Espainiako Kongresuan bozkatuko den alokairuen inguruko dekretua eztabaida politikoaren erdigunean dago oraindik ere. Etxe bakarra alokatzen duten jabeak babestea hitzartu du EAJk Espainiako Gobernuarekin, eta Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak neurria gogor kritikatu du asteon. Adostutakoak «nazka izugarria» ematen diola adierazi du, eta akordio hori «kriminala» dela. Bada, adierazpen horiei erantzun die gaur Maribel Vaquero EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, Donostian: «Etxebizitzaren ezkutu sozialaren ardura administrazio publikoena da, eta ez da utzi behar alokairua ordaintzen ez dieten jabe txikien gain», esan dio.
EAJk eta Espainiako Gobernuak hitzartutako neurri hori aplikatuz gero, maizterrek ordaintzen ez dutenean jabeek ez diete beste bizitoki bat eskaini beharko, nahiz eta maizterrak kalteberak izan. Vaqueroren esanetan, ordea, alokairutik bizi diren jabe txiki horiek «baliabide urrikoak» dira askotan, eta, maizterrek ez badiete ordaintzen, «egoera zailean» geratzen dira haiek ere.
EAJren bozeramaileak nabarmendu du askotariko etxejabeak daudela: pentsiodunak, etxebizitzaren gastuei alokairuaren diru sarrerarik jaso gabe aurre egin behar dietenak, eta banandu ondoren etxera itzuli nahi duten baina ezin dutenak, besteak beste. Haren aranera, «kalteberatasun mota horiek ere kontuan hartu behar dira».
Vaquerok deitoratu egin ditu Podemoseko idazkari nagusiaren kritikak, iritzita jabe txikien aldeko neurriak «kriminalizatu» dituela, nahiz eta gero iragarri proposamenaren alde bozkatuko dutela. EAJren bozeramailearen ustez, Belarrak jabe txikien egoeraren berri ere entzun beharko luke, errentadunak izanagatik ere balitekeelako ataka zailean egotea.