iritzia bildu du Eusko Jaurlaritzak 2026ko Ituna Inkestan, Jon Garro eta Asier Blas ikertzaileek egindako ikerketa baten bidez, eta emaitza irmoa da: Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %94 autogobernuari eustearen edo hura handitzearen alde daude. Horietatik bi herenek, %66k, pauso bat harago eman nahiko lukete, ordea, «lehentasuntzat» jo baitute estatutu berri bat diseinatu, negoziatu eta onartzea.
Eskaera ez da ausazkoa. Ikerketan ondorioztatu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren ia erdiek, %47k, uste dute autogobernua «ongizatea» lortzeko tresna bat dela. Halaber, «ongizatea» Kontzertu Ekonomikoaren emaitzarik nabarmenetakoa dela iritzi diote %53k. Hain justu, nabarmentzekoa da hamar pertsonatik bederatzik garrantzi «handia edo nahikoa» ematen diotela EAEren erabakitzeko ahalmenari, eta hamarretik zortzik babesten dutela Kontzertu Ekonomikoa; hots, Gernikako Estatutuak (%60) eta Lurralde Historikoen Legeak (%63) baino babes zabalagoa du.
Kontzertu Ekonomikoaren garrantzia are nabarmenago ikus daiteke ikerketan aipatutako egoera hipotetikoaren erantzunei erreparatuta. Espainiako Estatuak aldebakarrez kontzertua indargabetuko balu zer nahiko luketen galdetuta, independentzia babestuko luketela esan dute EAEko biztanleen erdiek, %51k. Egungo egoera mantenduz gero, lau herritarretik batek babestuko lukete independentzia. Ikerketak agerian utzi du, halaber, transmisio katean etenak egon litezkeela. Izan ere, 30 urtetik beherakoen %46k ezagutzen dute «asko edo zertxobait» Kontzertu Ekonomikoa; biztanle guztien artean, berriz, %58k.
Eskumen gehiago
Testuinguru jakin batean argitaratu dute ikerketa; hilabeteak dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE estatutua eguneratzeko negoziatzen ari direla. Bestalde, 1979ko estatutua bete dadin falta zaizkion eskumenak eskualdatzeko negoziatzen ari da Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin. Korapilo nagusia Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoan dago, eta propio horri buruz galdetu dute inkestan. Erantzuna argia da: hiru herritarretik bi (%64) Gizarte Segurantza Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen alde daude; %13 soilik agertu dira aurka.
Bestalde, euskal erakundeen lana balekotik gora neurtu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek: 6,25eko batez besteko puntuazioa du Eusko Jaurlaritzak; 6,21ekoa foru aldundiek, eta 6,16koa udalek; 4,96koa EB Europako Batasunak; eta, azkenik, 4,77koa Espainiako Gobernuak.
Garrok eta Blasek Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentrorako egin dute inkesta (EHU), Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren babesarekin. Datuak urtarrilaren 26tik otsailaren 23ra bitartean bildu zuten, 18 urtetik gorako biztanleei telefonoz egindako 1.200 elkarrizketaren bidez.