Nor den nor 'Koldo auzian'

'Koldo auziak' hari mutur ugari dauzka: ministro ohi bat, aholkulari izandako bat, enpresari bat, 'ikerketa kazetari' bat... Denak PSOErekin lotuak, eta adjudikazio publikoetan iruzur eginda enpresen komisioak jasotzeko trama batean nahastuak.

Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia, 2019ko abuztuan. MANUEL BRUQUE / EFE
Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia, 2019ko abuztuan. MANUEL BRUQUE / EFE
kristina martin
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahaspilatsua da Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria dimititzera behartu eta Espainiako Gobernua ataka estuan jarri duen kasuaren, hau da, Koldo auziaren mataza. Protagonista ugari ditu; tartean daude euskal herritar batzuk.

JOSE LUIS ABALOS

(ID_15005340) ESPAÑA PARLAMENTO MASCARILLAS
Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohia. RAMON DE LA ROCHA / EFE

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren oso gertukoa izan zen Jose Luis Abalos. 2018an, Mariano Rajoy Espainiako presidentea zela, PSOEk zentsura mozio bat aurkeztu zuen, eta irabazi. Sanchez izendatu zuten presidente. Gobernua osatzeko garaian, Abalos izendatu zuen Garraioko, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministro. PSOEko antolakuntza idazkaria zen 2017tik.

Abalosek harreman estua zuen Koldo Garciarekin: Abalosek gidari izana zuen ordura arte, eta, Garraio ministro bihurtu zenean, ministerioko egituran txertatu zuen Garcia, eta aholkulari izendatu. 2021ean, Sanchezek aldaketa handiak egin zituen gobernuan, eta Abalos izan zen gobernutik kanpo geratu zirenetako bat. Ministro kargua utzi zuen, baita Antolakuntza idazkariarena ere. Parlamentari eserlekuari, halere, eutsi egin zion 2024ra arte. PSOEko batzorde exekutiboak Abalosen dimisioa eskatu zuen orduan. Koldo Garcia atxilotu egin zuten urte horretako otsailean, COVID-19aren pandemia garaiko maskaren erosketa publiko batean iruzurra egin eta komisioak kobratzeagatik. Alderdi Sozialistak Abalosi eskatu zion diputatu akta uzteko, baina hark uko egin zion horri. Alderditik bota zuten, eta, orduz geroztik, talde mistoan dago.

Auzibideari erreparatuta, berriz, Auzitegi Gorenak ikertutakoen artean dago Abalos, Koldo auzian rol esanguratsua duelakoan. Zehazki, erakunde kriminala osatzea egozten diote, baita eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea ere.

KOLDO GARCIA

(ID_14523583) ESPAÑA CASO KOLDO
Koldo Garcia, deklaratu ondoan Espainiako Auzitegi Gorenetik irteten, iazko abenduaren 17an. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Koldo Garcia barakaldarra Uharteko (Nafarroa) zinegotzi izan zen 2011tik 2015era bitarte. Iazko otsailean, atxilo hartu zutenean COVID-19tik babesteko maskaren bitartez komisioak jasotzea egotzita, ez zegoen oso argi nolatan amaitu zuen bizkartzain ohi batek Madrilen, Abalos ministroaren ibilgailu ofizialeko gidari gisa, jakinda, gainera, horren aurretik ez zutela elkar ezagutzen. Gerora, 2019ko azaroan, Renferen merkantzia alorreko aholkulari izendatu zuen Abalosek, eta kargu hura izan zuen 2021eko irailera bitarte, hau da, Abalosek gobernua utzi arte.

Garciari aurpegiratu zioten gidari bati ez zegozkion ardurak izatea eta legez kanpoko sariak kobratzen ibiltzea. Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak susmoa du Cerdanen bidez eman ziotela Abalosen konfiantza osoko kargu hori Garciari. Behin aholkulari izendatuta, polizia ikerketen arabera, Garcia bera arduratzen zen enpresa batzuekin komisioak negoziatzeaz, kontratu publikoen adjudikazioak enpresa horien mesedetan moldatuta. Acciona eta Servinabar dira UCOren ikerketak agertzen diren enpresa horietako batzuk.

Abalosekin ez ezik, Cerdanekin ere bazuen harremana. Izan ere, Cerdanek eta Garciak Nafarroan ezagutu zuten elkar. Hain zuzen ere, 2015ean hasi zen fintzen enpresekin zuten lotura.

2024ko otsailekoa ez zen izan Garcia auzitegietan ibili zen lehen aldia. Nafarroako Probintzia Auzitegiak hura eta Espainiako polizia bat zigortu zituen 2011n, kamisetan Independentzia leloa zeraman 16 urteko gazte bati lesioak eragiteagatik 2010eko sanferminetan.

LEIRE DIEZ

(ID_15029627) ESPAÑA INVESTIGACIÓN UCO
Leire Diez, PSOEko kide izateari utzi ondoren eginiko agerraldian, joan den astean. CHEMA MOYA / EFE

Portugaleten (Bizkaia) jaioa da Diez, Kantabriako herri batean PSOEko zinegotzi izandakoa. Alderdi Sozialistako militante ere izan zen hamar urtez, eta ikerketa kazetari gisa definitzen du bere burua.

Maiatzean piztu zen polemika. Diezek grabatutako audio batzuk filtratu ziren hedabide kontserbadore batean. Horietan, Diez entzuten zen, ahalegina egiten informazioa lortzeko epaile batzuei, fiskalei, Guardia Zibilaren UCOko kargudunei eta kazetariei buruz. Pertsona horiek guztiek parte hartzen zuten PSOEri eta Espainiako Gobernuari kalte egin ziezaioketen ikerketetan.

Diezek adierazi du ikerketa kazetaritzako lan bat egiteko bildu nahi zuela jende horri buruzko informazio konprometitua. Bai Diezek bai PSOEk ukatu dute elkarren artean inongo harremanik izatea: Diezek esan zuen bere kasa jardun zuela.

Filtratu zituzten audioek harrabotsa sortu zuten PPren eta eskuineko zenbait eragileren artean, eta PSOEri leporatu diote Leire Diez lan zikina egitera bidali izana alderdi sozialistan dauden ustelkeria kasuak estaltzeko asmoz. PSOEk, ordea, eskuinaren estrategia bat dela adierazi du, eta PPri egotzi dio Espainiako Gobernuaren aurkako gerra zikina egitea.

Edonola ere, jakin da Diezek baduela nolabaiteko harremana PSOEko goi kargudun batzuekin. Gutxienez, lortu zuen haiekin argazkiak ateratzea, Diezen sare sozialetan ikusten den bezala. Horrela, Pedro Sanchezekin, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiarekin, Miquel Iceta ministro ohiarekin eta Jose Luis Abalosekin berarekin azaltzen da argazkietan. Santos Cerdanek ere aitortu du ezagutzen duela.

ANTXON ALONSO

Azken egunetan argitara atera diren izen-abizenetako bat da Antxon Alonso Egurrolarena. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, etekina ateratzen zuen Koldo Garciak herri lanen adjudikazioetan egiten zuen iruzurretik. UCOren arabera, Garciak, Abalosek eta Cerdanek komisioak eskuratzen zituzten enpresei adjudikazioak lortzearen truke.

Horretarako, Alonsok Servinabar 2000 izeneko enpresa eratu zuen 2015ean Garciarekin batera, eta ABEE aldi baterako enpresa elkarte bat sortu zuten Acciona eraikuntza enpresarekin. Herri lanen lizitazioetara aurkeztu, eta etekinak banatu egiten zituzten, polizia ikerketen arabera. Noran Coop-en sortzailea ere bada Alonso, eta Guardia Zibilaren arabera, enpresa horren jarduera ekonomikoaren parterik handiena «lotuta dago Nafarroako adjudikazio batzuekin». Lizitazio horietan Servinabar eta Accionarekin batera aurkeztu zen, ikerketan zehaztutakoaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.