Eusko legebiltzarrerako bozak

EAEko bozetako parte hartzea %50,78ra jaitsi da

Segurtasun Sailak gaur eman ditu behin betiko emaitzak, mahai batzuetako zuzenketak eta atzerrikoen botoak jasota. Uztailaren 12an %52,86koa izan zen partaidetza. Orain arteko daturik txikiena da.

Herritar bat bozkatzen, uztailaren 12an, Elgoibarren (Gipuzkoa). JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 23a
13:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako behin betiko emaitzak, joan den ostiralean hauteskunde mahai batzuetako zuzenketak jasota eta Espainiako Estatutik kanpoko EAEko herritarren botoak zenbatuta, eta datu adierazgarri bat da parte hartzeak uztailaren 12tik bi puntu egin duela behera. Bozen egunean %52,86koa izan zen parte hartzea, 1980tik izandako txikiena, eta gaurko txostenak dakar azkenean %50,78koa izan dela. Orain dela 11 egun, 1.718.318 lagunekoa zen errolda, eta 1.794.316ra igo dute orain.

Herrialdeka, Araba %50aren azpitik ibili da parte hartzean: %49an. Bizkaiak %50,4koa izan du, eta Gipuzkoak, %52,18koa.

Segurtasun Sailak behin betiko emaitzez zabaldu duen dokumentuak jaso duen bezala, PP-C's-k legebiltzarkide bat irabazi du uztailaren 12ko kontaketatik. Joan den ostiralean Bizkaiko mahai batzuetako birkontaketan baieztatu zen 103 boto gutxiago eman zizkiotela bozen egunean. EH Bilduren kaltetan irabazi du eserleku hori. Ondorioz, EAJk 31 aulki izango ditu Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk 21, PSE-EEk 10, Elkarrekin Podemosek 6, PP-C's-k 6, eta Voxek 1.

Abuztuaren 3an eratuko dute legebiltzarra. EAJ talde irabazlea PSE-EErekin hasia da hitz egiten Jaurlaritza osatzeko, eta bi taldeek irailerako izan nahi dute gobernua.

Eusko Jaurlaritzaren gaurko txosteneko emaitza batzuk:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.