EAJk eta PSE-EEk itxi egin dute udaletako eta aldundietako akordioa, ohar bidez jakinarazi dutenez. Adierazi dutenez, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundetako emaitzek hauteskunde «mapa plural eta zatikatua» utzi dute, eta hori ere «euskal gizartearen aniztasunaren» isla da. Hori horrela, eta egun bizi dugun «egoera konplexua» kontuan hartuta, bi alderdiek hauxe diote: «Herri hau gidatzeko asmoa dugun alderdi politikook derrigortzen gaitu gobernagarritasuna eta erakundeen egonkortasuna bermatuko duten akordioak bilatzera».
Ildo horretan, EAJk eta PSE-EEk azpimarratu dute 2015etik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiak koalizioan gobernatu dituzten tokietan «asebetetze maila altua» utzi dutela, eta ulertzen dutela eurak direla «elkarren kolaboratzaile» gisa helburu horiek ondoen bete ahal dituztenak. Hau dio akordioak: «Horregatik, itun hau sinatzen dugun alderdiok beharrezko jotzen dugu, egin ahal den tokian, akordio hau berriz gauzatzea eta, gobernagarritasuna bermatzetik harago, oinarri garbiak izatea, ondorengo erronkei aurre egin diezaiegun: zerbitzu publikoen babesa, desparekotasun egoeren kontrako borroka, gizartearen aurrerabidea eta justizia soziala, eta euskal gizarteak egun dituen erronka handiei erantzutea: klima aldaketa, erronka demografikoa eta ekonomia produktibo berri baterako ibilbidea, enplegu eta laneko eskubide berriekin». Halaber, beharrezkotzat jo dute udal politikak indartzeko bidean aurrera egitea, udalei finantzaketa nahikoa emanez.
Hori guztia oinarri harturik, alderdi politiko biek adostu dute koalizio gobernuak eratzen laguntzea eta horretarako modua ematea foru aldundi eta udal guztietan.
Azken ordukoa
EAJk eta PSEk «instituzioen gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute
Bi alderdiek jakinarazi dute itunarekin koalizio gobernuak eratzen lagunduko dutela foru aldundi eta udal guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu