Ziklo aldaketa abian da EAJn. Alderdi jeltzaleak Imanol Pradalesen aroa abiatu du, aho batez Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izendatuta. Durangon (Bizkaia) egindako Ezohiko Aberri Batzarrean hartu du erreleboa Pradalesek, ehunka alderdikideren abaroan. Iñigo Urkulluren osteko aroa gidatzeko «indartsu eta gogotsu» dagoela adierazi du, jendaurrean eginiko lehen hitzaldian: «Prest nago aldaketa berri hau gidatzeko».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu ditu EAJk —oraindik ez dago zehaztuta noiz izango diren bozak—, Landako gunea txiki utzi den ekitaldi batean. Ez da ezustekorik egon, eta, iragarri moduan, Bakartxo Tejeria izango da Gipuzkoako zerrendaburua, Joseba Diez Antxustegi Arabakoa, eta Pradales Bizkaiko zerrendako lehena. Oihane Agirregoitia izango da, berriz, alderdiaren zerrendaburua Europako bozetan.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzarako lehendakariarentzat izan dira Pradalesen lehen hitzak. «Aitortza, begirunea eta esker ona» adierazi dizkio orain arte egindako lanagatik, eta hari ikasitakoak baliatuko dituela hitzeman dio: «Katea ez da eten». Eskerrak eman dizkie etxekoei eta alderdikideei ere, bere izendatzea babesteagatik. Lehendakarigai izatea «abertzale batek eta jelkide batek izan dezakeen ohore handiena» dela azpimarratu du, eta «arduraz eta apalki» lan egingo duela.
Aurrera begira erronka handiak dituela aitortu du Pradalesek. Ohartarazi du mundua «nabarmen» aldatu dela azken urteetan, eta brexit-a, Trump, pandemia, Ukrainako gerra, energia krisia, inflazioa eta Gazako gatazka aipatu ditu oztopo nagusi gisa, besteak beste. Baina ohartarazi du «arazo konplexuei» ezin zaiela «erantzun soilekin» aurre egin. «Politika letra larriz egin eta aldarrikatzeko unea da», adierazi du. «Konponbide berriak bilatu behar ditugu, Euskadiren benetako arazoentzako konponbide zehatzak».
«Konponbide berriak bilatu behar ditugu, Euskadiren benetako arazoentzako konponbide zehatzak».
IMANOL PRADALESEAJren lehendakarigaia
Bide horretan, ez du ezkutatu Osakidetzak duen krisia, baina pandemia jo du haren erantzule: «Pandemiak eragina izan du, eta zauriak osatzeko unea da». Bada, datorren legealdiari begira Osakidetza hobetzeko konpromisoa hartu du: «Osasun zerbitzu publikoak hobetzea nire lehentasun nagusia izango da».
«Ongizatea» baita, haren hitzetan, EAJren iparra eta helburu lehena: «Ongizatearen Euskadi». Eta ongizate horren barruan sartu ditu, osasunaz gain, ekonomia, trantsizio energetiko eta ekologikoa, hezkuntza, berdintasuna, euskara, kultura eta autogobernua. «Ongizatearen Euskadi berria gidatuko dugu, arima duen nazioa, munduan ahots propioa izango duena», hitzeman du.
Ortuzar: «Aldea igarri behar da»
Oraindik amaitu ez den legealdian, gehiengo osoa dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean, baina udal eta foru hauteskundeen ondoren, jada inork ez du zalantza egiten datozen hauteskundeetan lehia estua izango dela alderdi jeltzalearen eta EH Bilduren artean. Bada, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak alderdikideei ohartarazi die «mobilizazioa» lortu behar dela datorren kanpainan, legebiltzarreko eserleku kopuruetan «aldea» nabaritu dadin: «Hauteskundeak irabaziko ditugu, baina galdera da zenbateko aldearekin. Hor egin behar dugu azpimarra. Aldea igarri behar da».
«EAJk beti jakin izan du garai berriak interpretatzen, eta orain ere hala egingo dugu».
ANDONI ORTUZAREAJren EBBko presidentea
Garai «berriaz» jardun du Ortuzarrek bere hitzaldian, baina atzera begiratzeko ere baliatu du, eta esan du ezen, Pradales, Tejeria eta Diez aurpegi berriak diren bezalaxe, bere garaian ere hala izan zirela Agirre, Leizaola, Ardanza, Garaikotxea, Ibarretxe eta Urkullu bera. «EAJk beti jakin izan du garai berriak interpretatzen, eta orain ere hala egingo du», azpimarratu du. «Batzuek ez dute gustuko gure egokitzeko gaitasuna. Urduri nahi gaituzte, zalantzati. Baina ezin diegu manipulatzen utzi. Gurea ez da ez paralisia, ez iraultza: eboluzioa da. EAJ gara eta gauzak ezberdin egiten ditugu».
Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburu eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidenteak ere EAJren «ibilbidea» eta «printzipioak» aldarrikatu ditu: «Gure ibilbidea da gure bermea; herri honekiko koherentzia eta konpromisoa erakusten du». Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak, berriz, bere alderdiak «gizarte hobea eraikitzeko» hartutako «konpromisoa» nabarmendu du: «Hitzemandakoa konplituko dugu. Hemen hasiko da dena».