EAJ eta PSE, «lehenbailehen» ituna negoziatzearen aldeko

EH Bilduk ez du argitu inbestidurara hautagaitzarik aurkeztuko duen. Lehendakaria izendatzeko eperik ez dago, baina baliteke ekain erdialdera izatea.

Iñigo Urkullu, Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, EAJ-PSE gobernu itunaz balorazioa egiteko bileran, otsailean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iñigo Urkullu, Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, EAJ-PSE gobernu itunaz balorazioa egiteko bileran, otsailean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
aitor biain
2024ko apirilaren 22a
13:05
Entzun

Alderdi politikoek gaur ekingo diote Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek utzitako emaitzak xehe-xehe aztertzeari, baina, sakontasunean sartu aurretik ere, hasiak dira balorazio orokorrak egiten. Nolanahi ere, nork bere irakurketa propioa egin du bozek utzitako jokalekuaz eta indar harreman berriez.

EAJ: entzuteko prest

EAJ pozik dago emaitzarekin. Hala adierazi zuten atzo, Sabin Etxean, emaitzak jakinarazi eta berehala egindako agerraldian. Eta hala adierazi gaur Itxaso Atutxak ere. Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gogorarazi du alderdi jeltzalea dela boto gehien jaso dituena, eta, beraz, lehen indarra. Ez du ezkutatu, hala ere, EH Bilduk izan duen igoera nabarmena, eta adierazi du gizartean aldaketarako nahia baldin badago «entzun» egin behar dela. 

Kanpainan mesfidantza agertu dute sozialistekin, baina argi adierazi dute koalizio gobernua errepikatzeko nahia. Bada, emaitzen bistara, Atutxak ziurtzat jo du aukera, eta esan du bi alderdiek «lehenbailehen» hasiko dituztela elkarrizketak. «Lehentasunezko bazkidea da. Ez dugu inoiz ukatu nahi hori, eta haiek ere ez». Halaber, onartu du ulertuko lukeela PSEk ordezkaritza handiagoa eskatuko balu Jaurlaritzan, baina nabarmendu du ez dela berria hori. 

Ordezkaritza hori zertan islatuko den ere ikusi egin beharko da, Atutxaren hitzetan: «Sail gehiagori buruz hitz egiten ari garen ere ikusi beharko dugu, eduki desberdinei buruz hitz egiten ari garen, edo zertaz... Oso goiz da oraindik gobernuaren osaeraz hitz egiteko». Gogorarazi du Jaurlaritza berriaren egitura erabakitzearen ardura Imanol Pradales lehendakarigaiarena dela.

PSE-EE: pisua nahi du Jaurlaritzan

EAJ-PSE-EE gobernu itunaz hitz egiteko «lehenbailehen» esertzearen alde agertu da Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia ere, «Euskadi ez baitago denbora galtzeko, eta PSE ere ez». Pozik agertu da Andueza sozialisten emaitzekin, eta berretsi du Jaurlaritza berrian «presentzia handia» izan beharko dutela: «Pisu espezifikoa izan behar du, batez ere politika aurrerakoiak bermatuta egon daitezen, eta, jakina, kudeaketa ona nagusitu dadin».

Anduezak adierazi du herritarrek ulertu dutela PSE-EE «aniztasunaren, egonkortasunaren eta kudeaketa onaren bermea» dela, eta iritzi dio sozialistek gobernuan izan duten «papera aitortu» dutela. Izan ere, EAJk agintean egotearen «higadura» jasan badu ere, PSE-EE «indartuta» atera dela azpimarratu du, eta ohartarazi du «erabakia» orain bere esku egongo dela. Ez du aurreratu, dena den, bera sailburu izango den: «Ez da unea».

EH Bildu: oposizioari so

EH Bildu ere pozik dago hauteskundeetan lortutako emaitza «historikoekin». Pello Otxandiano lehendakarigaiak nabarmendu du koalizio subiranistak «hazkunde ikusgarria» erdietsi duela, eta iritzi dio horrek «jokaleku berri bat» irekitzen duela, besteak beste, EAJri «aurrez aurre» begiratzen diolako jada EH Bilduk. 

Otxandianok gogorarazi du legebiltzarra nagusiki abertzalea eta subiranista izango dela, baita gehiengoz ezkertiarra ere. Eta uste du horrek gizartea planteatzen ari den «herri mandatu bati» erantzun behar diola: «Uste dut horrek bide eman behar diola bazterketan oinarrituta ez dagoen, gobernantza irekian oinarrituta dagoen eta benetan herriaren agindu hori jasotzen duen politika berri bati», argudiatu du.

Inbestidura saioan hautagaitza aurkeztuko duen galdetuta, Otxandianok esan du oraindik goiz dela ezer esateko. Hala ere, ziur da PSE-EE eta EAJren gobernu ituna errepikatu egingo dela: «PSEren jarrera argia da, eta ez du merezi aldatzen saiatzea, ez baita aldatuko». Oihana Etxebarrieta EH Bilduren kanpainako buruak BERRIAri adierazi dio EAJri utziko diola gobernua osatzeko iniziatiba.

Ezker konfederala: zatiketaren ajearekin

Elkarrekin Podemos legebiltzarretik kanpo geratu da; ez du ordezkaritzarik lortu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pilar Garrido Podemos Euskadiko idazkari nagusiak aitortu du ezker konfederaleko alderdien arteko zatiketa «zigortu» dutela hautesleek, eta Sumarrekin akordiorik lortu ez izana gaitzetsi du. Hala ere, gogorarazi du Elkarrekin Podemosek ordezkariak dituela Batzar Nagusietan eta udaletan, eta azpimarratu du erakunde horietan «lan ona» egiten saiatuko direla: «Jarraituko dugu munizipalismo asko egiten, eta Elkarrekin Podemosen proiektua bultzatzen, euskal gizarteak behar baitu».

Sumarrek ere ezker konfederalaren batasun eza gaitzetsi du, baina poz txiki bat dute, legebiltzarrean sartzea lortu baitute. Ordezkari bakarra lortu du alderdiak, Araban, eta Jon Hernandez izango da legebiltzarkidea. Hernandezek berak, hain zuzen ere, nabarmendu du «hausnarketa» egin behar dutela gertatu denaz. 

Inbestidura

Bozen ondotik, gaur abiatuko da Eusko Legebiltzarreko hurrengo legealdia martxan jartzeko prozesua. Hauteskunde legeak zehazten ditu bide horretan eman beharreko pausoak, baina data jakin batzuk baino ez ditu adierazten. Esaterako, apirilaren 30erako egon beharko dute behin betiko emaitzek, eta maiatzaren 11ra arteko epea izango da legebiltzarkideak aldarrikatzeko. 

Aldiz, ez dago legebiltzarra osatzeko eta lehendakaria hautatzeko data jakinik; alderdiek itunak egiteko dituzten gaitasunen esku dago. Hala ere, aurreko legealdiei begiratuz gero, ondorioztatu daiteke gutxienez bi hilabete inguru beharko direla inbestidura ekitaldirako. Horrek esan nahiko luke balitekeela ekainaren erdialdera izatea lehendakaria izendatzeko saioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.