Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

EAJ nagusi Donostian, 28 urteren ostean

Ainhoa Sarasola.
2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gipuzkoan bezala, jeltzaleen zerrenda nagusitu da hiriburuan ere; 29.029 boto eskuratuta, lehen indarra izan da EAJ (botoen %29,65 lortu ditu). Hala, ezusteko handirik ezean, ia ziurtzat jo daiteke Juan Karlos Izagirreren lekukoa hartuta Eneko Goia izango dela Donostiako alkate berria. 28 urte dira jeltzalerik ez zela alkatetzara iristen —Ramon Labaien izan zen azkena, 1983tik 1987ra bitarte—.

PSE-EE izan da bigarren indarra hiriburuan, 24.007 botorekin (%24,52), eta hirugarren indarra izatera pasa da EH Bildu, aurreko hauteskundeetan Bilduren zerrendak baino mila boto pasatxo gutxiago jaso baditu ere, portzentualki lau puntu inguru gutxiagoko babesa lortu du —21.110 boto lortzetik 20.467 jasotzera igaro da, eta hala, %24,96ko babesa lortzetik %20,91 izatera—.

Udal gobernuan aldaketa izango da, beraz. Zortzi hautetsirekin agintean izatetik, sei zinegotzi izatera pasako da EH Bildu koalizioa. Jeltzaleek, berriz, boto kopurua ia bikoiztuta eta bederatzi hautetsirekin hartuko dute aginte makila, 2011ko udal hauteskundeetan lortutakoak baino hiru gehiago. Orain lau urteko bozetan laugarren indarra izan ziren jeltzaleak. PSE-EEk orain arteko ordezkari kopuruari eutsi dio, eta zazpi zinegotzi izango ditu heldu den legegintzaldian ere.

PPk, berriz, herrialdeko joerari jarraitu, eta beherakada nabarmena jasan du hiriburuan ere: 7.000 boto gutxiago jasota, orain arteko ordezkaritzaren erdia galdu du, eta sei hautetsi izatetik hirura pasa da.

Aurrerantzean indar politiko berri bat ere izango da udalbatzarrean: Irabazi Donostiak 6.947 boto lortu ditu bere estraineko aldian (babesaren %7,10), eta bi zinegotzirekin sartuko da Udalean. Beste hautagaitza batzuek, ordea, ez dute ordezkaritzarik lortu, PlaZ!, C's zein UPDk, kasu.

Herrialdean bezala, lehia estua zegoen iragarrita Donostian ere, eta litekeena da horrek hautesleak mugiarazi izana, parte-hartzea ia zortzi puntu handiagoa izan baita hiriburuan, orain lau urteko hauteskundeen aldean.

Herrietan ere aldaketa

Orain lau urte Bilduren zerrendak lortutako nagusitasuna beste indar politiko baten esku egotera igaro da hainbat udalerritan, EAJrenera kasu askotan, eta horrek gobernu aldaketak ekarriko ditu ziurrenik. Arrasate, Tolosa, Azkoitia, Zarautz, Zumaia, Beasain, Bergara, Pasaia, Lezo eta Urretxu daude horien artean, besteak beste.

Beste hainbat udalerritan, berriz, berriro ere zerrendarik bozkatuena izan da EH Bildurena, Azpeitia, Oñati, Hernani, Usurbil, Segura, Andoain, Oiartzun eta Errenterian, kasu.

Eibarren, Irunen eta Zumarragan, bestalde, PSE-EEren zerrenda izan da bozkatuena beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.