Txomin Letamendi Muruaren auziari loturik, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak bi ekimen jarri ditu martxan, 1950. urtean Madrilen hil zuten EAJko militantearen aitortza insituzionalean eta egia judizialean urratsak egiteko. Letamendiri egindako torturen eta heriotzaren erantzuleen aurka jarritako kereila itxi ondoren iritsi dira GEBehatokiaren eta Letamendiren familiaren ekimen bi horiek; «oraintsuko memorian hutsune hori konpontzeko behar diren izapideak» dira, finean, bi ataletan.
Batetik, eskaera bat erregistratu dute Eusko Jaurlaritzak izaera instituzionaleko aitorpen pertsonalizatua egin dezan, «haren ohorea eta bidezko gogobetetze morala berreskura ditzan». Aitortza eskubide hori arautzen duen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legean oinarrituta egitea eskatu dute. GEBehatokiak zehaztu duenez, oraindik arautu gabe dagoen arren, prozedura horren bidez Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak lehen Eusko Jaurlaritzako sailburu Alfredo Espinosa Oribe aintzatetsi zuen apirilaren 1ean.
Bestetik, errekonozimendu judiziala egiteko tramiteak hasi dituzte, 20/2022 Memoria Demokratikoaren Legeak gaitutako «borondatezko jurisdikzioan» oinarrituta. Prozesu horrek ez dakar egileen jazarpen penala, «baizik eta gertakarien ziurtagiri judiziala», GEBehatokiak azaldu duenez. Ziurtagiri horrek honako hauek jasoko lituzke: «tortura, espetxean laguntzarik ez izatea, eta, azkenik, heriotza moduko gertaerak, eztabaidarik sortzen ez dutenak, inork zalantzan jartzen ez dituenak, baina epaitegi batek behin betiko berrestea eskatzen dutenak».
Datorren abenduaren 20an 75 urte beteko dira Txomin Letamendi hil zenetik; asteon, berriz, ekainaren 26an, Torturaren Biktimen Nazioarteko Eguna izango da, eta urtemuga horiek nabarmendu nahi izan ditu GEBehatokiak.
Kasu paradigmatikoa
Txomin Letamendi Murua (Bilbo, 1901 - Madril, 1950) Francoren aurkako erresistentziaren parte izan zen, eta Donostian eta Bartzelonan torturatu zuten, GEBehatokiak gogoratu duenez. Gerra Kontseiluaren menpe, bost urteko zigorra ezarri zioten matxinadarako konspirazio delituagatik. Itaunketen osteko «endekapen fisiko eta psikikoak» eta ondoren Guadalajaran jasandako espetxeratzeak «heriotza eragin zioten», 1950eko abenduaren 20an.
GEBehatokiaren ustez, hurrengo zazpi hamarkadetan «estatu torturak eta espetxeratzeak ekarri zutenaren kasu paradigmatikoa da» Letamendirena. Batetik, agenteek izandako zigorgabetasuna aipatzen du behatokiak, eta, bestetik, erakunde publikoek haren kasuari dagokionez izandako «utzikeria». Gaur egun, Letamendik ez du inolako aintzatespen ofizialik.
GEBehatokiaren ustez, zazpi hamarkadetan «estatu torturak eta espetxeratzeak ekarri zutenaren kasu paradigmatikoa da» Letamendirena.
Hori dela eta, haren seme-alabek prozesu judizial bat abiarazi zuten 2024ko abenduan, Donostiako 5. Instrukzio epaitegian kereila aurkeztuta, galdeketetan parte hartu zuten bi polizia frankisten erantzukizuna zehazteko, Fernando Escudero Arcocharena eta Jose Nogues Recoorena. Memoria Demokratikoaren Legeak babesten zuen salaketa hura; 2.3 artikuluan ezartzen du «gerra krimenek, gizateriaren aurkako krimenek, genozidioak eta torturek ez dutela preskribatzen eta ezin zaiela amnistia aplikatu».
Hala, Donostiako epaileak tramitera onartu zuen kereila, eta bi polizia frankistak ikertzeko diligentziak egin zituen. Baina Gipuzkoako Polizia Judizialak jakinarazi zuenez, salatutako lehena hilda dago, eta bigarrenari buruz, berriz, «ez dago informazio gehiagorik». Hala, epaileak Escuderoren heriotza ezarri zuen, eta Nogues ere hiltzat jo zuen; «erantzukizun kriminala azkentzeko kausatzat» jo zuen salaketa.
Familia, ados
Familia eta GEBehatokia ados egon ziren itxierarekin, epaitegiak «gutxienez ez zuelako 1977ko Amnistia Legea aplikatu», eta ikerketak hasi zituelako. GEBehatokiak uste du arraildura horrek bidea ireki beharko lukeela beste kereila batzuetarako, «hiltzaileak bizirik» dauden auzietan, esaterako; kasu batzuetan, gainera, ezagunak direla gogoratu du elkarteak.
«Instituzio publikoek —bai gobernuak, bai botere judizialak— ezin diote entzungor egin Estatuaren biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari», helarazi du GEBehatokiak.
Batera edo bestera, krimen horiengatik jarduerak irekitzea eskatzen zuten Espainiako Estatu osoko epaitegietan aurkeztutako 120 kereiletatik 115 ez dira onartu edo artxibatu egin dira. Horregatik, GEBehatokiak dio Memoria Demokratikoaren Legea, bere alderdi penalean, berandu iritsi zela. «Torturatzaileak desagertu ondoren, ezin da askoz gehiago egin. Hala ere, Letamendi Muruak oraindik ez dauka merezi duen aitortza instituzionala. Bere kasua ezaguna da, baina botere publikoek ez dute onartzen».
Egoera hori irauli eta aurrera egiteko helburua dute plazaratu berri dituzten ekinaldi biek; hau da, Jaurlaritzak izaera instituzionaleko aitorpen pertsonalizatua egiteko eskaera, eta errekonozimendu judiziala egiteko tramiteak hastea. Hain zuzen, Euskal Herrian «borondatezko jurisdikzioaren» bidea eskatzen den lehen kasua da Letamendirena. «Oraindik ezkutatuan dauden eta ukatzen diren gertaerei» atea ireki nahi die GEBehatokiak. «Instituzio publikoek —bai gobernuak, bai botere judizialak— ezin diote entzungor egin Estatuaren biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari», helarazi du elkarteak.