EAJk erabat baztertu du H1ekin koalizioan aurkeztea bozetan

Joan den astean Galdosen alderdiak emandako erantzunak bidea itxita utzi duela iritzi diote jeltzaleek

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Iraganeko kontua da EAJ eta Hamaikabat datozen udal eta foru hauteskundeetan koalizioan joateko aukera. Horrela azaldu zuen atzo EAJren Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrek, ETBn egin zioten elkarrizketa batean.

«Aukera hori erabat baztertuta daukagu, balizko koalizio hori iraganeko aukera bat da dagoeneko, joan den astean Hamaikabatek EAJren azkeneko eskaintza ez duela onartzen esan zuenetik», esan zuen Egibarrek.

Eusko Alkartasunetik bereizitako alderdia hasieratik ahalegindu da koalizio hori lortzen, baina beraiek «zintzotasunez» eginiko eskaintzak EAJren baldintza «onartezinak» izan ditu erantzun gisa, H1ekoek maiz azaldu dutenez.

EAJk, dena den, ez du alboratu bozen ondoren Iñaki Galdosen alderdiarekin elkarlanean aritzeko aukera. «Etorkizunean elkarlanean ari gintezke», uste du Egibarrek, «bakoitzak erakundeetan duen presentziaren arabera».

Patxi Lopezekin bilera

Hamaikabatek ez zion atzo Egibarri erantzun. Aitzitik, alderdiko buruzagitza Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu zen, Lopezek alderdiekin hasitako «elkarrizketa diskretuen» barnean. H1en arabera, bat egin dute «ezker abertzalea legeztatzea Euskadiren normalizazio politikorako aukera moduan ikusteko garaian». Era berean, H1ek normalizazio prozesua erakunde demokratikoen bitartez zuzentzeko eskatu dio lehendakariari, ez «alderdien mahaien» bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.