EAJk ekitaldi bat eginda ospatuko du Parisko eraikinaren eskualdatzea

Datorren asteko larunbatean izango da ekitaldia, hilaren 20an, eta egungo eta aurreko EBBko ordezkariek parte hartuko dute. Alderdi jeltzaleak ez du argitu zer egingo duen eraikinarekin.

EAJk Parisen duen eraikina; Cervantes Institutuak erabili zuen urte hasierara arte. ISABEL RODRIGUEZ / EFE
EAJk Parisen duen eraikina; Cervantes Institutuak erabili zuen urte hasierara arte. ISABEL RODRIGUEZ / EFE
aitor biain
2025eko irailaren 12a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erbestean zela, 1936ko gerraren ondoren, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Rikardo Arruek margotutako koadro bat zuen paratuta Parisko Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikineko bulegoan. Egun, lan hori ez dago Parisen, Bilbon baizik, Sabino Arana fundazioaren museoan. Eraikinak, bai, han jarraitzen du, eta, urte luzez Espainiako Gobernuaren esku egon ondotik, urtarrilean «berreskuratu» zuen haren jabetza Eusko Alderdi Jeltzaleak. Bada, eskualdaketa hori ospatzeko ekitaldi bat antolatu du alderdiak hilaren 20rako, Parisen.

Arrueren koadroa atze-oihal gisa zuela eman du ekitaldi horren berri EBBko idazkari Maitane Ipiñazarrek, gaur, Bilbon. Ez du ekitaldiari buruzko xehetasun askorik eman; adierazi duen bakarra da «hunkigarria» izango dela, eta egungo EBBko ordezkariek ez ezik aurreko zuzendaritzetako kideek ere parte hartuko dutela. Baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek ere. Afiliatuei gutun bana igorri diete gaur goizean, eraikina berriro ere alderdiaren jabetzakoa dela jakinarazteko eta ekitaldiaren berri emateko.

Maitane Ipiñazar
Maitane Ipiñazar, EAJren EBBko idazkaria, gaurko agerraldian. EAJ

Izan ere, jeltzaleek iritzi diote ospatzekoa dela eraikina «legezko jabeari» itzuli izana. Baina ez hori bakarrik: «Euskal herritarren historiaren zati bat bueltatu digutela ere ospatuko dugu, garai zailetan euskal askatasunaren eta gure eskubideen alde borrokatu zen Jaurlaritzaren etxea izan baitzen eraikina».

Eraikina, «hutsik»

Ipiñazarrek ez du argitu eraikinarekin zer egingo duten. Kazetarien galderei erantzunez, esan du gaur egun «hutsik» dagoela, eta oraindik ez dutela erabaki nola erabiliko duten. Cervantes Institutuak Octavio Paz liburutegia izan baitu eraikin horretan: 50.000 liburuko gordailua. Eta aukera zuen 2030. urtera arte han izateko. Baina uko egin zion, eta eraikina utzi egin zuen joan den urtearen amaieran. Joan den abuztuan BERRIAk ere galdetu zion EAJri Parisko eraikin horren geroaren inguruan, baina alderdiak ez zuen ezer argitu.

Espainiako Gobernuak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen 36ko gerran frankismoak Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandakoa kendu ziola EAJri. Ikerketa horretan azaldu zutenez, 1941ean Gestapok beretzat hartu zuen lau solairuko etxea, naziek Paris hartu zutenean. Pedro Sanchezen gobernuak eskualdaketa egitea onartu zuen, Memoria Demokratikoaren Legeari jarraikiz, eta EBBk «bidezkotzat eta historikotzat» jo zuen hura alderdiari itzultzea. PPk, baina, ika-mika politiko handi baten iturri bihurtu zuen eskualdaketa, eta EAJrekin zuen harreman gaiztotua are gehiago gaiztotu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.