EAJk eta PSE-EEk Hondarribiko berdintasun planaren aurka bozkatu izana defendatu dute legebiltzarrean

Berdintasun Legea betearazteko eskatu dute Jaizkibel konpainia parekideko kideek Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean, baina berdintasun planaren parte-hartze prozesuaren inguruan katramilatu da eztabaida.

Jaizkibel konpainia, iazko irailaren 8an, Kale Nagusian gora, emakume batzuk bizkarra ematen ari zitzaizkiola. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainia, iazko irailaren 8an, Kale Nagusian gora, emakume batzuk bizkarra ematen ari zitzaizkiola. AITOR KARASATORRE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko ekainaren 10a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaizkibel konpainia parekideak «oso larritzat» jo du Hondarribiko (Gipuzkoa) EAJk eta PSE-EEk herriko berdintasun planaren aurka bozkatu izana, Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean gaur egindako agerraldian. Kezka horren inguruan, ordea, autokritikarik ez da izan bi alderdion hitzetan; are, defendatu egin dute Hondarribiko udalbatzan izandako jarrera, eta herriko jeltzaleen eta sozialisten argudio bera erabili dute: Hondarribiko Emakumeak taldearen parte hartzerik gabe landu zela plana. Jaizkibelek gezurtatu egin du: «Gu beti egon gara hitz egiteko prest, baina haiek ez dute gurekin eseri nahi izan».

Martxoko udalbatzan onartu zuten Hondarribiko berdintasun plaza, Abotsanitzen eta EH Bilduren aldeko botoei esker. 124 jarduera jaso zituen, horietako bi, alardearen ingurukoak. Ixabel Alkain Jaizkibeleko lehen kapitain izandakoak adierazi du planak «itxaropena» piztu duela, baina «oso gogorra» izan zela jeltzaleek eta sozialistek aurka egitea: «Larria litzateke alardeari buruzko bi puntuei ezetza ematea, baina plan osoari ezetza eman izana oso larria da».

«Zuen laguntza behar dugu, alderdi guztiek lan egiten dezazuen hemen emakumeen parte hartzearen aurka dauden kideekin»

IXABEL ALKAIN Jaizkibel konpainiako kidea

Kezka hori plazaratzeaz gain, eskaera bat ere egin diete alderdietako ordezkariei: EAEko Berdintasun Legea betearaztea. Alkainek gogora ekarri du konpainia parekideak mila kide baino gehiago dituela, baina Hondarribiko alardetik kanpo dagoela emakumeek soldadu gisa desfilatzen dutelako. «Zuen laguntza behar dugu, alderdi guztiek lan egin dezazuen hemen emakumeen parte hartzearen aurka dauden kideekin».

Alderdien txandan, Patricia Campelo sozialistak hartu du hitza lehenik. Nabarmendu du PSE-EEk berdintasunaren alde duen jarrera ezin dela auzitan jarri, eta Hondarribiko planarekiko jarrera «prozesuaren inguruko kezka» baten ondorio dela: «Berdintasun mahaiaren eraikuntzan ahots batzuk faltatu izan dira. Ez dugu auzitan jartzen gai hau berdintasunaren ikuspegitik jorratu behar denik, sentsibilitate guztiak kontuan hartuz, kolektibo guztiekin batera, baita Hondarribiko Emakumeak taldearekin ere. Berdintasuna ahots guztiak txertatuz eraikitzen da».

«Berdintasun mahaiaren eraikuntzan ahots batzuk faltatu izan dira. Ez dugu auzitan jartzen gai hau berdintasunaren ikuspegitik jorratu behar denik, sentsibilitate guztiak kontuan hartuz, baita Hondarribiko Emakumeak taldearekin ere»

PATRICIA CAMPELO PSE-EEko legebiltzarkidea

Antzera mintzatu da Marijo Etxegoien EAJko legebiltzarkidea. Berdintasunaren aldeko konpromisoa berretsi du, jeltzaleak «aitzindari» izan direlakoan, adibidez, Emakunde sortzen. Baina herriko ordezkarien jarrera bera defendatu du ondoren: «Udalbatzan parte-hartze prozesuaren aurka bozkatu genuen, Hondarribiko Emakumeak taldeak ez zuelako parte hartu, baina ez planaren aurka». Erantsi du legebiltzarrak ezin duela herri bateko «elkarbizitza dekretatu», eta aurrerapenak herrian eraiki behar direla, «hitz eginez».

Jaizkibelgo kideek, ordea, ukatu egin dute Hondarribiko Emakumeei parte hartzea ukatu egin zitzaiela. «Prozesua mundu guztiari irekita egon zen, eta haiek parte hartu egin zuten, alardea hitza agertu zen arte. Gai hori baztertzea eskatu zuten, eta hori ezinezkoa zen, Emakundek berak emandako irizpideen aurkakoa. Ez daude berdintasun mahaian ez dituztelako alardeari buruzko puntuak onartzen», azaldu du Alkainek. Nora Ferreira Jaizkibelgo egungo kapitainak gogora ekarri du Hondarribiko Emakumeak taldearen helburu nagusia dela emakumeek alardean berdintasunez parte hartzearen aurka egitea. «Elkarrizketa aipatu duzuela, Jaizkibelek 30 urte daramatza haiekin hitz egin nahian, baina haiek ez dute inoiz gurekin eseri nahi izan, ezta bitartekariek eskatuta ere», gehitu du.

«Udalbatzan parte-hartze prozesuaren aurka bozkatu genuen, Hondarribiko Emakumeak taldeak ez zuelako parte hartu, baina ez planaren aurka»

MARIJO ETXEGOIEN EAJko legebiltzarkidea

Ildo horretan, EH Bilduko legebiltzarkide Diana Urreak adierazi du «gezur» bat dagoela Hondarribiko Emakumeen partaidetzaren inguruan: «Talde horrek ekarpenak egin zizkion planari, eta batzuk onartu egin ziren, baina alardeari buruzkoak, ez». Oroitu du aurten 30 urte beteko direla Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazka hasi zenetik, eta «serio» jartzera deitu ditu talde politikoak: «Berdintasunaz ari gara: legea betearaz dezagun».

Konpainia parekideko kideen mintzaldia entzun ondoren ere, beren jarrerei eutsi diete sozialistek eta jeltzaleek. Are, Alkainek esan duenez parte-hartze prozesuari buruzko azalpena «gezur» batean oinarrituta zegoela, Campelok «kontentzioa» eta «errespetu instituzionala» galdegin dio, eta Etxegoien ere haserre agertu da EH Bildurekin, Urreak gezur hitza erabili duelako. «Berdintasun plan bat ezin da jaio emakume batzuk baztertuta sentitzen badira. Berdintasuna ez da betoekin eraikitzen, baizik eta denei entzunez», ondorioztatu du PSEkoak. «Berdintasuna ez da eraikiko elkarri entzun gabe. Horrela ez duzue aurrera egingo», gaineratu du EAJkoak. Adierazpenoi erantzun die Nora Ferreira kapitainak: «Herri bat ezin da eraiki emakumeak baztertuz».

ZER DIO BERDINTASUN LEGEAK?

2005ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta berariaz Irungo eta Hondarribiko alardeetako gatazketan aplikatu beharreko puntu bat jaso zuen, 25. artikuluan —2022an legea berritu ondoren, 28. artikuluan ageri da—: «Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan». Eta honako hau erantsi zuen, instituzioez eta haien ordezkariez: «Euskal herri-administrazioek ezin izango diote jarduera horri inolako laguntzarik eman, edo administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan administrazioaren ordezkari gisa parte hartu». Alkateek eta bestelako karguek, ordea, txalo egin diete alarde baztertzaileei urteetan; berriki hasi dira desfile mistoei harrera egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE