Kezka eragin du euskara eskakizunen aurkako oldarraldi judizialak, eta eragile politikoak ahalegintzen ari dira aferari irtenbidea ematen, baina ez dirudi Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien artean adostasunik dagoenik gai horren inguruan. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Arabako EAJren lehendakari Jone Berriozabalek esan du saiatzen ari direla PSE-EErekin akordio bat lortzen «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko», eta akordio hori «aste honetan bertan» egitea espero dutela. Baina PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ez du «pisuzko arrazoirik» ikusten lege esparrua aldatzeko, eta ez du uste hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judizialak orain arteko egoera «hainbeste» aldatu duenik.
Berriozabalek «kezka» azaldu du hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpen judizialak «orain arte lorturiko adostasunak higatzen» ari direlako. Kezka horrek eraginda, jeltzaleek elkarrizketei ekin diete, bai alderdian eta bai alderditik kanpo: esan duenez, hizketan ari dira zuzenbidean adituak diren zenbait aholkularirekin eta gobernuan bazkide dituztenekin, hau da, sozialistekin ere bai, akordio bat egin nahian.
Berriozabal itxaropentsu agertu da ados jartzeko aukerak direla eta, baina Anduezaren ikuspegia oso bestelakoa da: «hitz egiteko eta adostasunak indartzeko prest» agertu den arren, ez du arrazoirik ikusten aurreko agintaldian onartutako dekretua aldatzeko. Eta garrantzia kendu die euskara eskakizunak apaltzen dituzten ebazpen judizialei: «Ez dira euskararen kontrakoak, zenbait langileren eskubideen aldekoak baizik».
Berriozabalek espero du akordioa lortzea, baina, edonola ere, ohartarazi du EAJ «egin behar duena egiteko» prest dagoela, eta «pauso bat» emango duela «euskararen normalizazio prozesuan aurrera jarraitzeko».
Ohartarazpena ez da Anduezaren gustukoa izan. Haren iritziz, «oker larria» litzateke EAJ «bere kasa» aritzea gai horretan, hori «adostasuna apurtzea» eta «EH Bilduren uberan ibiltzea» bailitzateke. «EAJren aldebakarreko erabakia litzateke hori, guk ez baitugu horrelakorik erabaki, eta ez luke inolako onurarik ekarriko inorentzat».
Eskubideak, bermatu gabe
Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da herritarren hizkuntza eskubideen auzia; izan ere, Ines Ibañez de Maeztu jarduneko arartekoak agerraldia egin du Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, EH Bilduk eskatuta. Esan duenez, iritsi zaizkien kexek argi adierazten dute herritarren hizkuntza eskubideak ez direla beti «bermatu» administrazio publikoarekin izandako harremanetan.
Arartekoak behin baino gehiagotan gomendatu die administrazioei «beharrezkoak diren neurriak» har ditzatela eskubide horiek bermatzeko, «egungo lege esparruak ematen dituen aukera guztiak baliatuz» horretarako.
Ibañez de Maezturen esanetan, kexa gehienek «euskararen kontrako diskriminazio egoerekin» eta arreta euskaraz jasotzeko «zailtasunekin» dute zerikusia. Horren arrazoia da, arartekoaren iritziz, euskara «hizkuntza gutxitu eta zaurgarria» dela, eta gaztelaniarekiko «egoera asimetrikoan» dagoela.
Agerraldiaren osteko eztabaidan, EAJko legebiltzarkide Alaitz Zabalak berretsi du hizkuntza eskakizunen kontrako oldarraldi judizialak kezka sortzen duela: «Ebazpen horiek erakusten dute oraindik ere zailtasunak ditugula euskara erabiltzeko administrazioan eta zerbitzu publikoetan». «Herritarrei zerbitzua emango dien administrazio publiko elebidunaren» alde egin du EH Bilduko Josu Aztiriak: «Bide horretan aurrera egin behar dugu, eta baditugu horretarako baldintza soziolinguistikoak». PSE-EEko Maider Lainezek, berriz, esan du euskara «neurriz» sustatu behar dela, «errealitatea eta legea aintzat hartuz, eta langile publikoen eskubideak arriskuan jarri gabe».