Irudikatu Bergara (Gipuzkoa) 1976. urtean. Irudikatu herria modu bat bilatzen neurri berrira egokitzeko: frankismoaren amaierara eta trantsizio politikoaren hasierara. Irudikatu urte hartako uztailaren 21. egunean Euskal Herriko hainbat udal ordezkari elkarren ondoan, eserita edo zutik, euskal lurrentzako norabide posible bat bilatzen. Bada, huraxe litzateke, halakorik egin beharko balitz, Alkateen Mugimenduaren sorreraren deskribapena.
Egun hori, baina, dagoeneko bazen efemeride bat: mende oso bat igaroa zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erregimenaren aboliziotik. Eta efemeride haren eguna probestu zuten Alkateen Mugimendua sortzeko, Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernua aldarrikatzeko. Asteartean beteko dira 50 urte egun hartatik, eta mugimenduaren sortzaileek gertakaria oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo dute bihar Bergaran, baita foruen aboliziotik 150 urte igaro direla oroitarazteko ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak antolatu dute ekimena.
Orduko hartan Bergaran bildu ziren alkateek eta zinegotziek onartu zuten ez zela «samurra» beren gain hartutako ardura betetzea, baina ailegatua zela garaia herriaren eskubide politikoak «iraungi ezinak eta ukaezinak» direla aldarrikatzeko. Alegia, auziaren funtsa ez zetzala foraltasun zaharrean, baizik eta eskubide historiko horiek eguneratzean. Zehazkiago, foruek adierazten zituzten subiranotasun eremuak euskal nazioaren ikuspegitik proiektatu nahi zituzten, nola gaur egunera hala etorkizunera.
67 alkate eta hautetsi elkartu ziren 1976ko uda hartan: mugimenduaren sortzaileetako bi Jose Luis Elkoro eta Patxi Basauri izan ziren; hurrenez hurren, Bergarako eta Elgetako alkateak (Gipuzkoa). Biek ala biek aldarrikapen sorta bat egin zuten Bergaran: euskal preso politikoen amnistia, euskararen ofizialtasuna, ikurrinaren legeztatzea eta 1930eko Lizarrako Estatutuaren moduko autonomia estatutu bat sortzea. Zendu berria zen Francisco Franco diktadorea, eta frankismoaren ondorioak hezur-haragizkoak ziren Euskal Herrian. Hortaz, bide lausotu bati norabide zuzen bat bilatu nahian, herriaren bilakaera politikoan eta indar abertzale guztiak bat egiteko saiakeran aritu zen lanean Alkateen Mugimendua. Alta, ez zuten soilik udal ordezkariek parte hartu; ehunka euskal herritar batu ziren olatura.
Euskal Herriaren bilakaera politikoak nolakoa behar zuen erabakitzen eman zuten hasiera, baina kontu bat argi zeukaten: Nafarroak zeresana eduki behar zuela bilakaera politiko horretan. Horregatik aldarrikatu zuten, hain justu, estatutu bakar bat Hego Euskal Herriko herrialdeentzat. Bide batez, foruak berrezarri zitezela ere eskatu zuten.
Hasi-hasieran Bergarako taldea deitzen zioten mugimenduari, herrian sortu zelako eta inguruko jendea ibiltzen zelako haren bueltan, baina berehala zabaldu ziren taldearen mezuak herrialdearen gainerako lekuetara, eta Hegoaldeko Alkateen Mugimendu izena hartu zuen taldeak. Edonola ere, antolatzaileek kontatzen dutenez, desadostasun anitz eragin zituen mugimenduak, frankismoaren ondorioz oraindik orain «goiz» baitzen mezu ezkertiarrak zabaltzen hasteko. Udal anitz mugimenduaren kontra agertu ziren, eta bi jardun nagusi bereizi zituen horrek: udalen aldekoak eta aldaketaren aldekoak. Mobilizazio andana antolatu zituzten udalen kontra, eta salatu zuten administrazioak «frankistak» zirela oraindik.
Protesta sorta hark eman zuen fruiturik: hainbat herritako alkateak dimisioa ematen hasi ziren banan-banan. Horixe gertatu zen, kasurako, Arrasaten, Zarautzen eta Oiartzunen (Gipuzkoa), eta horrek modua eman zuen apurka-apurka udalak euskalduntzen hasteko.
Duela 50 urte mugimenduak zehaztu zituen helburu guztiak bete gabe dira oraindik, eta udal ordezkariek argi dute Euskal Herriak «autogobernurako eta burujabetzarako tresna gehiago» behar dituela «etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko».