EAE Euskal Autonomia Erkidegoko hamar gaztetatik zazpik uste dute turismoak eragin negatiboa duela; eta ez hori bakarrik, hamarretik bederatzik turismoari leporatu diote alokairuen prezioen garestitzea. Gurea Geroa parte-hartze proiektuak «euskal turismo ereduaren etorkizuna» irudikatzeko prozesu parte-hartzaile bat egin du, eta gaur aurkeztu ditu emaitzak Eusko Legebiltzarrean. Taldeko kideek esplikatu dutenez, galdekatutako hamar gaztetatik bederatzik uste dute turismoa «gehiegi» hazi dela, eta hamarretik zazpik, berriz, EAEko turismo eredua «ez dela iraunkorra».
Prozesuaren helburua ez da hertsiki datuak lortzea izan, baizik eta «zubi bat» eraikitzea gazteen eta ordezkari publikoen artean, prozesuaren antolatzaileek erran dutenez. «Turismo ereduak inpaktu zuzena du gazteengan, eta guk gaia hizpide hartu nahi izan dugu, zerbait egin behar baita horren inguruan».
Horretarako, EAEko 2.000 gazte baino gehiago bildu dituzte, eta lanean jarri: galdetegi bat erantzun behar zuten lehendabizi, eta, ondotik, proposamen eta gomendio sorta bat diseinatu gero legebiltzarkideei eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei erakusteko. Datu anitz atera dira galdetegian, eta, proiektuko kideek esplikatu dutenez, haietako anitz ados daude elkarren artean. Hona hemen adibide bat: %85ek uste dute EAEko hirietako gurutzaontzien eta autobus turistikoen kopurua mugatu egin beharko litzatekeela. Edo bertze bat: parte hartzaileen irudiko, Gipuzkoan eta Bizkaian dago arazorik handiena. Masifikazioa, etxebizitzaren garestitzea eta ingurumen degradazioa dira faktore eragile nagusiak, esplikatu dutenez.
Gomendio eta proposamen sortari dagokionez, honako hauek dira legebiltzarrera eramandako batzuk: muturreko klima egoerei aurre egiteko segurtasun neurriak hartzea, bertako dendetan deskontu txartelak egitea, eta «euskal nortasuna kulturaren bueltan» eraikitzea.
Halaber, Gurea Geroa proiektua Osoigo entitateak bultzatu du, eta Laboral Kutxaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza jaso du. Ez da, ordea, Gurea Geroak egiten duen lehen parte-hartze prozesua, urtero egiten baitu gazteen galdetegiren bat edo bertze.