LABen arabera, politika aktiboen transferentzia soilak ez du «ia eraginik» izango Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian. Politika pasiboen gaineko eskumenik eta arautzeko gaitasunik gabe transferentzia horrek ez duela enplegu galera geldituko, enplegua bera bultzatuko eta horren kalitatea hobetuko adierazi du. Hala, lan politika eraginkor bat garatzeko, «subiranotasun osoa» beharrezkoa dela adierazi du. «Erabakitzeko gaitasuna ez da aldarrikapen abstraktu bat. Egungo esparru juridiko-konstituzionalean Estatuaren eskumen esklusiboak dira Gizarte Segurantza eta lan legislazioa», esan du prentsa ohar baten bidez. Sindikatuak gogoratu du lan politika aktiboen eskumena duten autonomia erkidegoetan ez dela aurrerapenik egin lana sortzeko orduan.
LABek dio lan politika pasiboak akordiotik kanpo utzita EAJk uko egin diela lan politika «propio eta integral» bat garatzeko beharrezkoak diren tresnei. Sindikatuaren arabera, Gernikako Estatutura «mugatu» da alderdi jeltzalea, euskal langileei «bizkarra emanez». «EAJk ez du onartu nahi Estatutuaren porrota, eta ez da gai euskal gizarteak behar eta eskatzen duen eztabaidan murgiltzeko».
Era berean, LABek uste du EAJk «ordaindu» egingo duela Espainiako Gobernuarekin eginiko akordioa. Sindikatuaren arabera, lan politika aktiboen transferentziaren trukean Espainiako Gobernuaren 2011ko aurrekontuak onartu beharko ditu alderdi jeltzaleak.
ELAk, berriz, akordioaren sinatzaileen jokabidea kritikatu du. «Informazioaren ordez propaganda eta iritzi interesatua» hedatu dutela salatu du, eta akordioren edukia azaltzeko eskatu die bi aldeei. «Ez dakigu zer hitzartu duten. Hau larria da, enplegu politikak langile klasearentzat oinarrizko gai bat direlako», adierazi du ohar batean.
UGT eta Confebask, pozik
Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiarentzat, aldiz, «albiste pozgarria» izan da akordioa lortzea. «Oso ona da Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen eskumena jasotzea. EAE zen eskumen hori ez zeukan Espainiako erkidego bakarra».
Miguel Lazpiur Confebask EAEko enpresaburuen elkarteko presidenteak ere txalotu du akordioa. «Albistea bikaina da enpresaburuentzat, langileentzat eta langabeentzat», esan du. Eskumen horren bitartez langileen gaitasuna hobetuko dela dio. «Krisitik irteteko lagunduko digu, langabeen prestakuntza eta berkalifikazioa gaurko euskal lan merkatura egokituz».
EUSKO LEGEBILTZARREKO POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA
EAJ Estatutura mugatu izana salatu du LABek
Lan politikak egoki garatzeko «subiranotasun osoa» beharrezkoa dela adierazi du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu