Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari are gehiago zaildu zaio egoera Santos Cerdan espetxeratu ostean. Koldo Garcia eta Jose Luis Abalos ez bezala, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia espetxeratzeko agindu zuen atzo Espainiako Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente Instrukzio epaileak. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ez du aukera galdu gobernua are gehiago estutzeko, eta iragarri du alderdiekin hitz egiten hasiko dela Sanchezen kontrako zentsura mozio bat aurkezteko. Gaztelania hutsean igorri duen oharrean, EAJk ez ditu begi onez hartu PPren adierazpenak, sare sozialen bidez izan duelako elkarrizketen hasieraren berri eta PPri ez diolako borondaterik ikusten jeltzaleekin ados jartzen saiatzeko.
Feijook zentsura mozioa aipatu badu ere, Miguel Telladok —alderdiekin hitz egiteko ardura duen PPko diputatuak— esan du «entzuteko» bilerak direla, alderdiek «PPren bazkide edo Sanchezen konplize» izan nahi duten jakite aldera. EAJri iruditzen zaio erasora jotzen duen bitartean eskatzen dituela elkarrizketak jelkideekin.
PPk gaur goizean iragarri du sare sozialetan Kongresuan ordezkaritza duten legebiltzar taldeekin elkarrizketa sorta bat hasiko dutela, baina Maribel Vaquero EAJko eledunak ez zuen oraindik PPkoen deirik: «Telladoren mezu bat jaso du Vaquerok eguerdian, hark hedabideen aurrean egin duen agerraldia baino minutu batzuk lehenago, hitz egiteko interesa agertuz», iturri jelkideek jakinarazi dutenez.
«Begien bistakoa da marketin estrategia bat dela, eta PPk ez duela asmorik ados jartzen saiatzeko», gaineratu dute, PP aldi berean ari delako Sanchezen gobernua babesten duten alderdiak kritikatzen eta haiekin elkarrizketak izan nahian.
Vaquerok adierazi du, hala eta guztiz ere, «kortesia parlamentarioarengatik» Telladorekin hitz egiteko prest dagoela: «Baina ikusita PPk zein azkar jo duen hedabideetara, ez dirudi parlamentuko alderdiak entzuteko gogorik duenik».
EAJren ustez, badirudi PPk ez duela gobernu alternatibo baten buru izan nahi, «ez du azaltzen nola osatu nahi duen gobernua eta nola irabazi nahi duen beste alderdien babesa».
EAJk salatu du PPk jarraitzen duela euskarari eta euskal kulturari eraso egiten eta, era berean, autogobernuaren kontra egiten. «Eredugarri izatea ere bada besteei errespetua agertzea eta diferente pentsatzen dutenak errespetatzea».
«Gardentasunez»
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hizpide izan du auzia, gobernu bilera osteko agerraldian, eta adierazi du «ardura politikoz» jokatu behar dela. Haren arabera, hala ari da Jaurlaritza: «Gardentasun osoz».
Gobernuak azken hamar urteetan egindako kontratu publikoen inguruko «azterketa sakon bat» du martxan, ustezko ustelkeria sarearekin lotuta egon daitezkeen enpresek horietan parte hartu ote duten egiaztatzeko. Ubarretxenaren esanetan, ikerketa oraindik ez da amaitu, kontratu kopuru «izugarri» handia aztertu behar baita, baina, oraingoz, ez dute enpresa horiei lotutako ezer aurkitu.
Auziak Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzian izan dezakeen eraginez ere galdetu diote, eta Jaurlaritzako eledunak adierazi du Madrilen gobernu bat dagoen heinean harekin hitz egiten jarraituko dutela, «Euskadiren interesen defentsan». Hala, adierazi du lanean jarraituko dutela uztailaren 15erako iragarritako bilerari begira. Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales Sanchezekin biltzekoa da, eta Jaurlaritzak abagunea baliatu nahi du aurrerapausoren baten berri emateko.