Nafarroaren begiradatik, «ziklo aldaketa» gertatu da

Javier Esparza, UPNko burua. JESUS DIGES / EFE
Javier Esparza, UPNko burua. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko apirilaren 22a
13:30
Entzun

Nafarroako alderdiek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hizpide izan dituzte parlamentuan. UPNko Javier Esparzaren arabera, emaitzek ziklo aldaketa bat adierazten dute: «EAEko gizartea aldatu da, eta guztiok, eta bereziki EAJ, kezkatu behar gintuzke horrek». Haren ustez, gobernatzen jarraituko badu ere, EAJ «galtzaile» da, eta EH Bildu, aldiz, «irabazle».

Maria Txibite lurraldeko presidentea ere mintzatu da gaiaz, eta zehaztu du EH Bildurekin egin diren akordioetan jarritako «baldintzak» desberdinak izan direla Nafarroan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak ETAri buruz errandakoak ekarri ditu gogora, eta zehaztu ETA «talde terrorista» bat izan zela. Uste du PSN eta EH Bilduk osatutako ituna «argia» dela «ETAren biktimen aitortzaren alde lan egiteari» dagokionez: «Hemen lantzen ari garen baldintzak ez dira Otxandiano jaunari adierazpen haietan entzun genizkion terminoak».

Txibitek EAJ zoriondu du garaipenagatik, eta uste du «ezer» ez dela aldatuko hauteskundeak eta gero, eta ez duela eraginik izanen Nafarroan. «Nire ustez, Euskadin argi geratu da jendeak benetan axola duenaren alde bozkatzen duela, eta ez beste era bateko enteleikiengatik, eta nik uste dut hor zentratu behar dela Euskadiko hurrengo gobernuaren ekintza».

EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, koalizio abertzalearen emaitzei erreparatu die, eta nabarmendu 100.000 boto irabazi dituela azken lau urteetan. «Eserleku kopuruan lehen indarraren pare gaude jada, eta bi lurraldetan irabazi dugu. Ziklo aldaketa argi bat dago, eta, lehenago edo geroago, Eusko Legebiltzarrean islatuko da».

Geroa Baiko Pablo Azkonak EAJ zoriondu du, eta azpimarratu berriro ere agerian geratu dela akordio politikoak beharko direla. «Ezin da oharkabean pasatu EH Bilduren igoera».

PPko Javier Garciaren ustez, EH Bilduren emaitza «albiste txarra» da. «Ematen du Bilduk ez duela gobernatuko, baina emaitzek saihetsezina dena atzeratu besterik ez dute egin».

Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren irudiko, «ezker eraldatzaile ez-abertzaleak irakaspenak atera beharko lituzke» emaitza txarrei erreparatuta. Garridoren ustez, eremu horrek «iraunkorra, egonkorra eta argia» izaten saiatu beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.