EAJk EH Bilduri leporatu dio gezurra esan izana Donostiako udaltzainek Intxaurrondon egindako tiro saioei buruz

LAB sindikatuk asteartean jakinarazi zuen beste udal batzuetako udaltzainek ere parte hartu zutela ikastaroetan, eta udal horien artean zegoen Donostiakoa, non alkatea EAJkoa baita. EAJk EH Bilduri aurpegiratu dio egia «desitxuratzea».

Donostiako bi udaltzain, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Donostiako bi udaltzain, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko azaroaren 6a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako EAJk esan du ez dela egia Donostiako udaltzainek Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro saioak eta formakuntza egin zituztela. EH Bilduri leporatu dio gezurra esan izana, eta «ardura politikoak» hartzeko exijitu dio.

Ika-mika lehendik dator. Jeltzaleek jakinarazi zuten Tolosako eta Andoaingo zenbait udaltzainek trebakuntza saioak egin zituztela Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuartelean, Ertzaintzaren Arkautiko akademian egin beharrean, eta oso kritika gogorrak egin zituzten horren harira. Bada, asteartean, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok erantzun zuen zabaldutako informazioaren «zati handi bat faltsua, okerra eta manipulatua» dela. LAB sindikatuaren arabera, berriz, beste udal batzuetako udaltzainek ere parte hartu dute ikastaroetan, eta udal horien artean dago Donostiakoa, non alkatea EAJkoa baita.

EAJk, baina, ohar batean informazio hori gezurtatu du: esan du «erabateko gezurra» dela udaltzainek armak erabiltzeko, tiro saioetarako, taser pistoletarako, lehergailuetarako eta antzekoetarako formakuntza saioak egin zituztela Intxaurrondon. Argitu du joan den maiatzaren 9an ertzainak eta hainbat udaletako udaltzainak gizakien salerosketari buruzko diziplina anitzeko jardunaldi batera gonbidatu zituztela Intxaurrondora; epaileek, fiskalek, adituek eta zenbait gizarte erakundek eskainitako jardunaldiak zirela zehaztu dute, eta halako gaiek «polizien arteko nazioarteko lankidetza» eskatzen dutela.

EH Bilduri aurpegiratu diote jardunaldi horiek «desitxuratzea», nahiz eta informazioa LABek eman zuen. EAJren iritziz, EH Bilduko buruzagiek «nahasmena sortzeko» zabaldu dituzte «faltsukeria horiek», eta «ezker abertzaleak gobernatzen dituen udalei eragiten dieten gertaeretatik arreta desbideratzeko». Koalizio subiranistari eskatu dio azalpenak emateko eta «ardura politikoak» hartzeko. 

Azkenik, adierazi dute ziurtatuta dagoela Pasaiako, Andoaingo eta Tolosako udaltzainek, «EH Bilduren alkatetza duten hiru herritako udaltzainek», parte hartu dutela armak erabiltzeko eta tiroak lantzeko saioetan, «Arkautiko Poliziari eta Larrialdietako Euskal Akademiari izkin eginez». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA