EAJk eta PSE-EEk Gardentasun Legearen behin betiko idatzia itxi dute Eusko Legebiltzarrean, legea prestatzen ari den batzordean. Oposizioko alderdiek egindako ekarpenak aztertu, eta horietako batzuk aintzat hartu dituzte. Tartean, Sumarrek egindako ekarpen bat, Gardena erakundeko presidentetza izendatzeko Eusko Legebiltzarrak botere handiagoa izan dezan. Jeltzaleek eta sozialistek onetsi egin dute ekarpen hori, «kontrol demokratikorako mekanismoak» indartuko dituela iritzita.
Legearen sustatzaileek nabarmendu dute, gainera, oposizioko alderdi guztien ekarpenak izango dituela testuak, eta «funtsezkotzat» jo dute hori. Ez dituzte saihestu, ordea, EH Bilduren kritikak: alderdi horren ekarpen batzuk jaso dituzten arren, koalizioak berak adierazi du ez duela gobernuan borondaterik ikusten «gardentasuna benetan indartzeko». Kritikatu du egindako 130 ekarpenetatik hiru bakarrik hartu dituztela aintzat, eta iragarri du hurrengo batzordearen bileran kontrako botoa emango diola proposamenari.
Legea lantzen aritu den batzordeak apirilaren 22an egingo du hurrengo bilera, eta han onartuko du osoko bilkurara eramango den behin betiko testua. Espero dute uda aurretik egingo dutela legeari buruzko eztabaida eta bozketa osoko bilkuran, eta aurrera egingo du, okerrik ezean. Baziren lau bat agintaldi Gardentasun Legea egiteko proposamena mahaiaren gainean zuela Eusko Legebiltzarrak, eta EAJko eta PSE-EEko ordezkariek ontzat jo dute batzordeak egindako lana. «Kalitate demokratikoa» eta herritarrek erakundeengan duten konfiantza indartzeko «estrategikotzat» jotzen dute bi taldeek lege hori.
Horregatik, legearen mugarriaren garrantzia azpimarratu dute bi taldeek. EAJren izenean, Xabier Barandiaran legebiltzarkideak «legearen tramitazioan adostasunerako erakutsi den gaitasuna» azpimarratu du. Nabarmendu du testuak talde parlamentario guztien zuzenketak jasoko dituela. Horrek, EAJren iritziz, «legearen zilegitasuna indartzen du, eta erakusten du posible dela adostasunez politika erabilgarria egitea». Oposizioko alderdiek egindako 30 bat zuzenketa onartu dituztela zehaztu dute.
Gardena erakundea
Aldaketa horien artean esanguratsuena Gardena-Gardentasunaren Agintaritzako presidentea izendatzeko prozesuari buruzkoa da. Sumarrek proposatuta, prozedura aldatu dute testuan: Eusko Legebiltzarreko ordezkarien hiru bostenen babesa beharko da Gardena erakundeko presidentea izendatzeko. Alderdien arteko negoziazioak eta akordioak bultzatuko ditu sistema horrek, gehiengo absolutua ez baita aski izango erakunde berri horretako burua hautatzeko.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkariak adierazi du legea «txarra» dela oraindik ere, baina oztopatu dutela, behintzat, Gardena erakundeko burua Jaurlaritzak nahi bezala izendatzea. Gardenako presidentea izendatzeko prozesuak «publikoa, gardena eta meritu irizpideetan oinarritua» izan beharko duela jasoko du legeak, beraz.
PSEko legebiltzarkide Pau Blasik, berriz, esan du administrazioa «irekiagoa, adimentsuagoa eta gardenagoa» izateko pausoa eman dutela, eta lege berriarekin herritarren parte hartzearen aldeko apustua egingo dutela, «haien inplikaziorako» bide berriak ireki, eta «herritarren ahalduntzea» bultzatu.
EAJren eta PSEren hitzetan, legeak «jauzi kualitatibo bat» ekarriko du gardentasunaren, informazioa eskuratzeko eskubidearen eta gobernu onaren arloan. Iragarri dute lankidetzazko eta deliberaziozko gobernantza prozesuak sustatuko direla, «politika publikoen zilegitasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna indartzera bideratuak».
EH Bildu, aurka
EH Bilduk, baina, testu horren aurkako botoa emango duela iragarri du. Lege proiektuaren tramitazioan argi geratu baita, koalizioaren ustez, ez EAJk eta ez PSEk ez dutela «apusturik egiten gardentasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin». Koalizioak salatu du Jaurlaritzako bazkideek atzera bota dituztela EH Bilduren proposamen «gehien-gehienak». EH Bilduko legebiltzarkide Lamia Arcasen esanetan, «idatziak gabezia nabarmenak ditu, eta aukera galdua da gardentasun erreal eta eraginkorraren aldeko apustu politiko sendo bat egiteko».
Arcasek gogoratu du lege horren tramitazioan koalizio independentistak helburu zuela «gardentasun indartua, betebehar eta kontrol zorrotzak, jardunbide egokien erregulazioa eta arau aztarnaren trazabilitatea bermatzea». Horretarako, 127 zuzenketa aurkeztu zituen EH Bilduk, eta 107 ez dituzte aintzat hartu EAJk eta PSEk. «Ondorioz, legebiltzarretik aterako den legea ez da aurrerapauso kualitatibo bat izango politika publikoetan eta administrazioen kudeaketan gardentasuna indartzeko», esan du Arcasek.
EH Bilduk ziurtatu du legeak ez duela bermatuko Gardena erakundearen independentzia, «ezta babes neurririk ezarriko ere salaketa bat egiten duten informatzaile guztien eskubideak bermatzeko». Lobbyen jarduna ere behar bezala arautu gabe geratuko da, haren arabera, eta ez dituzte aintzat hartu Herritarren Parte Hartzerako Legeaz eta adimen artifizialaren eta algoritmoen inpaktuaz EH Bilduk egindako ekarpenak ere. «Uko egin diote Herritarren Parte Hartzerako Lege proiektu bat aurkezteko obligazioa onartzeari, nahiz eta agerikoa den kontsulta prozesuak arautzea premiazkoa dela, eta mespretxatu egin dute adimen artifizialak dagoeneko duen inpaktua».