Hego Euskal Herriko pentsiodunei urtarrileko igoera mantenduko diete otsailean ere. Joan den asteartean, pentsioen eguneratzea zekarren dekretua atzera bota zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak, baina gobernuak ziurtatu zuen eguneraketa gauzatzeko modua aurkituko zuela, eta halaxe egin du, atzera botatako dekretua bi zatitan banatuta.
Gaur onartu ditu biak Ministroen Kontseiluak; ikusteko dago, baina, erabili duten formulak familia zaurgarrien etxegabetzeak debekatzen jarraitzeko modua emango duen, ez baitu ziurtatua Kongresuaren babesa. Onartzen ez bada, kaleratuak izateko arriskuan geratuko dira 50.000 familiatik gora.
Joan den astean bozkatu zuten dekretuan, pentsioen eguneratzeaz gain, beste zenbait neurri jasotzen ziren: besteak beste, familia zaurgarriak etxegabetzeko debekua luzatzea, familia horiei oinarrizko zerbitzuak ez etetea, bonu sozial elektrikoa ezartzea eta Valentziako uholdeetan kaltetutakoentzako laguntzak lantzea. Horregatik eman zioten ezezkoa PPk, UPNk eta Voxek, baita JxCk ere.
50.000Zenbat familia zaurgarri dauden kaleratuak izateko arriskuan. Etxegabetzeko debekuaren luzamendua bertan behera geratzen bada, baliteke 50.000 familiatik gora kalean geratzea Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainian.
Oraingoan, ordea, bi dekretutan bereizita aurkeztuko dituzte neurriak: batetik, pentsioen eguneratzea bakarrik, eta, bestetik, ezkutu sozialarekin lotutako neurri guztiak, tartean etxegabetzeena. Printzipioz, horrek modua emango du PPk eta JxCk pentsioenari baiezkoa eman diezaioten, eta, bitartean, otsailean ere, urtarrilean bezala, iazkoak baino %2,7 handiagoak izango dira pentsioak —gehiago pentsio txikienei dagokienez—. Pentsioen eguneratzeari baiezkoa emango diotela iradoki du eguerdian Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak: «Pentsioak KPIaren arabera eguneratzearekin ados egon da, dago eta egongo da PP».
Iazko formula bera erabili nahi du, beraz, Madrilek. Orduko hartan, lehen ezezkoaren ostean, Espainiako Gobernuak beste dekretu bat aurkeztu zuen, baina gai gutxiagorekin, eta lortu zuen PPk baiezkoa ematea. Gai horietako bat zen etxegabetzeena, baina aurten, JxCren jarrera dela eta, bereizita aurkeztu beharko dituzte.
Elma Saizek, gobernuaren bozeramaileak, esan du «elkarrizketaren tresna» erabiliko dutela dekretuek kongresuaren oniritzia jaso dezaten: «Neurri onak dira, hori da garrantzitsuena. Horregatik, PPri galdetuko nioke zergatik iruditzen zaion gaizki herritar zaurgarrienak ur edo argindar mozketetatik babestea».
Akordioa EAJrekin
Eta zer gertatuko da ezkutu sozialeko gaien dekretuarekin? Madril ahaleginak egiten ari da hori ere onartzeko, eta zertxobait arindu du etxegabetzeen aurkako neurria, EAJrekin egindako akordio baten bidez. Jeltzaleek lortu dute dekretuan neurri bat txertatzea alokairuan etxebizitza bakarra duten etxejabeak babesteko. Horri esker, maizterrek ordaintzen ez dutenean, jabeak ez die bizitoki alternatibarik eman beharko haiek zaurgarritasun egoeran egon arren.
«Gai honetan dena ez da zuria ala beltza; jabe horien artean daude bizitza osoko aurrezkiekin etxebizitza bat erosi dutenak eta hori alokatzen dutenak gutxieneko pentsio bat osatzeko»
MARIBEL VAQUEROEAJko diputatua
Jeltzaleek adierazi dutenez, horri esker ez dira parekatuta egongo etxejabe txikiak eta funtsak edo jabe handiak: «Ohiko etxebizitza bat eta alokatzeko beste bat duten herritarrak zaurgarri bilakatzea eragotziko dugu, ordaintzen ez zieten maizterren kargu egitera behartzen baitzituen estatuak». EAJren arabera, «gutxienekoen inguruko akordio bat» da gaurkoa, aurrerantzean ere etxebizitzaren arloan hobekuntzak negoziatzen jarraitzeko.
«Ezin diogu kolektibo kaltebera bati beste kolektibo kaltebera batekin aurre egin», adierazi du Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak. Bere ustez, gai honetan «dena ez da zuria ala beltza»; gogoratuduenez, jabe horien artean daude «bizitza osoko aurrezkiekin» etxebizitza bat erosi dutenak eta hori alokatzen dutenak gutxieneko pentsio bat osatzeko.
Joan den astean, pentsioen eguneratzea lehentasunezkoa zela iritzita, jeltzaleek baiezkoa eman zioten dekretuari, baina orduan ere kritikatu zuten Madrilen jokabidea. Orain, dekretu berriari baiezkoa emateko, alokairuan etxe bakarra duten etxejabeak ere ezkutu sozialean txertatzea exijitu dute.
Ione Belarrak, Podemoseko idazkari nagusiak, gogor jo du akordio horren aurka. «Ulertu dadin argituko dut: EAJk PSOErekin adostu du alokatzeko «etxe bakarra» duten etxejabeen etxeetan bizi diren familia zaurgarriak kalera botatzea. Gaixoak gure gizarteko talde aberatsenaren parte diren horiek. Erabateko nazka», idatzi du X-n.
Vaquerok Belarraren hitzak gaitzetsi ditu: «Errazena horrelako mezu demagogikoak zabaltzea da. Podemosek jakin beharko luke une honetan ez dagoela ezkutu sozialik indarrean. Agian, Belarrak ez ditu entzun euren etxea alokatuta duten jabe txikien testigantzak: ez dute errentarik jasotzen, eta, gainera, ura, argia eta abar ordaindu behar izaten dituzte. Haiekin biltzera gonbidatuko nuke guk egin dugun moduan».
«EAJk eskuin muturraren markoa erosi du, erroko arazoa desitxuratuz, egoera zaurgarrienean dauden pertsonak kriminalizatuz eta etxegabetzeei ateak irekiz»
LAB
LAB sindikatuak ere gogor kritikatu du EAJk Espainiako Gobernuarekin adostutako neurria. Haren ustez, neurri horrek «etxejabeen interesak lehenesten ditu» etxebizitza eskubidearen kaltetan, eta «etxegabetzeei atea irekitzen die». LABen arabera, EAJk «negozio gisa» ulertzen du etxebizitza, eta ez eskubide gisa. «EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonen aurkako neurriak adostu ditu».
LABek gogoratu du azken urteetan alokairuaren prezioak «etengabe» igo direla eta ordaintzeari uztea izaten dela maizterrek hartzen duten azken erabakia, aurretik beste gastu asko murrizten dituztela. «EAJk eskuin muturraren markoa erosi du, erroko arazoa desitxuratuz eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonak kriminalizatuz eta etxegabetzeei ateak irekiz».
Oso bestelako iritzia dauka PPk. Iñaki Oiarzabal Arabako PPren presidenteak ez du gaizki ikusten jeltzaleek adostutako neurria, baina haiei leporatu die Pedro Sanchezen gobernuak «okupen alde» hartutako gainerako neurri guztiak babestea. «Guri ez digute ziria sartuko».
Negoziazio ugari
Espainiako Gobernua JxCrekin ere ari da negoziatzen, baliteke-eta hark izatea ezkutu sozialeko gaien dekretua onartzeko giltza. Carles Puigdemonten alderdiaren arabera, etxegabetzeko debekuaren luzamenduak eragotzi egiten du ordaintzen ez duten maizterrak etxetik kanporatzea, eta etxejabeei kalte egiten die. Dekretuan jasota dago jabe horientzako konpentsazio publiko bat ezartzea, baina iaz ere onartu zen halako bat, eta JxCk dio ez duela behar bezala funtzionatzen. Gainera, PPk bezala, neurriak okupazioa areagotzen duela adierazi du. Ikusteko dago, beraz, hurrengo bozketan zer egingo duen.
Etxegabetzeen aurkako neurria pandemiaz geroztik dago indarrean, eta, bertan behera geratzen bada, kalean geratzeko arriskuan dira 50.000 familia zaurgarri.
Sumarrek uste du ezkutu sozialeko gaiak eta etxegabetzeko debekuaren luzamendua sorta berean txertatzeak lagunduko duela JxCren baiezkoa lortzen
Hori gertatu ez dadin, Espainiako Gobernua negoziazioetan murgilduta ibili da azken egunetan. Argi zegoen pentsioen eguneraketari eusteak konponbide erraza zuela, baina etxegabetzeko debekua luzatzea beste kontu bat da. Ez zegoen argi dekretu hori gaur onartuko ote zuten edo JxCrekin eta EAJrekin negoziatzeko denbora gehiago beharko zuten. Haien baiezko botoak nahikoa lirateke PPren, Voxen eta UPNren ezezkoei kontra egiteko.
Gobernuko kideen artean ere negoziatu behar izan dute. Sumarrek neurri guztiak dekretu berean onartzea nahi zuen, baina, azkenean, Yolanda Diazen alderdiak atzo baieztatu zuen baiezkoa emango ziela gaur Ministroen Kontseiluan onartu dituzten bi dekretuei. Baldintza zen biak gaur onartzea, hau da, ezkutu sozialaren dekretua ez atzeratzea denboran. Gainera, uste dute ezkutu sozialeko zenbait gai eta etxegabetzeko debekuaren luzamendua sorta berean biltzeak lagunduko duela JxCren baiezkoa lortzen.