Espainiarekin «aldebiko» harremana izateko eskatu dute EAJk eta EH Bilduk

Biek ala biek nazio auzia lehenesteko beharra azpimarratu dute, «borondate demokratikoa estatu arrazoien menpe» ez uzteko. «Euskal Herria nazio bat da» esaldiaren bueltan bilduko dira bihar Bergaran.

EAJko eta EH Bilduko hautetsiek Gernikan ekainaren 18an eginiko agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
EAJko eta EH Bilduko hautetsiek Gernikan ekainaren 18an eginiko agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko uztailaren 17a
15:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Herria nazio bat da». Baieztapen horren bueltan elkartuko dira EH Bildu eta EAJ bihar, Bergaran (Gipuzkoa). Atzera begiratu dute, Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena baliatuta, «ez nostalgiaz, baizik eta erantzukizunez». Herriak dakarren «askatasun nahia» etorkizunera eraman guran bildu dira alderdiak; haien hitzetan, foruek islatu zuten «autogobernuaren espiritua» bilakatu dadin Euskal Herriak nazio gisa behar duen tresna politikoa. 

Euskal Herriak «hizkuntza, kultura eta nortasun historiko» propioa duela nabarmendu dute, «borondate kolektiboa» duena. EAJren eta EH Bilduren aburuz, borondate horrek errespetatua izan behar du, eta horretarako, komunitateak bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea praktikan jarri behar du.  

Ahalmenetik gaitasunera

Interpretazio historiko bateratua egin duten arren, «aurrez aurreko erronkei» begira jarri dira. Hala, euskal nazioaren aitortza «gaurko premia demokratikoa» da bi alderdientzat, eta ez iraganeko auzi bat. Horri bide emateko Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko bestelako harreman baten beharra dagoela mahaigaineratu dute, zehazki, «aldebikotasunean oinarrituko dena». Horretarako, «elkarrekiko errespetua eta bi subjektu politikoren aitortza» hartu dituzte elkarrizketarako abiapuntu beharrezko gisa. Gaineratu dute harreman horren garapenaren bidez «beste estatus juridiko eta politiko bat» jaio beharko litzatekeela.

Adierazpenean ez dute soilik Euskal Herria nazio gisa aitortu. Halaber, EAJk eta EH Bilduk azpimarratu dute nazio auzia lehenesteko premia dagoela: «Euskal herritarren borondate demokratikoa ezin da behin eta berriz muga juridikoen, interpretazio politikoen edo estatu arrazoien menpe utzi».

Bi alderdien iritziz, gaur egungo egoera ikusita, «botere politiko eraginkorra» ezinbestekoa da. Alegia, alderdiak ez dabiltza soilik erakunde edota eskumen eske, ezpada gaitasuna eskuratu nahian: «autogobernua gaur egungo erronken mailara eramango duen botere funts politikoaz» dihardute. Gaurko erronken artean kokatu dituzte, besteak beste, eraldaketa ekonomikoa, trantsizio energetikoa, ongizate estatuaren etorkizuna, migrazioak, euskararen biziberritzea eta babes geopolitikoa. Azpimarratu dutenez, «aldebikotasunean» oinarrituko den harremanaren bidez «estatus juridiko eta politiko berri bat» gauzatu beharra dago. 

«Iraganeko askatasun nahiaren» arrastoari segika

EAJk eta EH Bilduk «erantzukizunez» eta «memoriarekiko konpromisoz» begiratu gura izan dute atzera. Gogorarazi dutenez, 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieran, Euskal Herriko udal ordezkariak Bergaran elkartu ziren foruen abolizioaren mendeurrena gogoratzeko eta autogobernuaren aldeko aldarria berritzeko. Konpromisoa berritzeko eta horretan berresteko bilduko dira bihar Bergaran. Belaunaldi berriei ere dei egin diete bultza egitera, «konfiantzaz, demokraziaz eta herri honek bere historian zehar erakutsi duen duintasun berarekin».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA