Askabide klinikako erabiltzaileei eta langileei babesa emateko eta haurdunaldia etetera doazen emaztekien kontrako jazarpena gaitzesteko ohar bateratua atera dute gaur EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek. «Gogor salatzen dugu talde ultrakatolikoen, abortuaren aurkako taldeen edo antzekoen edozein adierazpen eta jazarpen ekintza ere», adierazi dute. Datorren astean eginen den epaiketa baten harira egin dute adierazpena. Hain zuzen, heldu den astelehen, astearte eta ortzegunean 2022ko irailetik azarora Askabide klinikaren aitzinean elkartzen ziren 21 antiabortista epaituko dituzte, koakzio edo hertsatze delitu bat leporatuta.
Ikusi gehiago
Alderdiek oharrean adierazi dutenez, heldu den astean «ez da epaituko soilik klinika baten aurrean eginiko jazarpena», baizik eta «haurdunaldia etetea erabakitzeko emakumeek duten eskubidea bermatzeko ezarritako bideak». Gogoratu dute lehenbiziko aldia dela Europan gisako epaiketa bat eginen dena; eta erran oharra sinatu duten taldeak epaiketan izanen direla, «auzibidea zabaldu dutenei elkartasuna adierazteko».
Izan ere, klinikak berak jo du auzitara, 2022an Espainiako Zigor Kodean egindako aldaketa bat aintzat hartuta, oharrak jasotzen duenez. «2022ko otsailaren 2an, Diputatuen Kongresuak Zigor Kodearen erreforma onartu zuen; haren bidez, kliniken inguruan jarduten duten eta haurdunaldia beren borondatez etetea erabaki duten emakumeak zentroetara iristea eragotzi nahi izatea, eta bai medikuek edo kliniketako zuzendariek haurdunaldia etetea zailtzeko izan dezaketen beste edozein portaera oztopatzaile izatea zigor daiteke». Horiek horrela, klinikaren aitzinean jartzen zirenei 100 metrora jartzeko eskatzen hasi ziren, eta betetzen ez zutenean Polizia abisatzen zuten. Horietako batzuk identifikatu zituzten, eta orain epaitegietara iritsi da gaia.Â
Fiskaltzak bortz hilabeteko espetxealdia jartzea edo komunitatearen aldeko lanak ezartzea eskatu du 21 akusatuendako, eta akusazio partikularrak kalte ordain ekonomikoa ere bai.