EAEn etxebizitzek 35 metro koadro erabilgarri izan beharko dituzte gutxienez

Jaurlaritzak Etxebizitzen Bizigarritasun Dekretua onartu du. Bizitokiek izan beharko dituzten gutxieneko baldintzak arautu dituzte horren bidez

gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Etxebizitzen Bizigarritasun Dekretua onartu du, eta, horren bidez, bizitokiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan beharko dituzten ezaugarriak eta gutxieneko baldintzak arautu ditu. Esaterako, aurrerantzean etxebizitzek 35 metro koadro erabilgarri izan beharko dituzte gutxienez, eta horri beste lau metro koadro gehitu beharko zaizkio, balkoi edo terrazarako.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak azaldu duenez, asmoa da «egungo etxebizitza zurrun baina erreformagarritik, etxebizitza aldakor eta malgura» pasatzea, hau da, «etxebizitzaren banaketa aldatzeko eta hartan bizi direnen bizitzako etapetara egokitzeko aukera emango duen bizitokia» lortzea.

Dekretuak alderdi hauek arautzen ditu: neurriak, banaketa eta orientazioa; kanpoko espazioak eta egonlekuak; erosotasun termikoa; ekipamendua; osasungarritasuna; argiztapen naturala; jasangarritasuna; irisgarritasuna; segurtasuna; erabilera, eta mantentze lanak.

Arriolak zehaztu du aurrerantzean eraikiko diren etxebizitza berri guztiek bete beharko dituztela baldintza horiek, bai eta etxebizitza zaharrek ere, guztiz eraberritzeko lanak egiten badira. Lehendik eraikitako etxebizitza batean eraberritze osoa ez dakarten obrak egiten badira, ez da beharrezkoa izango dekretuan agertzen diren arauak betetzea.

Dekretua uda ostean argitaratuko da Aldizkari Ofizialean, eta gero hiru hilabeteko epea egongo da indarrean sartu aurretik. Beraz, Jaurlaritzak espero du urtea amaitu aurretik indarrean egongo dela dekretu berria. Hortik aurrera, udalerriek hiru urteko epea izango dute plangintzak eta ordenantzak dekretu berriaren arabera egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.