Elkarrekin Podemosek «kolpea» hartu du: ez du eserleku bakar bat ere

Herrialde guztietan geratu da Sumarren atzetik, eta Pilar Garrido idazkari nagusiak berak onartu du emaitza txarra izan dela.

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, Miren Gorrotxategi. MIGUEL TOÑA / EFE
Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, Miren Gorrotxategi. MIGUEL TOÑA / EFE
arantxa iraola
2024ko apirilaren 22a
00:45
Entzun

Ezkerreko alternatiba gisara aurkeztu da boz hauetara Elkarrekin Podemos, baina ez du lortu ordezkari bakar bat ere Eusko Legebiltzarrerako. Aurreko bozetan sei eserleku zituela aintzat hartuta, 2016an 11 ere izan zirela gogoratuta, beherako joera argi bat baieztatu dute emaitzek. Eta bozetara Sumarrekin bereizita joatearen erabakia ere ez da egokia izan Elkarrekin Podemosentzat: aurretik ibili da Sumar, eserleku bat lortu du, eta hiru herrialdeetan aurrea hartu dio. 

23.679 boto lortu ditu Elkarrekin Podemosek —2020an baino 48.000 gutxiago—, bozen %2,25. Jaitsiera handia da: 2011n botoen %14,8 lortu zituen; 2020an, %8. Datu horiek agerikoak dira beherakada ikusteko. Miren Gorrotxategi izan da lehendakarigaia: hura zen aurreko bozetatik zetorren aurpegi ezagunenetarikoa boz hauetan, baina ez du lortu datu horietara hurbiltzea, eta ezta Sumarri aurrea hartzea ere.

Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi Pilar Garridok hartu zuen hitza atzo datuen berri izan eta gero. Emaitza «kolpea» izan zela onartu zuen, baina lanean jarraitzeko asmoa dutela. Eusko Legebiltzarrean ordezkaririk izango ez badute ere, igaro urteetan hiru herrialdeetan lortu duten ordezkaritza hor dagoela gogoratu zuen: «Zinegotziak ditugu, batzarkideak ere bai, eta gure botoak garrantzitsua izaten jarraituko du». Elkarrekin Podemosen «espazioa» ezinbestekoa dela esan zuen, eta espero dutela proiektu «sendo bat» lantzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.