Espainiako Kongresuko EAJko eledun Maribel Vaquerok Espainiako Gobernuari eskatu dio Txomin Letamendia Muruaren (Bilbo, 1901 - Madril, 1950) inguruko agiriei zentsura kendu eta argitara emateko. Iazko hondarrean, 75 urte bete ziren Letamendia militante abertzalea hil zenetik. Madrilen zendu zen, polizia frankistak eragindako «tortura fisiko eta mental larrien» eta «espetxeko baldintza penagarrien» ondorioz. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion aitor zezala Letamendi biktima gisa, «haren ohorea eta gogobetetze morala» berreskuratzeko, eta Jaurlaritzak eskaera onartu zuen, iaz; horren ondotik, aitortza eta erreparazio ekitaldi bat egin zion Ondarroako Udalak, Letamendiaren jaioterrikoak, eta beste bat Bilbokoak.
Bada, gaur, Vaquero jeltzaleak EAJko militante horren heriotzaren inguruko agiri guztiak argitara emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari, galdera sorta bat erregistratuz; era berean, idatziz erantzuteko eskatu du. Erregistratutako testuan, EAJk galdetu du ea Barne Ministerioak aurreikusi duen «auzi horri buruzko dokumentazioa ofizioz berrikustea, berma dadin informazioa eskuragarri izatea, hain zuzen ere ustezko erantzuleak identifikatzeari begira». Horrez gainera, eskatu du azaltzeko ea Fernando Grande-Marlaskak gidatzen duen ministerioak «segurtasun nazionalerako berebiziko interesekotzat jotzen duen» auzi hori; eta, hala bada, zergatia azaltzeko.
Tortura, kartzela eta heriotza
Joan den abenduaren 20an, 75 urte bete ziren Letamendia hil zela, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak hari buruzko dokumentazioa eskatu zion Barne Ministerioaren Artxibo Nagusiari, haren «ohorea aitortu eta lehengoratzeko». Eskaera hori haren heriotzaren urteurrenean egin zen, Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuaren bitartez. Baina jasotako dokumentazioak «zati zentsuratu asko ditu, batez ere torturak egin zituzten polizien eta haien hierarkian gorago daudenen izenak jaso beharko lituzketen orrietan».
Hori dela eta, informazio guztia emateko eskatu dio EAJko eledunak Espainiako Gobernuari, eta azpimarratu «sekretu ofizialen beste lege bat onartu beharra» dagoela, beste herrialde batzuetan indarrean daudenen parekoa. Vaquerok gogoratu du hamar urte baino gehiago daramatzala sekretu ofizialen beste lege bat eskatzen Kongresuan.
Txomin Letamendiren kasua ezaguna egin da azken urteetan, haren bizitzaren pasarte batzuk kontatzen baitira Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuan eta Asier Altunaren Karmele filmean.
Francoren aurkako erresistentziaren parte izan zen Letamendi Murua, eta Donostian eta Bartzelonan torturatu zuten. Gerra Kontseiluaren menpe, bost urteko zigorra ezarri zioten matxinadarako konspirazio delituagatik. Itaunketen osteko «endekapen fisiko eta psikikoak» eta ondoren Guadalajaran jasandako espetxeratzeak «heriotza eragin zioten», 1950eko abenduaren 20an.