Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek eguneko 0,75 eta bost euro artean kobratu ahalko dizkiete turistei

Foru aldundiek tasa turistikoaren foru arauaren aurreproiektuak aurkeztu dituzte. Tasaren gutxieneko eta gehienezko kopuruak zehaztu dituzte, ostatu motaren arabera. Uda honetan jarri nahi dute indarrean.

Turistak Bilboko Arriaga antzokiaren parean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Turistak Bilboko Arriaga antzokiaren parean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jakes Goikoetxea - Ibai Maruri Bilbao
2026ko otsailaren 5a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

0,75 euro egun bakoitzeko izar bateko hoteletan, ostatu etxeetan, kanpinetan, landa turismoko ostatuetan eta aterpetxeetan ostatu hartzen dutenei; bost euro, berriz, bost izarreko hoteletan ostatu hartzen dutenei edo gurutzaontzietan iristen direnei. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zehaztu dute udalek zenbateko tasa turistikoa kobratu ahalko dieten turistei. 0,75 eta bost euro arteko kopuruak ezarri dituzte eguneko, ostatu motaren arabera. Uda honetan bertan jarri nahi dute indarrean.

Aldundiek gutxieneko eta gehienezko tasak ezarri dituzte ostatu mota bakoitzarentzat. Bost izarreko hoteletako eta gurutzaontzietako turistek, esaterako, gutxienez bi euro eta erdi ordainduko dituzte egun bakoitzeko, eta bost euro gehienez; izar bateko hoteletakoek, ostatu etxeetakoek, kanpinetakoek, landa turismoko ostatuetakoek eta aterpetxeetakoek, 0,75 euro gutxienez eta euro eta erdi gehienez.

Gehienez bost egun

Ostatu bakoitzean egindako egonaldiengatik kobratuko diete zerga turistei. Gehienez bost egunetako tasa turistikoa. Hori bai, ostatuz aldatzen badute, berriro ordaindu beharko dute, baita herri bereko ostatua bada ere. Esaterako, pertsona batek astebete pasatzen badu hiru izarreko hotel batean, bost egunetako tasa turistikoa kobratuko diote. Kasu horretan, euro eta erdi eta hiru euro artean egun bakoitzeko. Gero herri horretako landetxe batera joaten bada beste astebete pasatzera, beste bost egunetako tasa turistikoa ordaindu beharko du: kasu horretan 0,75-1,5 euro egun bakoitzeko.     

Hala ere, beren herri edo hirietako ostatuetan bisitarientzako 750 leku edo gehiago dituzten udalek aukera izango dute gehienezko tasak %50 garestitzeko. Hala eginez gero, bost izarreko hoteletako turistek 7,5 euro ordainduko lituzkete eguneko. Herriren bateko ostatuetan bisitarientzako 25 leku edo gutxiago baldin badaude, udalek aukera izango dute tasa turistikorik ez kobratzeko. Udal ordenantza bat onartu beharko dute horretarako.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek gaur aurkeztu dituzte egonaldi turistikoaren gaineko zergaren foru arauen aurreproiektuak. Hiru erakundeek elkarrekin landutako eta hitzartutako arauak dira, berdin-berdinak. Foru arauaren aurreproiektuak jendaurrean egongo dira, herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko: Araban, otsailaren 18ra arte; Bizkaian, otsailaren 20ra arte, eta Gipuzkoan, martxoaren 5era arte. Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Aste Santuaren aurretik onartuko du, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ekaineko osoko bilkuran onartzea espero dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du martxoaren 17ko Gobernu Kontseiluan onartu nahi duela. Gero Batzar Nagusietan eztabaidatu eta onartu beharko dute. Uda honetan bertan hasi nahi dute tasa turistikoa kobratzen. 

Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa dute EAJk eta PSE-EEk. Araban eta Gipuzkoan, ez. Beraz, ikusteko dago ea Araban eta Gipuzkoan onartu ahal izango den, eta, onartzekotan, jatorrizko proposamenak aldaketarik izango duen. Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak uste du ez dela arazorik izango. «Orain arte alderdiek esandakoa entzunda, zerga honen aldeko gehiengoa dago», esan du gaurko aurkezpenean.

Ipar Euskal Herrian indarrean dago tasa turistiko: bost izarreko hotel batean gau bat pasatzeagatik 3,50 eurokoa da tasa, eta kanpin batean, 60 zentimokoa. Nafarroan ez dute asmorik tasa turistikoa ezartzeko. Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Turismo kontseilariak iazko irailean parlamentuan esan zuen tasa turistikoak ez duela laguntzen «etorkizuneko masifikazio egoera prebenitzen eta konpontzen». Uste du Nafarroan ez dagoela gehiegizko turismorik.

Udalen esku

Batzar Nagusietan onartu eta aldizkari ofizialetan argitaratu eta gero, udalek gehienez sei hilabete izango dituzte beren udal ordenantzak foru arau berriei egokitzeko. Beraz, epeak betez gero, 2027an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatu guztiek kobratuko dute tasa turistikoa. Herriren batek sei hilabetean araudia egokituko ez balu, ostatu bakoitzerako ezarritako gehienezko kopuruak aplikatuko lirateke. Ostatuek kobratuko dute zerga, baina dirua udalentzat izango da. Izan ere, turismoaren gaineko zerga udal zerga bat izango da. Udalek eurek erabakiko dute euren herrian zenbatekoa izango den turistek ordaindu beharreko kopurua, tokian tokiko egoerara egokituta.

Zenbat diru jasoko dute udalek? Berrojalbizek uste du ez dela erraza zerga horren bidez zenbat diru bilduko den aurreikustea. Hala ere, kalkulatu dute hamar eta hogei milioi euroren artean izan daitekeela Bizkaian. Berrojalbizek nabarmendu duenez, zergaren helburua da bisitariek tokian tokiko zerbitzu publikoetan eragindako karga konpentsatzea. Dena den, udalek ez dute bildutakoa turismoaren ondorioak arintzera bideratu beharko. Beste edozein zergarekin gertatzen den moduan, udalaren aurrekontuaren parte izatera pasatuko da, eta haiek erabakiko dute gero zertan inbertitu.  

Adingabeak salbuetsita

Etxebizitza turistikoek ere kobratu beharko dute tasa turistikoa: egun bakoitzeko bi euro gutxienez, lau euro gehienez. Bai etxe osoa eskaintzen badute, bai logelak eskaintzen badituzte. Gurutzaontzien kasuan, Bizkaiko edo Gipuzkoako porturen batean geldialdia egiten dutenean kobratuko diete tasa turistikoa. Askotan orduetako egonaldia baino ez dute egiten. Denbora gehiago egingo balute, 24 orduko tarteengatik ordainduko lukete. 

Aurreproiektuak ezarri ditu salbuespenak: ez dute tasa turistikorik ordaindu beharko administrazio publikoek programa sozialen bidez helburu turistikoetarako antolatutako egonaldietako pertsonek; adingabeek; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenek; bigarren edo hirugarren mailako mendekotasuna duten pertsonek; ikasleek; ikerketa akademikoetako edo administrazioaren talentu programetako parte hartzaileek; eta osasun arrazoiengatik egonaldiak egiten dituztenek eta haien laguntzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.