Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost gaztetik bati (%21,6) sare sozialetan mezuak bidali dizkiete etengabe, iruzkin desatseginak egin dizkiete, iraindu egin dituzte, mehatxu egin diete... Bostetik bati noizbait gertatu zaio; %2,1i askotan. Bost emakumetik batek sexu jazarpenen bat jasan du sare sozialetan (%20,3); gizonen kasuan %9,2 dira. Hamar gaztetik hiruk (%31,7) mezu, argazki edo bideo erotikoak jaso dituzte haien baimenik gabe azken urtean; lautik batek noizbait; eta %5,4k askotan. Emakumeen %38,3ri eta gizonen %25,7ri bidali dizkiete. % 2,7ri haien irudiak manipulatu dizkiete adimen artifizialaren bidez, kalte egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gaur aurkeztu du aurtengo Gazteak, sare sozialak eta informazioa txostena. Gazteek emandako erantzunetatik ateratako datuetako batzuk dira. Gazteek sare sozialak nola erabiltzen dituzten, informazioa nola jasotzen duten eta horrek guztiak haien iritzian duen eragina aztertu dute. Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean egindako bi inkestaren emaitzetan oinarritzen da txostena. Lehenengoan 2.500ek parte hartu zuten; bigarrenean 2.149k. «Txosten honek ez ditu sare sozialak deabrutzen, baina zera gogorarazten digu, haien erabilera masiboa dela eta, prebentzioko, hezkuntza digitaleko eta laguntza emozionaleko politika publikoak egin behar direla», esan du Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia gazte guztiek erabiltzen dute sare sozialen bat egunero (%98,2). Sare sozial kategoriatik kanpo daude berehalako mezularitza zerbitzuak, Whatsapp eta Telegram, esaterako. 20 eta 24 urte arteko emakumeak dira sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak; guztiek (%99,8) erabiltzen dituzte. Portzentaje guztiak dira oso handiak. Txikiena 15 eta 19 urte arteko gizonena da, baina hori ere %95ekoa. Ez dute sare sozial bakarra erabiltzen. Hamar gaztetik zazpik (%71,7) hiru baino gehiago erabiltzen dituzte batez beste. Portzentaje hori %35,6koa zen 2018an.
Ikerketaren egileek sare sozialtzat hartu dituzte Spotify, Apple Music eta streaming bidez musika entzuteko beste aplikazio batzuk. Irizpide hori aintzat hartuta, musika aplikazioak dira egunero gehien erabiltzen dituzten sare sozialak: hamarretik zortzik (%78,2) egunero edo ia egunero. Aplikazio horietatik kanpo, Instagram da gehien erabiltzen duten sare soziala egunero, musika aplikazioen pare (%76,8). Gutxiago erabiltzen dituzte Youtube (%54,8) eta Tiktok (%44,6).
Instagram informazio iturri
Ez dira sare sozial hutsak. Lautik hiru sare sozialen bitartez informatzen dira. Instagram da haien informazio iturri nagusia. Hirutik batek baino gehiagok egunero edo ia egunero jasotzen ditu albisteak telebistaren edo egunkarien webguneen bitartez. Egunero edo ia egunero egunkariak eta aldizkariak paperean irakurtzen dituztenak %4,5 dira.
Hamar gaztetik seik jarraitzen dute youtuber, influencer edo gamer-en bat. Emakumeek gizonek baino gehiago jarraitzen dituzte influencer-ak: emakumeen %65,2k eta gizonen %57,5ek. Jarraitu bai, sortu gutxiago: %7,4k sortzen dituzte edukiak Youtuben, Instagramen, Tiktoken, blogetan...Â
Oro har, gazteei sare sozialetan gehien interesatzen zaizkien edukiak kirolari buruzkoak dira (%39,5). Jarraian, bidaiei, umoreari, gastronomiari, elikadurari, bizimoduari, aisiari, ongizateari eta bideojokoei buruzkoak. Hala ere, alde handia dago gizonen eta emakumeen interesen artean. Gizonei kirolak (%51,4), bideojokoak eta umorezko edukiak interesatzen zaizkie gehien; emakumeei estilismoari (%40,5), bidaiei, bizimoduari, aisiari eta ongizateari buruzkoak. Kirola interesatzen zaien emakumeak %27,3 dira; estilismoa interesatzen zaien gizonak, berriz, %4,4.
Gaztelania, denek
Gaztelania da gazteen sare sozialetako hizkuntza nagusia. Ia gazte guztiek (%96,2) erabiltzen dute gaztelania sare sozialetan. Erdiek baino gehiagok (%58,9) erabiltzen dute ingelesa; erdiek baino gutxiagok (%43,6) euskara. Euskara erabiltzen dutenen ehunekoa hazi egin da 2022tik: %36,2 ziren orduan. Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute:Â %47,8 eta %39,7 hurrenez hurren. Gipuzkoako gazteen erdiek baino gehiagok erabiltzen dute (%54,8), eta Arabako (%36,0) eta Bizkaiko (%37,6)Â hiru gaztetik batek baino gehiagok.
Baimenik gabe haien informazio, argazki edo bideo konprometituren bat zabaltzea da hiru gaztetik biren kezka nagusia; iruzur egitea edota haien nortasuna ordezkatzea ere kezka garrantzitsuak dira gazteen erdientzat. Aipagarria da hirutik batentzat kezka iturri dela gorroto mezuak jasotzea, eta hamarretik hirurentzat Internet bidez sexu jazarpena jasatea. 15 eta 19 urte bitarteko emakumeetan erdiak baino gehiago dira (%51,5) sexu jazarpenagatik kezkatuak.
Gazte gehienek (%84,5) ikusi dute sare sozialetan beste pertsona bat iraintzen edo umiliatzen. 2018ko portzentajearen halako bi da.
Hamarretik hiruk ikusi dituzte egunero, nahita edo nahi gabe, immigrazioaren kontrako iruzkinak. 15 eta 19 urte arteko gizonen artean %37,4 dira, eta 25-29 urteko gizonen artean %38,4. Ia lau gaztetik bat (%23,5) dago egunero genero berdintasun politikak baztertzen dituzten edukien edo iruzkinen eraginpean.
Gizonen bazterketa
Hiru gaztetik bik (%67,5) ez dute uste emakumeen berdintasuna sustatzeko orain gizonak baztertzen direnik. Lautik batek uste dute baietz (%26,2). Gizonak baztertzen direla uste dute emakumeen %13,7k eta gizonen %38,2k. Genero indarkeria asmakeria ideologikoa da %7,1entzat.
Immigrazioari dagokionez, hamarretik ia bederatzik (%87,5) uste dute pertsona guztiek eskubide eta betebehar berdinak dituztela. %53,3rentzat immigrazioa beharrezkoa da ekonomiak aurrera egiteko; hirutik batentzat ez (%32,3).
Hamarretik batentzat klima aldaketa ez da giza jardueraren ondorioa, ziklikoki gertatzen den aldaketa bat baizik.