Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen erdiek baino gehiagok jasan dute sexu-jazarpen motaren bat: %57 dira, 532.018 andrazko. %53k pairatu dute jazarpen hori orokorrean, bikote harremanean zein eremu publikoan; %24,5ek, berriz, jazarpen errepikakorra jasan dute; eta %11,5ek lan arloan pairatu dute sexu bortizkeria hori. Gehienek erasoaz hitz egin dute gertuko norbaitekin, baina gutxik jarri dute salaketa.
Datu argigarriak bildu ditu Eusko Jaurlaritza indarkeria matxistaren inguruan egiten ari den ikerketaren bigarren txostenak. Uztailean aurkeztu zuten lehena, bikote barruko eta kanpoko bortizkeria fisiko, psikologiko eta sexualari buruzkoa: datuek azaleratu zuten andreen erdiek jasan dutela horrelako indarkeria molderen bat. Oraingoan, sexu jazarpenaren eragina aztertu dute hainbat eremutan. 16 eta 85 urte arteko 4.500 emakume elkarrizketatuz jaso dute informazioa.
«Sexu jazarpena da normalizatuen dagoen bortxazko jokabidea, eta onartezina da; batzuetan, intentsitate handiagoko beste indarkeria batzuen atarikoa izan daiteke»
NEREA MELGOSA Eusko Jaurlaritzako Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren sailburua
Txostenaren berri emateko gaur Bilbon egindako agerraldian, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak berretsi du halako ikerlanek «jauzi kualitatibo» bat dakartela bortxa matxistaren dimentsioa antzemateko: «Inkestak argi erakusten du indarkeria matxista estrukturala dela, eremu guztietan gertatzen dela eta modu batean baino gehiagotan». Hala ere, Nerea Melgosa Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren Eusko Jaurlaritzako sailburuak ohartarazi du sexu jazarpena «oso errotuta» dagoela gizartean: «Intentsitate txikiagoko indarkeria bat da, baina horrek ez du esan nahi ez dienik sufrimendurik eragiten milaka emakumeri. Sexu jazarpena da normalizatuen dagoen bortxazko jokabidea, eta hori onartezina da; zeren, gainera, intentsitate handiagoko beste indarkeria batzuen atarikoa izan baitaiteke batzuetan».
1
Sexu jazarpena
Jaurlaritzaren datuen arabera, ia milioi erdi emakumek jasan dute sexu jazarpena —ez errepikakorra— bikote harremanean edo bikotetik kanpoko abaguneetan: 495.397 lagun, andrazkoen %53,1. Inkestatuek adierazi dutenez, sexu jazarpeneko molde ohikoenak hauek dira: begiratu lizunak egitea edo behin eta berriro begiratzea —%37,4k diote halakoak jasan dituztela—, eta nahi gabeko kontaktu fisikoa izatea (%30), hala nola beharrezkoa ez denean hurbiltzea, gorputzeko atalak ukitzea, musuak eta besarkadak ematea... Ohikoak dira, era berean, sexu keinuak eta exhibizionismoa (%22); sexu txantxak edo gorputzari zein bizitza pribatuari buruzko iruzkin iraingarriak (%18,6); edota sexu harremanen bat izateko iradokizun desegokiak (%13,5).
«Halako jokabideek deseroso sentiarazi, umildu edo kikildu egiten dituzte emakumeak», azaldu du Elgarrestak. Nabarmendu du, gainera, neskak oso gazte hasten direla halako portaerak jasaten: %21,5, 15 urte bete aurretik. Orokorrean, sexu jazarpeneko molde guztien prebalentzia handiagoa da 16-29 eta 30-44 urteko adin tarteetan —%73 eta %69, hurrenez hurren—, baina Melgosak uste du gazteek errazago detektatzen dituztela halako jokabideak adinekoek baino: «Sentsibilizazio handiagoa dute; orain arte ezkutuan egon diren jardunak ikusgai jartzen ari dira orain».
Erasotzaileaz galdetuta, emakumeen %42k adierazi dute ez zutela ezagutzen. Aldiz, %18ri gertuko gizon bat jazarri zaie, %3k bikote harremanean jasan dute jazarpena, eta %2,4k familian. Halere, %34k esan dute eremu batean baino gehiagotan pairatu dutela jazarpena, eta pertsona batek baino gehiagok eraginda.
%4,9Laguntza jaso duten emakumeak. Inkestatuen ia %5ek adierazi dute laguntza medikoa edo psikologikoa behar izan dutela sexu jazarpenaren ondorioz, eta halakorik jaso ez dutenen %8k uste dute jaso behar zutela; bortizkeria hori bikote harremanaren barruan pairatu duten andreen artean, berriz, gehiagok jaso dute laguntza: %21,7k. Jazarpenak eragindako ezinegonari aurre egiteko, botikak edo drogak hartu dituzte %4,7k.
Edonola ere, gehienetan, sexu jazarpena ez dute isilpean gorde: %79,4k lagun edo senideren batekin hitz egin dute gertatuaz. Dena den, %6,4k baino ez dute aurkeztu salaketa, hainbat arrazoirengatik: gertaerak ez dituztelako delitu gisa identifikatu, prozesu judizial bateko zailtasunei aurre egin behar ez izateko, edota errua, lotsa edo blokeo emozionala sentitu dutelako. Halere, jazarpena bikote harremanean gertatzen denean, gehiagok jotzen dute auzitara: %22,8k. %73,9rentzat egoerak hobera egin du salaketa jarri ondoren: jazarpen ekintzak gelditu edo murriztu egin dira.
2
Jazarpen errepikakorra
Sexu jazarpenaren barruan, badira behin baino gehiagotan gertatzen diren jarduerak. Andreen %24,5ek pairatu dute halakoren bat: jarraitzea edo zelatatzea (%11,9); telefonoz dei lizunak, mehatxagarriak, gogaikarriak edo isilak jasotzea (%10); norbait behin eta berriz harremanetan jartzen saiatzea edo zain egotea (%9,5); edota nahi gabeko mezuak jasotzea, bai sare sozialetan, bai gutun edo opari bidez (%9,3).
Behin baino gehiagotan gertatzen da jazarpen mota hori, eta horren adierazle, datu bat: inkestatuen %41ek esan du eraso horiek egunero edo astero gertatu direla, eta ia %28k, azken sei hilabeteetan pairatu dutela halakoren bat. Erasotzaileaz galdetuta, gutxiago dira ezezagunak (%11,5), eta gehiago gertuko ezagunak (%7,8) eta bikotekide ohiak (%5,8).
Halako erasoak behin eta berriz gertatzen direnez, emakume gehiagok hitz egiten dute jazarpenaz gertukoekin (%85,6). Kalean gertatzen den jazarpenarekin alderatuta, emakume gehiagok salatzen dute jazarpen errepikakorra, baina bikote eremukoa baino gutxiagok: %13,7k.
3
Ziberjazarpena
Eremu digitalean, emakumeen %14,3k jasan dute sexu jazarpena, eta %13,4k behin baino gehiagotan. Ziberjazarpen sexualeko jarduera ohikoenak hauek dira: sare sozialetan iradokizun desegokiak jasatea (%9), sexualki esplizituak eta desegokiak diren testu mezuak edo mezu elektronikoak jasotzea (%6,3), edota mintzea, umiltzea edo kikiltzea eragin duten irudi sexualak jasotzea (%5,3). Melgosak ohartarazi du sare sozialak eta adimen artifiziala armatzat erabil daitezkeela halakoetan: «Gizarte gisa interpelatzen gaitu horrek».
4
Lan eremuko sexu jazarpena
Inkestako datuen arabera, etxetik kanpo lan egin duten andrazkoen %13,2k jasan dute inoiz sexu indarkeria edo jazarpen motaren bat eremu horretan: 97.566 emakume dira denera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %2,1ek pairatu dute indarkeria fisikoa, %1,4k sexu bortizkeria, eta %11,5ek sexu jazarpena. Azken horien artean, gainera, askok pairatu dute behin baino gehiagotan: %32,5ek diote egunero edo astero jasan dutela edo jasaten ari direla.
Sexu jazarpenean bezala, lan eremuan ere ohikoak dira begirada lizunak edo errepikakorrak (%6), txantxa sexualak edo gorputzari zein bizitza pribatuari buruzko iruzkin iraingarriak (%4), eta nahi gabeko kontaktu fisikoa (%4). Erasotzaileari dagokienez, txostenak nabarmendu du ez dagoela beti harreman hierarkikorik, baina egilea beti dela gizonezkoa: kasuen %37,4an, lankidea; %29an, nagusia; eta %32,9an, lan eremuko beste norbait, hala nola bezeroak, hornitzaileak... Era berean, biktimen %38,3k jakinarazi dute jazarpenean pertsona batek baino gehiagok parte hartu dutela; halako egoeren %81ean erasotzaile guztiak gizonezkoak izan dira.
Enpleguan jazarpena pairatutako emakumeen %3,8k baino ez du jaso laguntza medikoa edo psikologikoa gertaeroi aurre egiteko, baina %9,3k lana edo ikasketak utzi behar izan dituzte aldi baterako; eta jazarpena errepikatua izan denean, %16,4k. Era berean, %82k hitz egin dute lagunekin edo senideekin bortizkeria horri buruz, baina ez da hain ohikoa lankideekin mintzatzea: ia %43k ez du laneko inorekin hitz egin jazarpenaz.
«Garrantzitsua da enpresek jazarpenaren aurkako protokoloak egitea eta enpresa barruan bide konfidentzial bat ematea emakumeei halako jokabideak jakinarazteko»
MIREN ELGARRESTA Emakundeko zuzendaria
Baina Jaurlaritzaren txostenean ohartarazpen garrantzitsu bat bildu dute lan eremurako. Izan ere, lan eremuko sexu jazarpeneko kasuak ia ez dira iristen auzitegietara: %4,1ek baino ez dute salaketarik jarri. Andreek eurek deitoratu dutenez, lantokietan ere ez dago halakoak jakinarazteko eta bideratzeko mekanismorik: %63k adierazi dute enpresak ez duela berariazko prestakuntzarik ematen sexu jazarpeneko kasuetan gauzatu beharrezko prozeduraz, eta %58k esan dute enpresan ez dagoela pertsonarik edo sailik halakoetan emakumeei informazioa edo laguntza emateko.
Beraz, asko dago hobetzeko, Elgarrestaren hitzetan: «Garrantzitsua da enpresek jazarpenaren aurkako protokoloak egitea eta horien bidez enpresa barruan bide konfidentzial bat ematea emakumeei halako jokabideak jakinarazteko eta azkar konpontzeko». Melgosak ere nabarmendu du indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa denona dela, eta enpresena ere bai: «Enpresek mekanismoak jarri behar dituzte emakumezko langile horiengana hurbiltzeko eta baliabideak eskaintzeko. Baina lankideek ere jazarpen molderen bat ikusten badute, ezin dute ez ikusi egin: salatu egin behar dute. Izan ere, emakumeen aurkako jazarpena botere harremanen eta diskriminazioaren adierazle bat da, eta egiturazko desberdinkeriak betikotzeko funtzioa du».