Azken egunetan EH Bilduk sorpasso egin dezakeela aurreikusi duten zenbait inkestaren berri izan ondoren, EBBko presidente Andoni Ortuzar EAJ «berrituaz» aritu da Noticias Taldean argitara emandako iritzi artikulu batean, non «Landakoko espirituari» erreparatu baitio, eta «Arriagako espirituarekin» erkatu. 1988ko urtarrilean, Bilboko Arriaga antzokian egin zuen EAJk bere Batzar Nazionala, eta, han, EBBko presidente Xabier Arzalluz berriro izendatu zuten alderdiko buru, jeltzaleentzat Eusko Alkartasunaren sorrerak ekarritako hauteskunde emaitza dramatikoen ondoren. EAJk zorua jo zuen 1987ko udal eta foru hauteskundeetan, urtebete lehenago Carlos Garaikoetxeak eta beste kritiko batzuek alderdiaren banaketa eragin eta EA sortu ondoren. Arriagan elkartutako buru jelkideak konbentzitu zituen Arzalluzek bere ildoan sakontzeko, eta, alderdiaren estatutuen aldaketa onartu ondoren, EAJk goranzko bidea hartzeko abiapuntua ezarri zuen. Gerora, Arriagako espiritua esan zioten egokiera hari.
Ortuzarrentzat, egokia izan da EAJren egoera dramatiko hura gogoratzea jeltzaleek hauteskundeei begira duten egungo joera gainditu dezaten. EAJk 100.000 boto inguru galdu zituen azken hauteskundeetan, iazko Espainiako Gorteetarako deialdian, eta, horien aurretik, udal eta foru bozetan, 82.000 boto galdu zituen. Duela lau urte, berriz, pandemiaren gordinean, jeltzaleek 50.000 boto galdu zituzten, baina baita 31 eserleku lortu ere, beren marka onenetik gertu. Joera argia da, edonola ere: boto emaileen babesa galtzen ari da EAJ, eta Ortuzarrek «Landakoko espirituan» jarri ditu esperantzak egungo egoera iraultzeko, aldi berean gora baitator EH Bildu, iazko bi hauteskunde deialdiek argi erakutsi dutenez.
1987ko bozen deskalabrua
Baina hain larria ote da EAJren egoera laster egitekoak dituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, 1986ko banaketaren osteko egoera gogora ekarri behar izateko? Botoen datu hotzek ezezkora lerrarazten dute erantzuna. 1987ko udal eta foru hauteskundeetan, EAJk ia 156.000 boto galdu zituen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko deialdian lortutakoen ia %40. 1983an, hiru lurralde horietan atera zituen 74 batzarkideetatik 29 galdu zituen, eta 32rekin baizik ez zen geratu foru ganberetan. Esan beharrik ez dago: EAren sorrerak eragin zion deskalabru hori. Gipuzkoan, kasurako, EAk 16 batzarkide lortu zituen, eta EAJk 6 baino ez, 19ko galera eraginda. Herri Batasunak, gainera, 12 batzarkide irabazi zituen, launa lurralde bakoitzean.
Donostia, Gasteiz, Irun, Barakaldo... Udal gobernu ugari galdu zituen EAJk. EArentzat izan ziren Gasteizko eta Donostiako aginte makilak, baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere. PSOEk, berriz, Ezkerraldeko udalerri guztiak eskuratu zituen, Santurtzitik Basaurira, baita Irun eta Eibar ere, Arabako Foru Aldundiaz gain.
Hilabete batzuk lehenago, berriz, EAJk 110.000 boto galdu zituen 1986ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, alegia, EA estreinakoz lehiatu zen hauteskundeetan. Galera hori iazko Espainiako Gorteetarako bozetan galdutako 100.000 bototik gertuago dago; duela 38 urte, emaitza horrek EAJri kasik Eusko Jaurlaritza galtzea ekarri zion, PSOEk, EEk eta EAk gobernua eratzeko aukera izan baitzuten. Lehendakaritza nork hartuko zuen, horretan ados jarri ezinak eraman zuen Ajuriaenera, azkenerako, Jose Antonio Ardanza hautagai jeltzalea.
Udal gobernuen galera
Nolanahi ere, 1987ko testuinguru horretan, udaletan jazotakoak are mingarriago bihurtu zuen EAJrentzat Arriagako espirituaren atarikoa. Donostia, Gasteiz, Irun, Barakaldo... udal gobernu ugari galdu zituen EAJk. EArentzat izan ziren Gasteizko eta Donostiako aginte makilak, baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere. PSOEk, berriz, Ezkerraldeko udalerri guztiak eskuratu zituen, Santurtzitik Basaurira, baita Irun eta Eibar ere, Arabako Foru Aldundiaz gain. HBk ere lortu zituen udal gobernu batzuk herri ertain batzuetan.
2024ra etorrita, Ortuzarrek aho bilorik gabe esan du bere artikuluan EAJren boto emaileak «kezkaturik eta zalantzati» daudela, eta alderdiak «segurtasuna eta ziurtasunak» eman behar dizkiela; «eta hor azaltzen da berriro Landakoko espiritua». Durangon izendatu zuten Imanol Pradales EAJko lehendakarigai, urtarrilaren 27ko Ezohiko Aberri Batzarrean. EBBko presidenteak uste du EAJk «kontratu sozial berri bat» eskaini zuela Landakon, «aro berri baterako», eta, inkesten aurreikuspenak iraultzeko, 1988an Arriagako espiritua esan zioten hori gogoratzeko esan die alderdikideei.