Epaileak agindu du bermerik gabe espetxeratzeko Cerdan, hark akusazio denak ukatu ondoren

PSOEko Antolakuntza idazkari nagusi ohiak auzitan jarri ditu UCOk zabaldutako entzuketak, eta ukatu egin ditu akusazioak. Epaileak espetxeratzeko agindu du, eroskeria, talde kriminal bateko kide izatea eta influentzia trafikoa egotzita.

Cerdan, gaur, auzitegira iristen. SERGIO PEREZ / EFE
Cerdan, gaur, auzitegira iristen. SERGIO PEREZ / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko ekainaren 30a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkari nagusi ohia bermerik gabe espetxeratzeko agindu du Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak. Gaur egin dute auzi saioa, Gorenean. Cerdanek epaiketa irekia izan zedin eskatu zuen, auzi saioan gertatzen zena publikoa izate aldera. Epaileak uko egin zion eskaera horri, eta beraz gaur berri agentziek iturri juridikoak aipatuz zabaldu dutenaren arabera, Cerdanek ukatu egin du ustelkeria auziekin lotzen duen akusazio oro, eta auzitan jarri ditu Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak plazaratu dituen zenbait grabazio. Haren aurka «sorgin ehiza»  egin dutela salatu du, «gobernu aurrerakoi bat eraikitzen laguntzeagatik». Fiskalak eta PPk gidatzen duen herri akusazioak eskatu dute behin-behinean espetxeratzeko, Europa Press berri agentziak iturri juridikoak aipatuz jakinarazi duenez. Epaileak bere egin ditu fiskalaren eskaerak, eta espetxeratzeko agindu du, eroskeria, talde kriminal bateko kide izatea eta influentzia trafikoa egotzita.

Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eta PPk zuzentzen duen herri akusazioak eskatu dute bermea ordaintzeko aukerarik gabe espetxeratzeko, herri lanak adjudikatzearen truke bitartekari sariak jasotzea egotzita. Frogak desegiteko aukera eta ihes egitekoa aipatu ditu espetxeratzea eskatzeko argudio gisa. Ez hori bakarrik. Europa Pressek iturri juridikoak aipatuz jakinarazi duenez, beste delitu batzuk ere egotzi dizkiote: talde kriminal bateko kide izatea, eroskeria eta delitu fiskala egitea. Herri akusazioak bat egin du baldintzarik gabeko espetxe eskaerarekin. Epaileak aintzat hartu ditu eskaerak, eta bermerik gabe behin-behinean espetxeratzeko agindu du. Soto del Realen espetxeratu dute.

Cerdanek bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die. Ukatu egin du herri lanen legez kanpoko adjudikazioetan esku hartu izana eta horregatik dirua jaso izana. Are gehiago, PSOE modu horretan finantzatu izana ere ukatu egin du.

Hori frogatzeko, bere jabetzen berri eman dio Cerdanek epaileari. Esan duenez, Milagron (Nafarroan) etxe bat du jabetzan. 1995ean erosi zuen, eta 11 milioi pezeta kostatu zitzaiola esan du (66.000 euro). Jabetzan duen etxe horretan konponketak egin zituen, eta auto bat erosi. Horiek ordaintzeko bi hipoteka dituela ere jakinarazi du, 51.566 eta 106.437 eurokoak. Bi kontu badituela ere esan du: bata, familiako eta etxeko gastuetarako; eta bestea, PSOEren gastuetarako. Guztira 28.000 euro daude hor.

Esan du baduela beste kontu bat alabaren eta emaztearen izenean. Hori ez dela agertzen ikerketetan, baina 20.000 bat euro badaudela hor. Aurrezki kontu bat ere baduela gehitu du, eta 55.000 euro dituela hor.

Bestetik, Koldo auziarekin lotuta, ustez 2019tik 2023ra grabatutako zenbait audio zati zabaldu ditu UCOk. Haren txostena entzuketa horietan oinarritzen da neurri batean, eta Cerdanen aurkako akusazioen oinarria elkarrizketa horietan dago. Cerdanek auzitan jarri ditu entzuketa horiek, argudiatuta testuingurutik kanpo daudela. Gaur Gorenean esan du perituen txosten bat aurkeztuko duela entzuketa horien inguruan.

Servinabarren %45eko jabetza

Ukatu egin du, halaber, Servinabar enpresarekin lotura izatea. Ustezko ustelkeria sarea eratu eta urtebetera, Cerdanek Servinabar enpresaren %45 erosi zuen 6.000 euroren truke, Joseba Antxon Alonso Egurrola enpresariaren etxean topatutako dokumentu pribatu batean zehazten denez. 

Cerdanek azaldu du politika uztea pentsatu zuelako sinatu zuela kontratu pribatu hori, baina gero politikan segitzeko eskatu ziola emazteak, eta bestela lehengo lanera itzultzeko; haren hitzetan, horregatik, Alonso Egurrolari galdegin zion kontratu hura haustea, eta esan du 6.000 euroko ordainketarik ere ez zuela egin azkenean. 

Cerdanen defentsako iturriek auzitan jarri dute dokumentu horren balioa, argudiatuta «kontratu pribatu soil bat» zela, azkenean ez zuela balio publikorik izan eta beraz, ondorio juridikorik ere ez.

Notarioen Kontseilu Nagusiak azaldu du sinatzaileen arteko ondorioak izaten dituztela mota horretako kontratuek, eta «benetako jabea ezkutatzea» izaten dutela helburu.

Nafarroatik Madrilera

Alonsorekin segitu zuen harremanak. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak 2017an PSOEren gidaritza hartu zuenean, Cerdan Madrilera joan zen bizitzera. Alonsorekin bizi izan zela esan du, harik eta familia Madrilera bizitzera joan zen arte. Betiere abokatuaren galderei erantzunez, berri agentziek iturri judizialak aipatuz jakinarazi dutenez. Gurtel auziaren epaia plazaratu zenean, Sanchezek zentsura moziorako babesak behar zituen, eta lan horretan aritu zela aitortu du Cerdanek. Esan duenez, Alonsok EAJrekin eta EH Bildurekin zituen harremanak baliatu zituen alderdi horiengana iristeko eta babesak lortzeko. «EAJrekin Santik [Cerdan] baino ez du hitz egingo», agindu omen zuen Sanchezek. Agindua eman eta astebetera babesak bermatuak zituela esan du.

Gehitu du Juntsena lortzeko ez zuela biderik landua, baina Sanchezek eskatu ziola babes hori ere lortzeko bidea ere jorratzeko. Jordi Turullekin harremanetan jarrita hasi zen lanean, Cerdanek kontatu duenez. Haiekin inbestidura eta Amnistia Legea negoziatu zituela gehitu du. ERCrekin ere berak negoziatu zuela jakinarazi du. 

Cerdanek salatu du haren kontrako «sorgin ehiza politikoa» abiatu dutela gobernu aurrerakoi bat sustatzeagatik. Uste du jomugan jarri dutela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren inbestidura negoziatu zuelako EAJrekin, EH Bildurekin, Juntsekin eta ERCrekin, eta iragarri du orain Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroaren kontra egingo dutela hura ere aritu delako Juntsekin negoziatzen.

Cerdanek Sanchezen gobernua defendatu du: «Aurrerapauso handiak eman ditu, eta horrek molestatu egin die botere faktikoei; horregatik iritsi gara honaino».

Ukatu egin du, halaber, erabili eta botatzen diren telefonoak baliatu izana. Pegasus-eko espioitzaren berri izan zen boladan Signal aplikazioa erabiltzeko aholkua eman zieten PSOEn, eta beste alderdi batzuekin edo alderdikoekin hitz egiteko aplikazio hori erabili izan duela esan du, beste aplikazioak baino fidagarriagoa zela esan ziotelako. Dena den, ukatu egin du Koldo Garciarekin bide horretatik komunikatu izana.

EAJk dio «behin bakarrik» bildu zirela

EAJk ohar bat bidali du —gaztelania hutsean— Goreneko auzi saioan izan den deklarazioa filtratu denean eta zabaldu denean Cerdan Alonsoren bidez iritsi zela EAJrengana Mariano Rajoyren kontrako zentsura moziorako babesa lortzeko. Oharrean dioenez, PSOEk eskatuta, EAJren ordezkaritza bat Jose Luis Abalos eta Santos Cerdanekin elkartu zen. «Bilera hori, PSOEko zuzendaritzarekin izandako bakarra, Madrilen egin zen, eta EAJren ordezkaritza entzutera baino ez zen joan». Bilera hartara joan ziren Joseba Aurrekoetxea alderdiko antolakuntzako orduko arduraduna eta Aitor Esteban EAJren Kongresuko orduko eleduna, gaur egungo EBBko burua. 2018ko maiatzaren 31n, EAJren EBBk erabaki zuen Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa aurrera atera zedin bozkatzea. «Gurtel auziko epaia kanpoan zegoen, eta PPk ez zuen inongo erantzukizun politikorik hartu». Epai hartan, epaileak frogatutzat jo zuen PP modu irregularrean finantzatu zela.

Iturri jeltzaleek ukatu egin dute ezen Antxon Alonso Egurrola, Servinabarrekin lotura duen pertsona, EAJrekin lotuta dagoela: «Ez da afiliatua, eta ezin zuen eragin EBBk hartutako erabakian». Hargatik kritikatu du ustez Cerdanen defentsak Gorenean esandakoa; are gehiago, gezurtatu egin du Antxon Alonsok EAJrekin ustez zuen harremana zela-eta bozkatu zutenik zentsura mozioaren alde.

EAJk gaitzetsi egin du alderdia hainbat arlotan Cerdan, Abalos eta Koldoren auziarekin lotu nahi izatea. «Egiteko modu horiek gure kultura politikoaren eta balioen kontrakoak dira. Gainera, ez diote soilik erakundeen prestigioari kalte egiten: politikaren sinesgarritasuna auzitan jartzen dute, eta herritarren desafekzioa areagotu. Horrek guztiak ahuldu egiten du defendatzen dugun demokrazia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.